Mikroalgak CO2 isurketak eta negutegi efektuko gasen emisioak murrizteko
Mikroalgak CO2 isurketak eta negutegi efektuko gasen emisioak murrizteko
Asensio: “Teknologia berdeen ikerketak ekonomia zirkularraren sektorean enpleguaren sorrera bultzatzen du Gipuzkoan”.
Ingurumeneko Departamentuak eta Ceit-IK4 zentroak hitzarmena sinatu dute mikroalgak erabiltzeko prozesuaren ikerketan aurrera egiteko eta negutegi efektuko gasen emisioak gutxitzeko, zehazki CO2 isurketak.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok, eta Ceit-IK4 zentroko gerente José Ignacio Terresek hitzarmen bat sinatu dute zentro horrek, mikroalgen alorrean, egindako ikerketan aurrera egiteko, zehazki, mikroalgak uren tratamendurako erabiltzeko ikerketan. Ceit-IK4 zentroko Ura eta Hondakinak taldeko ikertzaileek, mikroalgetan oinarritutako teknologia baten oinarriak ezarriko dituzte, eta, teknologia horren arabera, hondakin-urak garbitu ahal izango dira eta esparru ezberdinetan erabili berriro.
Mikroalgek eguzkiaren argia erabiltzen dute energia iturri gisa eta CO2 karbonoaren iturri inorganiko gisa, mantenugaiak kontsumituz eta oxigenoa sortuz. Beraz, haien bitartez, ur-hondakinak garbitzea lor daiteke kutsadura maila gutxituz eta ingurumenean sortzen duten presioa murriztuz. Aldi berean, eragin positiboa du berotze klimatikoaren eta klima aldaketaren aurrean.
José Ignacio Asensio foru arduradunak azaldu duenez, bere Departamentuak aurrera egin nahi du ingurumena hobetzeko bidean, ekonomia zirkularra sustatzeko ahaleginean eta klima aldaketa arintzeko eta egoera horretara egokitzeko neurria bultzatzeko prozesuan. “Mikroalgek CO2 isurketak gutxitu ditzakete modu eraginkorrean eta teknologia berdeen inguruko ikerketa alorra zabaltzen dute zeinek posible egiten duen sektore hau bultzatzea eta Gipuzkoan ekonomia zirkularrarekin zerikusia duten enpleguak sortzea”, adierazi du Asensiok.
Zentzu horretan, 2018ko hitzarmenari jarraikiz, bideragarria izan den plataforma esperimental bat sortzea sustatu zen, eta horren bitartez aldez aurretiko informazio ugari lortu da. Ikerketa zentro horrek berak plataforma hori proban jarri nahi du benetakotik hurbil egongo den egoera batean, haren funtzionamendua optimizatzeko aplikatu beharreko kasu jakinean, hau da, hondakin uren kasuan. Ikerketa etapa berri horrek hainbat ekintza izango ditu, hala nola, biomasa hazten laguntzeko euskarri plastikoen erabileraren balorazioa, xede bererako CO2 erabiltzea, mintz bidezko filtrazioa eta are algen biomasaren balorizazioa. Mikroalgen ekoizpena ahalik eta hobekien kontrolatzeko, ezinbestekoa izango da prozesuaren jarraipena egiteko ekipoa hobetzea.
Sinatutako hitzarmenaren bidez proiektu interesgarri honen oinarriak jarriko dira; izan ere, entseguetarako plataforma esperimental bat sortu da aipatutako teknologiaren funtzionamendua optimizatzeko.
1654