Mugikortasun elektrikoarekin zerikusia duten proiektuentzako 875.000 euroko laguntza
Mugikortasun elektrikoarekin zerikusia duten proiektuentzako 875.000 euroko laguntza
Smart Mobility Industry programak proiektu pilotuak eta teknologia eta produktu berrien garapenak sustatuko ditu, besteak beste.
Foru Aldundiak Smart Mobility Industry programaren urteko deialdia jarri du abian. Guztira, 870.000 euro bideratuko dira programa horretara, Gipuzkoako enpresaren eraldaketa bultzatzeko, jarduera elektromugikortasunaren, energiaren biltegiratzearen eta ibilgailu autonomoaren jarduera-sektoreekin lotutako negozio nitxo berrietara bideratuz. Lehendik dagoen enpresa ehunari lagundu nahi zaio, dibertsifikazio eta egokitzapen gaitasuna indartuz erronka eta behar berriei aurre egiteko "potentzial handiko" sektore batean, non Gipuzkoa "ondo kokatuta" dagoen, Imanol Lasa Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuaren arabera: "Oraina kudeatzeko eta egungo krisiaren larrialdiei erantzuteko garaia da, baina baita etorkizuna prestatzekoa ere".
Lasak eta Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendariak zehaztu dutenez, programa hiru laguntza ildotan egituratzen da: lehenean, proiektu pilotuak sustatzera bideratzen da, Gipuzkoa "living lab" bihurtzen laguntzeko eta mugarri izan dadin mugikortasun elektrikoaren industriari lotutako gune gisa; bigarrenean, enpresen barne-prozesuak hobetzen laguntzen da, enpresa eragiketen eraginkortasuna ziurtatzeko; eta hirugarrenean, zeinak izaera teknologikoagoa duen, laguntzak eskainiko dira produktu edo ekoizpen-prozesu berriak garatzeko edo lehendik daudenak nabarmen hobetzeko. Proiektu pilotuetarako laguntzak 276.500 euro izango dira; enpresa berrikuntzarako laguntzak, 162.500 euro; eta produktuaren edo ekoizpen prozesuaren berrikuntza teknologikorako laguntzak, 431.000 euro.
Proiektu pilotuetan, teknologia edo negozio eredu jakin bat eskala txikian ezarriko da, ahal dela berrikuntza irekiko ekosistema batean, testuinguru erreal eta egunerokoetan, hartara bideragarritasuna ebaluatzeko eta diseinua hobetzeko, ondoren eskala handian hedatzeko asmoarekin. Bigarren ildoan, bestalde, enpresa txiki eta ertainek berrikuntza proiektuak garatzea bultzatuko da, bai prozesuak berrikusteko, Covid-19 efektuagatik, bai banaketa edo hornidura prozesu enpresarialak, merkataritza praktikak edo lantokiaren antolaketa eta kudeaketa hobetzeko, barne direlarik gogoeta estrategikoa, dibertsifikaziokoa eta lehiakortasun hobekuntzaren analisia, lehentasunez elektromugikortasunaren inpaktuarekin, energia pilatzearekin eta ibilgailu autonomorako teknologiekin zuzenean lotuta daudenak.
Hirugarren ildoari dagokionez, garapen esperimentalaren barruan sartuko da prototipoak sortzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobetuak frogatzea eta baliozkotzea, betiere funtzionamendurako benetako baldintzak adierazten dituzten inguruneetan eta helburu nagusia nahikoa finkatuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuei hobekuntza tekniko berriak ekartzea bada. Kasu guztietan, baldintzek ETEen parte-hartzea bultzatuko dute, baita ikerketa zentroek edo prestakuntza zentroek parte hartzen duten lankidetza proiektuak ere.
Programa berrikusi da, diruz lagun daitezkeen xedeak errazago ulertzeko, Europako araudiarekin hobeto bat etortzeko eta Covid-19aren ondoriozko egoera ekonomikoetara egokitzeko. Enpresek gehien eskatzen zuten aldaketetako bat diruz lagun daitezkeen kasuak aldatzea zen, hartara Europako erregelamenduaren kasuetara egokitzeko. Erregelamendu horrek zenbait laguntza-kategoria bateragarritzat jotzen ditu barne-merkatuarekin. Gurrutxagak azaldu duenez, horrela lehen laguntzetara iritsi ezin ziren enpresak sartu ahal izango dira. Eskaerak aurkezteko epea 40 egun naturalekoa izango da, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Iaz, Aldundiak 17 proiektu lagundu zituen Smart Mobility Industry-ren bidez, 10 banakakoak eta 7 kolaboratiboak. Guztira 37 erakundek parte hartu zuten, 24 enpresak eta irabazi-asmorik gabeko 13k. Parte hartzaileen artean, Datik, Elektra, Arai, Lortek, Birzitek, Ulma eta Orona enpresak daude. Proiektuen tipologia ere askotarikoa da: ibilgailu elektrikoentzako siliziozko karburo-kargagailu azkar bat, ibilgailu autonomoen simulagailu bat garatzea, edo autobus elektrikoen baterietan gorabeherak monitorizatzea eta prebentzioz detektatzea.
«Egokitzeko ahalegina»
Imanol Lasaren esanetan, laguntza horiek Gipuzkoako lehiakortasunerako eta etorkizunerako "funtsezkoa" den sektore baten "eraldaketan" eragiten dute, mugikortasunarenean hain zuzen ere, "automobilgintzaren industria sektore horren barruan dago, eta sektore horrek gure ekonomiaren barruan trakzio ahalmen handia du". Sektoreak 40.000 enplegu baino gehiago sortzen ditu Euskadin eta 18.000 milioi eurotik gorako fakturazioak guztira; halaber, Gipuzkoa adierazgarri nagusitzat har daiteke mugikortasun elektrikoaren alorrean, eta baita ere teknologiari eta kudeaketari lotutako erreferentetzat .Automobilgintza lurraldearen kanpoalderako salmenten palanka nagusietako bat bihurtu da. Automobilgintzako osagaien industria Gipuzkoako BPGaren zati handi bat hartzen du, eta esportazioak 1.000 milioi eurotik gorakoak dira. Hala ere, aurreikuspenen arabera, fakturazioa aurten aurreikusitakoa baino % 20 eta % 40 artean txikiagoa izango da.
Diputatuaren hitzetan, Covid-19aren krisia eragin "handia" izaten ari da sektorean, eta horren aurrean "garapen teknologikoan eta berrikuntzan" sakontzeko eskatu du, "egoera berrira egokitzeko formula gisa, aurrerapen teknologikoak, klima aldaketak eta ekonomiaren deskarbonizazioak markatuta". Gizarte gisa eragingo digun iraultza bat dator, mugikortasunaren eta automobilgintzaren arloan lan egiten duen industria osoari eragingo diona. Eta bidaiarien mugikortasuna ez ezik, logistikari, salgaien garraioari edo mugikortasun bertikalari ere eragingo dio".
Diputatuaren hitzetan, "Gipuzkoa ondo kokatuta dago erronka hori aukera bihurtzeko; izan ere, mundu osoan erreferentzia diren trakzio-enpresak ditu, eta arlo horretan punta-puntakoak diren unibertsitateak eta ezagutzaren, teknologiaren eta ikerketaren kudeaketa zentroak, baita automobilgintzaren arloan oso lehiakorra den industria osagarri bat ere". Alabaina, adierazi du ez dagoela lasai egoterik lehiakortasuna gogorra den nazioarteko testuinguru horretan: "Lurraldearen potentzial berritzailea indartu behar dugu eremu honetan, balio kateko eragile guztiak lankidetzan eta esperimentazioan oinarritutako estrategia partekatu batean sartuz".
Helburu horrekin, Foru Aldundia MUBIL estrategia hedatzen ari da Etorkizuna Eraikiz-en esparruan, mugikortasun elektrikoan eta energia pilaketan Gipuzkoa nazioarteko erreferente industrial bilakatzeko asmoz. Horren barruan, erreferentziazko zentro bat eraikiko da Zubietan, industria jarduera, zientzia eta elektromugikortasunaren arloko ezagutza garatzeko. Zentro horrek ekintzailetzan eta berrikuntzan inplikatuta dauden eragile nagusiak bilduko ditu. Duela gutxi Mubil Fundazioaren patronatuak argi berdea eman zion Ane Insausti Altuna (Donostia, 1984) Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroko zuzendariaren izendapenari, eta bera arduratuko da datozen hilabeteetan Tolosako Usabal industrialdean behin-behineko egoitza martxan jartzeaz.
Lasak nabarmendu du espezializazio adimendunean sakontzea "funtsezkoa" dela "Gipuzkoan ehun ekonomikoaren lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua bermatzeko". Hala ere, automobilgintzari dagokionez, "epe motz-ertainean" ere erakundeen arteko lankidetzan neurriak hartzeko deia egin du, "Ibilgailuen eskaria 'renove planen' eta beste ekimen batzuen bidez bultzatzeko"; izan ere, "salmentak suspertzea ezinbestekoa da sektoreko enplegua eta jarduera mantentzeko, beste lurralde batzuetan ikusi dugun krisi testuinguruan".
2132