Mexikon dagoen Gipuzkoako ordezkaritzak herrialde horretan dauden euskal enpresekin bilera egin du
Mexikon dagoen Gipuzkoako ordezkaritzak herrialde horretan dauden euskal enpresekin bilera egin du
Queretaro, Guanajuato eta San Luis Potosi bezalako hirietan dauden 20 enpresek euren esperientzia partekatu eta dituzten kezkan helarazi dituzte
Ainhoa Aizpuruk, Sustapen Ekonomiko, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Gipuzkoako diputatuak, zuzendu du gaur Gipuzkoako ordezkaritzak Mexikon ezarrita dauden 20 enpresekin egin duten bilera, aste honetan zehar Mexikon egiten ari den erakunde eta enpresa misioaren barruan. Topaketa horretan, Mexikon kokatuta dauden enpresetako arduradunek euren esperientzia partekatu dute eta euren kezka eta beharrak zein diren adierazi dute.
Foru diputatuarekin batera, Antton Tomasena Sustapen Ekonomikorako zuzendaria, eta Gipuzkoako ordezkaritza osatzeko Gipuzkoako Ganberako zuzendari Endika Sanchez eta Gipuzkoako Ganberako Enpresa Garapenerako eta nazioartekotzerako zuzendari Amaia Ferro ere bertan izan dira. Era berean, bileran izan dira SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriola, SPRIko Operational Manager Jorge Fernandez eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren enpresa arduraduna Mexikon, Irakusne Incierte.
Gaurkoa Mexikora egindako erakunde eta enpresa misioaren agendan jarrita zegoen zitarik garrantzitsuena zen. Bidaia hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Biziberritzeko Planaren barruan sartzen da. Ordezkaritzaren arabera, deialdia arrakastatsua izan da, Queretaro, Guanajuato eta San Luis Potosi hirietan kokatuta dauden 20 euskal enpresetatik 28 arduradun bertaratu direlako.
Bileran, Ainhoa Aizpuruk Gipuzkoako misioaren helburuen berri eman du, eta horien artean daude: enpresekin harreman estuagoa mantentzea, Gipuzkoako enpresei atzerrian laguntzea eta Gipuzkoako merkatua mundura zabaltzen laguntzea.
Mexikon kokatuta dauden enpresek adierazi dute kezkatuta daudela kualifikazio tekniko egokia duten langileak falta direlako euren enpresetan lanean hasteko, eta langile teknikoak gaitu eta formatu ondoren soldata kontuengatik errotazioa gertatzen dela (are gehiago gazteetan). Horrez gain proposatu dute euskal administrazioek formazio bikoitzaren euskal eredua Mexikora eramaten lagun dezatela, pertsonen formaziorako eredu bikaina baita.
Asko aipatu den beste kezka bat da Euskadin dauden enpresa traktoreak osagaiez eta zerbitzuez hornitzen dituzten euskal enpresek ez dietela hauei jarraitzen Mexikon kokatzean, eta Mexikon hazkuntzarako potentziala eta negozioak nazioartean garatzeko aukera asko daudela. Arazo honen ondorioz Gipuzkoako enpresa berrientzat negozio aukera berriak sortzen dira Mexikoko merkatuan.
Mexiko da atzerrian Gipuzkoako enpresa gehien hartzen dituen herrialdea. Kasu gehienetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren programek lagunduta kokatu dira bertan; orain arte Gipuzkoako enpresek, Foru Erakundeak lagunduta, Mexikon izan duten zabalkundea honakoa izan da: 17 produkzio enpresa, 47 bultzada komertzial eta proiektu traktoreek lagundutako 18 enpresa.
2221