Mugikortasun departamentuak Gipuzkoako Garraio Publikoa blindatu du eta ezohiko egoera honen aurrean bermatu
Mugikortasun departamentuak Gipuzkoako Garraio Publikoa blindatu du eta ezohiko egoera honen aurrean bermatu
Mugikortasun departamentuak Gipuzkoako Garraio Publikoa blindatu du eta ezohiko egoera honen aurrean bermatu
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak gastuari eusteko eragiketez kanpo utzi du Lurraldebus eta bere gain hartuko ditu COVID-19a kudeatzearen emaitzazko gainkostuak.
Beharrezkoak diren larrialdi eta birmoldaketa berriak gorabehera, Gipuzkoako garraio publikoak lehentasuna izaten jarraitzen du, eta, hartara, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak zerbitzu hori blindatu du. Batetik, defizitaren gainkostua bere gain hartu du, eta, bestetik, gastuari eusteko eragiketez kanpo utzi du. Hala, garraio publikoaren funtsezko zerbitzuak babesteko konpromisoa betetzen du, garraio publikoa herritar guztien eskubidea den heinean, eta lurraldean zehar mugitzeko garaian berdintasuna bermatzen duen mekanismoa den aldetik.
COVID-19aren krisiaren ondorioz foru-aurrekontuak berregokitu diren arren, garraio publikoak lehentasunetako bat izaten jarraitzen du. Helburua da eguneroko joan-etorrietarako Lurraldebus erabiltzen duten pertsona guztiek zerbitzu eraginkorra, jasangarria eta berdintasunezkoa izaten jarraitzea; izatez, gipuzkoar guztientzako eskubide sozial bat da.
Rafaela Romero diputatuak Batzar Nagusietan gaur egin duen agerraldian nabarmendu duenez, erakundeak "borondate irmoa du, ahalik eta bermerik handienarekin, garraio-zerbitzu publikoaren babesari eusteko eta 2021eko aurrekontu ekitaldian blindatzeko. Ezinbestekoa da gastu- eta inbertsio-konpromisoei eustea eraginkortasunik eta efizientziarik handiena bermatzeko, Gipuzkoako herritarren mugikortasuna oinarrizko eskubide bat den heinean. Ezin dugu atzera egin Gipuzkoako garraio publikoa definitzen duten jasangarritasun-parametroetan: mugikortasun demokratikoa, inklusiboa, berdintasunezkoa eta garbia”.
Diputatuak azken hilabete hauetako garraio publikoaren kudeaketaren xehetasunak azaldu ditu. Nabarmendu du alarma-egoera iragarri zen lehen unetik bertatik, eta gaur arte, osorik eutsi zaiola Lurraldebuseko lantaldeari, enplegu-erregulazioko edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienterik gabe. Adierazi du horri esker posible izan dela ezohiko mugimendu-premiei erantzutea, zerbitzuen maiztasunak eta edukierak fase bakoitzeko benetako eskariaren arabera egokituz, une oro okupazioaren kontrola neurtuz eta, horrela, premiei egokitutako erantzun eraginkorra emanez.
Bestalde, azaldu du ibilgailuen segurtasun- eta garbitasun-neurriak indartu dituztela baldintzarik onenak bermatzeko, bai erabiltzaileentzat, bai enpresa emakidadunetako langileentzat.
Diputatuak Mugi txartela gisako tresna bat edukitzearen garrantziaz ere hitz egin du; "diru-txartel bat baino askoz gehiago dela erakutsi du; izan ere, eskudirua erabiltzea ezinezkoa denez gero, eta herritarren artean oso zabalduta egoteari esker, sistema horretara bideratu ahal izan da ordainketa, herritarren beharrak behar bezala estaliz. MUGI herritarren eskubideen txartel eztabaidaezina da”.
Ildo horretan, Romerok iragarri du uztailetik aurrera Lurraldebuseko txartel arrunta sakelako telefonotik ordaindu ahal izango dela, eskudirurik gabe. Hartara, erabiltzaileen eta gidarien segurtasuna indartuko da, jada gidarientzako babes-manparak instalatuta baitaude.
Gainera, diputatua prest agertu da "egoeraren larritasunaren aurrean, indar politiko guztiekin batera lan egiteko, gobernuan edo oposizioan egon, ziur baitago talde guztiek lehentasuna ematen diotela herritarren berehalako premiak betetzeari".
Pasaiako Badiarekiko konpromisoa
Foru aurrekontua egokitu den arren, departamentu honek eutsi egiten dio Pasaiako Badia biziberritzeko konpromisoari, baita aurreikusitako jarduketei ere.
Horregatik, hiri-arloko ezohiko birgaitze- eta biziberritze-jarduketen finantzaketari eusten zaio, eta 2020ko ekitaldiko aurrekontu-baliabideak ziurtatzen dira, Hospitalilloko aparkalekua eta Adinberri gunea eraikitzeko ezinbestekoak diren aurretiazko lanak egite aldera.
Horrez gain, jada adostu dira jarduketa berriei ekiteko eskualdeko udalerriekin egin beharreko hitzarmenak. Trintxerpeko Hospitalilloko kaiaren zonako Adinberri gune osoari dagokionez, jarduketa horietako batzuk berriz aldizkakotzen ari dira, egungo egoera kontuan izanik. Ildo horretan, "Pasaialdea birgaitzeko eta biziberritzeko konpromiso estrategikoa berritzen dugu, jarduketa horrek lehentasuna izaten jarraitzen baitu COVID-19aren osteko aurreikuspen politikoetan eta aurrekontu-aurreikuspenetan. Jakina da, gainera, inpaktu sozioekonomikoak eragin negatiboa duela inguru horretako udalerrietan eta hori kontuan hartu beharko dugula hurrengo agertokietako hitzarmen espezifikoei eta konpromisoei eusteko".
1842