Meta! 14 kultura proiektu atera ditu crowdfunding kanpaina baten bidez
Meta! 14 kultura proiektu atera ditu crowdfunding kanpaina baten bidez
• Meta! Proiektu kulturaletan mikromezenasgoaz edo crowfundingaren bidez parte hartzeko eta finantzatzeko programa da. Aldundiak matchfunding-eko 70.000 euroko ekarpena jarri du Goteo fundazioaren bidez, herritarrek proiektuetarako egin ditzaketen ekarpen indibidualak osatzeko.
- Kultura Departamentuaren ekarpenaren muga 4.700 euro izango da proiektuko. Departamentuak proiektuek biltzen duten kopuru bera ekarriko du, aipatutako mugarekin. Bilketa kanpaina irailaren 19an hasiko da.
Denis Itxasok esan duenez, «ekimen honek eragile eta ekimen berriak dakartza, kulturari iraunkortasuna ematen dio, eta eredu parte-hartzaile eta eraldatzaile baterantz garamatza».
Denis Itxaso Kultura diputatuak crowfounding kanpaina baten bidez aterako diren 14 kultura proiektuak aurkeztu ditu gaur. Proiektuok Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Goteo plataformak sustatzen duten META mikromezenasgoko azken deialdikoak dira.
Hiru edizio arrakastatsuren ondoren, guztira 49 proiektu atera direlarik eta 454.227 euro banatu direlarik, METAk badaki konfiantza sortzen, interesa pizten du eta Gipuzkoan tresna nabarmen bat da, kultura eragileen eskura dagoena, tokiko ehuna aberasten eta indartzen ari diren ekimenak finantzatzeko. Hauek dira deialdi honetarako hautatutako proiektuak. Beraien crowdfoundig kanpainak irailaren 19an argitaratuko dituzte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren matchfunding pizgarria izango dute.
Nahiz hamabost izan ziren hautatutako ekimenak, batek baja eman du azken unean, Foru Aldundiarekin eta Goteo fundazioarekin zerikusia ez duten arrazoiengatik. Ondorioz, hamalau izango dira azkenean.
META!rako hautatutako ekimenak 2019
- Gipuzkoa (Nomad Studio Art kultura elkartea): argazki artxibo bat Gipuzkoako herri txikietako jendearen erretratuekin, argazki estudio nomada baten bidez: La Bitxa izeneko autokarabana. Argazkilari bikote honek argazkigintza udalerri eta komunitate txikietara gerturatu du, erretratu horiek tokiko ondare izan daitezen, hartara aldarrikatzeko herri baten nortasuna partekatzea betiko memoria bizirik mantentzea dela.
- Gipuzkoako memoria bakezalea (Gogoan elkartea, memoria duin batekin): memoriaren artxibo bat sortzea, terrorismoaren eta indarkeriaren aurkako erreakzio baketsua biltzen duena. Bakearen borrokalarien kontaketa. Artxibo honek Gipuzkoan lehen antolakuntza bakezaleak jaio zirenetik ETA amaitu arte bakearen alde lan egiten zutenen elkarrizketak biltzen ditu.
- Errautsak hauspotzen (Sanagustin Azpeitiko Kultur Kooperatiba): Urolako eskualdea ezaguna da trikitiaren sehaska izateagatik, dela zaletasun handia dagoelako musika horretara, dela trikitilari asko eman dituelako historian zehar. Proiektu honetan, eskualde honetan trikitiaren inguruan 60/70 urteetan sortu zen kultura ondarea bildu eta transmititzen da. Fenomeno horri balioa emango dio, kulturari eta euskarari egin dion ekarpena, dokumental bat, liburu bat eta trikitilarien bideografia bilduma bat argitaratuz.
- «Plastic Family» komikia (Panthalassa): «Plastic Family» instalazio artistikoa, Gipuzkoako eta Iparraldeko hondartzetan aurkitutako plastikozko aztarnekin egin zena, Donostiako eta Biarritzeko hondartzen izan zen. Orain, Panthalassa kolektiboak «Plastic Family» komikia sortu du, Aritz Trueba euskal ilustratzailearekin batera. Egunero itsasoan amaitzen duen hondakin piloaren berri eskoletan eta espazio publikoetan zabaltzen jarraitzeko, hartara kontzientzia bat sortzeko gure egunerokoan, konponbideak sortzera animatzeko eta itsasoaz gozatzen jarraitu dezagun eredu ona emateko.
- Izadi Eskola Librea (Izadi Eskola Librea): proiektu hau jaiotzen da Eskola Libre bat sortzeko asmoz, 3-12 urteko neska-mutikoei zuzendua, Donostialdean, erantzun emateko egungo gauzen ordenarekin pozik ez dauden gurasoen eskaera gero eta handiagori. Aukera pedagogiko alternatibo bat bat-bateko ikasketa prozesua sustatzeko: prozesu abegitsu bat, ekologikoa eta euskararen transmisioa zaintzen duena kulturaren eta identitatearen altxor gisa.
- There is someone behind (Bask): Asian dokumental bat grabatu zuten modaren industriak duen inpaktuaren inguruan. Orain, arropa marka jasangarri honek erabaki du zerbait egin behar duela eta nolabait aurre egin behar diela modaren industriaren ondorioei. Izan ere, munduko bigarren industria kutsagarriena da. Horrela, Bangladeshen joskuntza lantegi sozial bat sortzea bururatu zaie, proiektu jasangarri bat sozialki, ingurumenari begira eta ekonomikoki.
- Veggie Karmak barazki gazta bat sortzen du txakolinarekin (Veggie Karma): gastronomia natural eta osasuntsuko proiektu bat, Gipuzkoako txakolinarekin beratutako barazki gaztak sortzeko. Ekoizpen arduratsuko metodoekin egina, batez ere ekoizle txikien tokiko osagaia erabiltzen dituzte. Hornitzaileek konpromisoa dute proiektu sozialetan eta ingurumenekoetan, eta hondakinen murrizketan.
- (Faster, Puxika): izuzko film labur bat, zeinak salatu nahi baitu «Glovo» eta antzeko banatzaileen lan prekarietatea. «Slasher» generotik eta 80ko izuzko zinematik asko du lanak. Carpenter, Craven edo Argento dira inspirazio iturri. Hartara, generoko zinemaren aldarrikapen bat ere bada, erakusten baita salaketa soziala egiteko “trakeskeriak” eta “gordinkeriak” ere balio dutela.
- Irun, historia erraldoia (Ondare Kulturelkartea): irabazi asmorik gabeko kultura elkarte bat, tokiko kultura sustatzeko lan egiten duena. Orain bere erraldoi eta buruhandien konpartsa handitu nahi du, erraldoi gehiagorekin, ume gehiago sar daitezen. Irungo eta Euskal Herriko historia ezagutzera ematea eta iraunaraztea erraldoi eta buruhandien bidez, berdintasuna, begirunea eta adiskidetasuna landuz.
- Kanideren Abenturak (Iñaki Sainz de Murieta): itzultzea eta euskaraz argitaratzea Iñaki Sainz de Murietaren «Las aventuras de Kanide» historiaurreari buruzko gazte bildumaren bost bolumenak. Ilustrazioak Miguel Berzosarenak dira. Obra Gipuzkoan barrena gertatzen da. Ekain haitzuloa eta flyscha nabarmentzen dira.
- M.A. Project - «Oinarrizkoaren bilaketa» (Miles Along): proiektuaren bigarren fasean, #slowfashion-eko marka honek arropa errazak sortuko ditu familiaren egunerokorako. Borro artilearekin eginak, ehun jasangarriak batuz kontsumo arduratsu eta ingurumenarekiko abegitsu bat eta hazkuntza natural batekiko konpromiso soziala sustatzeko, familien garapenerako oinarri gisa.
- GauGau estudioa (Guillermo Iraola): Lasarte-Oriako Zumaburu auzotik, proiektu honen helburua da espazio bat kudeatzea bertan erabiltzaileen sorkuntza garatzeko, edozein maila sozialeko pertsonak artera eta sorkuntza prozesuetara iristeko. Kanpaina honen helburu nagusia da 500 orduko ikastaroak banatzea, kolektiboek eta proiektuaren gertuko elkarteek finantzatuak, horrela herriko ehun sozial eta kulturalean integratzeko.
- Beethoven omenduz (Kamerata EusKdivarius): Beethovenen omenaldi bat jaio zeneko 250. urteurrenean. 9 sinfoniak joko dituzte Gipuzkoa osoan barrena. Kamerata EusKdivarius ganbarako orkestra bat da, inklusiboa, euskal musikariek osatua, pasioz beteta dauden gazte eta profesionalak biltzen dituena, eta musika klasikoa modernitatearekin eta teknologia berriekin lotzen dituena.
- Pioren istorioak (MatiaZaleak): Pio Zegamako idazle bat da. Osasuna eta adina direla eta, Matia Fundazioaren zentro batean bizi da. Argitaratu ez diren kontaketa eta ipuin sorta bat da. Beraz, proiektu honen xedea da legatu hori editatu eta argitaratzea. Kultura, tradizioak eta tokiko historia aditzera ematea, baina inklusioa ere bai.
Edizio honetan 38 proiektu aurkeztu dira. Horietatik 35 ebaluatu ziren, baina kopurua baino, interesgarriagoa da urtetik urtera ekimenak indartu egiten direla eta urrats bat gehiago ematen dutela. Izan ere, nabarmentzen dute kultura kritikoago bat behar dugula, inklusiboa, proaktiboa eta jasangarria. Kultura bat erdigunean pertsonak jartzen dituena, errespetuan eta enpatian heziz, eta bazterketa egoeran erortzeko arriskuan daudenak zainduz; ingurumena zaintzen duen kultura bat, proposamen ekologikoak egiten dituena, slowfood eta slowfashion; auzoen aldeko apustua egiten duen kultura bat, lotura apurtuak berreraikitzen dituena, komunitateak eta harremanak sortuz; memoria eta ondarea zaintzen duen kultura bat, kontzientzia soziala sortzeko.
Kulturako diputatuak adierazi du: «programa honekin lagundu nahi dugu kulturgintzan ekimen berritzaileak eta eragile berriak sortzen eta, halaber, horiek sendotzen, ezagutza eta jokaera modu berriak ahalbidetuz. Orobat, politika berri bat da kultura proiektuak finantzatzeko. Gardenagoa da laguntzak ematean eta gizartearen inplikazioan. Laburbilduz, proiektu kultural interesgarriagoak dira».
2147