Mugikortasunak Bir-Ziklatu aurkeztu du, Gipuzkoa osoan bizikletak berreskuratzeko eta birziklatzeko proiektua
Mugikortasunak Bir-Ziklatu aurkeztu du, Gipuzkoa osoan bizikletak berreskuratzeko eta birziklatzeko proiektua
Mugikortasunak Bir-Ziklatu aurkeztu du, Gipuzkoa osoan bizikletak berreskuratzeko eta birziklatzeko proiektua
Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuarekin elkarlanean, bizikleta abandonatuak edo erabilerarik ez dutenak berreskuratzeko, berrerabiltzeko eta baloratzeko sistema publiko-soziala sustatu du.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuak, Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuarekin elkarlanean, Bir-Ziklatu proiektua jarri du abian. Proiektu horren helburua da, Gipuzkoan, bizikleta abandonatuak edo erabilerarik ez dutenak berreskuratzeko, berrerabiltzeko eta baloratzeko sistema publiko-sozial bat ezartzea pixkanaka.
Bir-Ziklatu sortu da, bizitza erabilgarria amaitu ez arren, kalean abandonatzen diren, eta udal-biltegietan edo hondakinen tratamendu-zentrotan metatzen diren bizikletei irtenbidea emateko. Herritarrei zerbitzua ematen jarraitzeko eta hondakinak alferrik ez sortzeko, bizikleta horiek berreskuratzeko helburuarekin, proiektu honek kontsumitzeko beste modu bat sortzen du. Modu horrek, gainera, ekitate sozialaren alde lan egiten du.
Bir-Ziklatu proiektuak lau esparrutan lan egitea planteatzen du, bizikletak berreskuratzeko prozesu osoa kudeatuko duen gizarte-oinarri sendoarekin antolakuntza-proiektu bat ahalbidetzeko. Hona hemen jarduera-esparru horiek:
- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoan hiri-hondakin solidoak kudeatzeaz arduratzen diren mankomunitateen arteko lankidetza-hitzarmenak formalizatzea. Horri esker, hondakinen bilketa-, aukeraketa- eta tratamendu-prozesuetan bizikleten eta hauen osagaien tratamendu bereizia ziurtatu nahi da; gerora, bizikleta horiek irabazi-asmorik gabeko erakundeei emateko, hauek bizikletak konpondu eta berrerabil ditzaten.
- Irabazi-asmorik gabeko tailer kolaboratiboak sortzea, erabilerarik ez duten edo abandonatuak daude bizikletak konpontzeko eta berrerabiltzeko. Bizikleta horiek Gipuzkoako hiri-hondakin solidoen kudeaketa-zentroetatik jaso ahal izango lituzkete, baita beste hornidura-kanal batzuetatik ere, adibidez, udalen jabetzako ibilgailuen gordailuetatik.
- Erabilerarik ez duten bizikletak konpontzeaz, birziklatzeaz eta berrerabiltzeaz arduratzen diren erakundeek osatutako sare bat antolatzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, sare horrek ekintza adostu eta koordinatu baten esparruan jardungo luke.
- Berreskuratutako bizikleta horientzako kalitatezko labela ezartzea, gizarte- eta ingurumen-baldintza jakin batzuk betez, gizarte-ekimeneko erakundeek konpondu dituztela ziurtatzeko.
Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuko diputatu Rafaela Romerok eta Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentuko diputatu José Ignacio Asensiok Gurpil Artea elkartearen Errenteriako tailerra bisitatu dute. Bertan, urtero, San Markos Mankomunitatetik eta Errenteriako Udalak duen ibilgailuen gordailutik jasotako erabilerarik ez duten ehun bizikleta baino gehiago konpontzen dituzte.
Horren haritik, Rafaela Romero diputatuak honako hau adierazi du: “Beste herrialde batzuetan —Frantzia edo Alemania, adibidez— elkarlaneko tailerren sareek izan dituzten emaitzak oso baliagarriak izan dira; izan ere, hondakinak murrizten laguntzeaz gain, bizikletaren inguruan jarduera ekonomikoa sustatzen dute, gizarte-kohesioa eta aukera-berdintasuna bultzatuz”. “Tailerren artean ikasteko eta elkarri laguntzeko sinergiez gain, sareak sortzeak joera positiboak areagotzen ditu, eta herritarrengan eta hauen birziklatze- eta kontsumo-ohituretan eragin handiagoa du”.
José Ignacio Asensiok, bere aldetik, honako hau esan du: “Garapen jasangarriak eta klima-aldaketaren aurkako borrokak ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitea eskatzen du, lehengaien erabilera ahalik eta gehien murrizteko eta emisioak minimizatzeko. Birziklapenaren sektorea eta ekonomia zirkularra funtsezkoak dira Gipuzkoa ekonomia berde berrian erreferente bihurtzeko”.
Gaur egun, Gurpil Artea elkarteak Oarsoaldean abian jarritako tailer hori bakarrik dago Gipuzkoan. Bir-Ziklaturen helburua da Gipuzkoako eskualde bakoitzak haren antzeko tailer bat edukitzea. Egindako kalkuluen arabera, hori lortuz gero, gutxienez 800 bizikleta eta hauen osagaiak berreskuratu eta berrerabili ahal izango lirateke. Berreskuratutako piezek eta osagaiek erabiltzen ditugun bizikleten bizitza erabilgarria luzatu eta hondakinak murrizten lagundu dezakete.
Romero diputatuak proiektuaren ahalmena azpimarratu du eguneroko joan-etorrietarako bizikletak garraiobide gisa erabiltzea sustatzeko, eta ingurumena errespetatuko duen mugikortasun jasangarria bultzatzeko. “Gure kalkuluen arabera, Bir-Ziklatu proiektuaren bidez, erabilerarik ez duten 800 bizikleta berreskuratu ahal izango dira urtean, Gipuzkoan dugun 353 kilometroko bidegorri-sarera itzultzeko prest”, esan du.
2443