Mugi Txartela, III. “Guztiok Mugituz” Saria
Mugi Txartela, III. “Guztiok Mugituz” Saria
Sari horren bidez, MUGI sistemak Gipuzkoaren gizarte-kohesioaren eta jasangarritasunaren esparruetan egiten duen ekarpena aintzatetsi da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak “Guztiok Mugituz” saria eman du gaur arratsaldean, Donostian. Hirugarren ekitaldi honetan, MUGI sistemak jaso du saria, hau da, 2013. urtean Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak sustatutako garraio-tituluak.
Aldundiaren Jauregiaren Jargi Aretoan, Rafaela Romero diputatua buru zela, egin da saria emateko ekitaldia. Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeak jaso du saria, hari baitagokio aurten Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren lehendakaritza. Ekitaldian izan dira, halaber, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua; Marisol Garmendia 2015 eta 2019 artean Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua eta Larraitz Ugarte 2011 eta 2015 artean Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua.
MUGI txartelaren tarifa progresiboa erreferentea da, gaur egun, tarifa-politikaren arloan, batetik tarifa-irizpideen ekitateari eta gizarte-kohesioari esker eta, bestetik, erabiltzaile bakoitzaren mugikortasun-eskari errealei erantzuteko duen orientazioari esker; pertsona bakoitzak erabiltzen duena soilik ordaintzen du eta, gainera, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gutxiago ordaintzen du. Bartzelona eta Londres gisako hiriek haien garraio publikoko sareetan sistema hori aplikatzeko aukera aztertzen ari dira.
Erabileraren kopuruek bermatzen dute eredu horren arrakasta. Gipuzkoako eskualdeetarako baliozkoa da, eta, 2013an ezarri zenetik, lurraldean MUGI txartela erabiltzen duten bidaiarien kopuruak % 14 egin du gora, urte horretan 60 milioi bidaia izatetik 2018an ia 69 milioi bidaia izatera. Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuaren iritziz, lorpen handia da hori, “hasietatik bertatik, MUGI txartela eredu argia izan da politikaren bidez gizarte-eskariak ebazteko moduari dagokionez. Erakunde guztien arteko adostasuna eta elkarlana, beraz, jardun orotan zaindu eta indartu beharreko balioa da. Adostasunetik abiatzen dira benetako aurrerapenak, eta elkarlanarekin guztiok irabazten dugu. Gipuzkoako hiritar guztiok jasotzen dugu gaur saria”.
Antonio Aiz Gipuzkoako Garraio Agintaritzako presidenteak hainbat erakunde eta eragileren "ahalegin partekatua" aitortu du, egungo Mugiren garapenean. Gogorarazi duenez, "Garraioaren agintaritza 2010ean eratu zen, garai hartako Foru Diputatu Arantxa Tapiaren eskutik, baina Koldo Azkoitia diputatuaren eskutik lehendik ere bazegoen hastapen-ekimen bat, eta lehen urrats haiek gaur dugunaren oinarriak finkatu zituzten". Azpimarratu duenez, "Txartel gris eta gorriak iraultza ekarri zuen mugikortasunaren funtzionamenduan, erabiltzaileentzat abantailak ezarriz lehen aldiz" eta hurrengo mugarri handiarekin: "hainbat garraio moduren tarifa-integrazioa”. Bigarren jauzia, Larraitz Ugartek eta Marisol Garmendiak diputatuen gauzatu dute, "txartelaren erabilera beste garraiobide batzuetara zabalduz, autobusaz harago: Euskotren, hiri-busak eta duela gutxi Renfe", elkarreragingarritasunean sakonduz. Aizek funtsezkotzat jo du Mugi txartelaren iragana eta oraina aitortzea, haren etorkizunari aurre egiteko, "Non digitalizazioak eta smartphoneek Mugi forma birtuala hartzera eramango duten".
Diputatuak berak nabarmendu ditu MUGI sistemak egin dituen ekarpen guztiak, “Gipuzkoa konektatua eta jasangarria lortzeko eta bertako hiritar guztien premiei arreta handiz erantzungo dion Gipuzkoa lortzeko”.
- Erraztasuna. Ordainketa-baliabide bera erabil daiteke Lurraldebuseko lineetan, Donostiako, Arrasateko, Eibarko, Irungo, Lasarte-Oriako, Errenteriako eta Zarauzko hiri barruko lineetan eta Euskotrenen sarean.
- Homogeneotasuna. Zonen araberako ordainketan eta zonen arteko tarifa-jauzietan oinarritzen da tarifa-sistema, eta tarifa bera da operadorea edozein izanik ere eta hautatutako garraiobidea edozein izanik ere.
- Tarifa hobaritua. Bidaia-txartel komuna, deskontu progresiboa izango duena hiru tartetan, hilean egiten diren bidaia kopuruen arabera, txartel pertsonalen titularrentzat.
- Intermodalitatea. Operadoreen eta garraiobideen arteko aldaketak, baldintza ekonomiko onuragarrietan.
- Ekitatea. Tarifa onuragarriak dituzte premia bereziak dauzkaten pertsonek, hala nola desgaitasunak dituzten pertsonek, adinduek, 25 urtetik beherakoek eta familia ugariek.
Saria emateko ekitaldian Felix Arrieta politologoak eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Lanetako Saileko irakasleak zenbait giltzarri aipatu ditu garraio publikoko sistemak gizarte-premia aldakorreko testuinguru batean bete beharreko zereginaren inguruan, testuinguru horretan gizarte-kohesioa izango baita politika publikoen elementu zentrala.
“Guztiok Mugituz” saria 2017an sortu zen, Gipuzkoan mugikortasun jasangarria sustatzea helburu duten ekimenak aintzatesteko eta horien garrantzia nabarmentzeko. Aurreko bi ekitaldietan, Bizikume eta Kalapie elkarteak (2018) eta Errenteriako Gurutze Gorria (2017) saritu zituzten, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeko ahaleginagatik eta mugikortasun seguruko eta osasuntsuko ohiturak sustatzeko ahaleginagatik, hurrenez hurren.
2147