Mugikortasun Departamentuak Guztiok Mugituz sariarekin aintzatetsi ditu GEHITU-k 25 urtetan LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde egindako aktibismoa
Mugikortasun Departamentuak Guztiok Mugituz sariarekin aintzatetsi ditu GEHITU-k 25 urtetan LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde egindako aktibismoa
Mugikortasun Departamentuak Guztiok Mugituz sariarekin aintzatetsi ditu GEHITU-k 25 urtetan LGTBI+ kolektiboaren eskubideen alde egindako aktibismoa
Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak saria eman die GEHITU Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteko ordezkariei, elkarte horrek bere 25 urteko ibilbidean eskubideen alde egin duen lanagatik.
Rafaela Romero, Mugikortasuneko diputatua: «GEHITUk LGTBI+ pertsonen eskubideen bisibilizazio, babes eta defentsaren alde egin duen borroka nekaezintasunaren eta konstantziaren adibide da. Bere aktibismoa inoiz baino beharrezkoagoa da orain, oraindik ere oztopo asko daudelako gainditzeko, eta gainera eredu direlako Europako hainbat leku eta kolektiborentzat».
Guztiok Mugituz Saria 2017an sortu zen askatasunez mugitzeko eskubidea aitortzeko, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak urtero ematen duen sari hau gaur banatu da Donostiako Tabakalera eraikinean. Seigarren edizio honetan, GEHITU Euskal Herriko lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteak jaso du saria, pertsonek gure gizartearen esparru guztietan berdintasunerako eta askatasunez garatzeko duten eskubidearen aldeko aktibismoa aintzatesteko.
Ekitaldia hasteko hitzaldian, Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak adierazi duenez, «Ikusten ari gara fanatismoa eta intolerantzia pil-pilean daudela, eta eskubideak galtzeko arriskua geroz eta argiagoa dela. Hartara, oso adi egon behar dugu berriz ere ezkuta ez gaitzaten. Ez gaitezen etxeko lau hormen artean gorde, edo armairu ilunetan sartu. Inoiz baino ozenago hitz egin eta defendatu behar dugu gure aniztasun zoragarri hau. Ez da desagertzeko unea; aurkakoa baizik, ertzak behin betiko uzteko ordua da, espazioak okupatzen jarraitzeko. Espazio guztiak. Askatasunean eta berdintasunean».
Curro Peña, ILGA World erakundeko aholkularia: «Europa guztian LGTBI pertsonen eskubideen aurkako erreakzio oso sendo eta koordinatua ikusten ari gara. Ultraeskuin globalak behar zuen erruduna aurkitu du sexu eta genero aniztasunean. Europako gizarteetan oraindik ere badagoen LGTBI pertsonen inguruko ezjakintasuna eta arbuioa baliatzen dituzte aniztasunaren eta demokraziaren aurkako arbuio bihurtzeko. Imajinario kolektiboan lotura argia egin dugu LGTBI pertsonak babestearen eta Europa bateratu eta demokratikoaren ideiaren artean. Horregatik, Europan integrazio handiagoaren aurka azaltzen diren hainbat buruzagi eta mugimendu autoritariok, Viktor Orbán kasu, LGTBI pertsonak deabrutzen dituzte. Horrela, auzitan jartzen dituzte demokrazia liberalen oinarrizko gaiak, LGTBI pertsonen aurkako etsaitasuna esplotatuta».
Bestalde, Álex Martínez Ascensiónek jaso du saria Gehituren izenean, eta hau azpimarratu nahi izan du: «gure borroka aktibistak posible izan daitezen, elkar entzun, errespetatu eta zaintzeko babes sare bat sortu behar dugu. Sistematikoki zapaltzen gaituzten mundu honetan, zaintza da aktibismoari beroa ematen dion sua. Eskerrik asko, berriz ere, Gehituri aintzatespen instituzionala egiteagatik 25 urte hauetako borroka eskertzeko. Espero dugu lankidetzan jarraituko dugula borrokan aurrera egiteko».
Ekitaldian Kukai taldearen emanaldi bat ikusi ahal izan da, eta bertan egon dira José Antonio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua; María José Tellería Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua; Pedro Marco Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordea; Marisol Garmendia 2015-2019 artean Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu izandakoa; José Antonio Santano Irungo alkatea; Jon Iraola Eibarko alkatea; Izaskun Gómez Pasaiako alkatea; Maider Lainez Andoaingo alkatea; Agustín Valdibia Lasarte-Oriako alkatea; David de Miguel Berrobiko alkatea; Maite Arana Larraulgo alkatea, Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendaria, Miguel Ángel Crespo Lurralde Antolaketako zuzendaria eta Enrique Ramos, Obra Hidraulikoetako zuzendaria.
Aurreko edizioetan, Guztiok Mugituz saria jaso zuten Saharako Euskadiko ordezkaritzak (2021), Lurraldebuseko emakume gidariek (2020), MUGI sistemak (2019), Bizikume eta Kalapiek (2018) eta Errenteriako Gurutze Gorriak (2017).
2930