Mugikortasun sailak bizikletak konpontzeko murgaz gaindiko jarnunaldu bat antolatu du
Mugikortasun sailak bizikletak konpontzeko murgaz gaindiko jarnunaldu bat antolatu du
Lan-jardunaldia gai honi buruz Gipuzkoan egindako lehena da, Cristina Enean egin da eta Frantziako eta Nafarroako teknikariek eta erakundeek parte hartu dute Gipuzkoakoekin batera.
Lurraldeko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailak ostiralean, martxoaren 6an, egin du Txaran, bigarren eskuko bizikletak edo bazterrean utzitakoak konpontzeko eta birziklatzeko mugaz gaindiko lankidetzari buruzko lehenengo lan-jardunaldia. Gipuzkoan egiten den era horretako lehenengo jardunaldian Frantziatik –Donibane Lohizunetik, Hendaiatik, Biarritzetik eta Pauetik– eta Nafarroako hainbat lekutatik etorritako hainbat erakundek eta teknikarik parte hartu dute Gipuzkoakoekin batera. Esperientzia berri honek Pirinio Atlantikoetako eta Nafarroako erakundeekin ezarritako mugaz gaindiko lankidetza sendotu du, hiru lurraldeak bizikletaren erabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzeko Ederbidea proiektuko eta beste proiektu batzuetako bazkideak baitira.
Rafaela Romero diputatuak eman dio hasiera jardunaldiari, eta honako hau esan du bere hitzaldian: “Bizikletaren erabilera sustatzeko mugaz gaindik, Pirinio Atlantikoekin eta Nafarroarekin lankidetzan, egiten den lana ez da lurraldeak elkarrekin lotzen dituen bidegorria egitera mugatzen; mugikortasun jasangarriaren aldeko erakundeen arteko estrategia partekatua bihurtu da. Foru Aldunditik lankidetza-bide berriak ezartzeko eta partekatzen ditugun ondasunei, hala nola, Ederbidea proiektua gauzatzen ari den bidegorriari edo Leitzarango Plazaolako Bide Berdeari, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko prest gaude. Horrez gainera, jakintza, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko eta trukatzeko ere prest gaude”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean antolatutako jardunaldiaren helburua Gipuzkoan, Nafarroan eta Pirinio Atlantikoetan bigarren eskuko edo bazterrean utzitako bizikletak birziklatzearen eta konpontzearen esparruan diharduten erakundeak elkartzea da, lankidetzarako bide berriak elkarrekin jorratu ahal izateko. Jardunaldia bizikletaren erabilera hainbat arlotan sustatzea helburu duen mugaz gaindiko Ederbidea proiektuaren esparruan egin da. Proiektuaren sustatzaileak Gipuzkoako Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoen Departamentua, Donibane Lohizune, Hendaia, Biarritz, Irun eta Imotzeko udalak, Euskal Hirigune Elkargoa, Cederna Garalur elkartea, Plazaolako Turismo Partzuergoa eta Agrupación Turística Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoa dira.
Asmoa da, beraz, hainbat arlotan lan-esparru bateratuak aztertu eta bideratzea: jakintza teknikoak eta jardunbide egokiak partekatzea; piezak trukatzea; label bateratu bat sortzea; hondakinen sektoreko zerbitzu publikoekin eta bizikleta-saltokiekin lankidetzarako bideak ezartzea; azokak antolatzea; edo lankidetza-sare bat eratzea.
Romero diputatuaren aurkezpenaren ostean, «L’Heureux Cyclage» lankidetza-sarearen aurkezpena egin du Roman Ville-Glasauer adituak. Jarraian, bazterrean utzitako bizikletak berreskuratzeko izan litezkeen lege-arazoak aztertu ditu Manu Gonzálezek (Iraunkortasunaren Behatokiaren zuzendari teknikoa. Cristina Enea Fundazioa) .
Kafe-tartearen ostean, talde lana egin da sektoreko erakundeekin, eta honako elkarteek parte hartu dute:
• Arrats elkartea (Donostia)
• Atelier Vélo Participatif et Solidaire (Paue)
• Erroak - Sartu elkartea (Donostia)
• Emaús Gizarte Fundazioa (Donostia)
• Gurpilartea (Errenteria)
• Recicleta Ribera (Tutera)
• Recyclarte (Hendaia)
• Sarea Fundazioa (Errenteria)
• Txirrind'Ola (Baiona)
Eta, azkenik, jardunaldiari goizean zehar ateratako ondorioekin eman zaio amaiera. Gainera, birziklatze/konponketa sare parte-hartzaile bati lotuta, eta lehendik dauden edo sortzeko bidean dauden elkarteetan oinarrituta, bizikleta-eskolen sarea sortzea sustatzeko ekintzaren bat egitea ere aztertu da.
1899