Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeitiarekin bildu da, Gipuzkoako udalerriekin egiten ari den entzute aktiboaren errondarekin jarraituz
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeitiarekin bildu da, Gipuzkoako udalerriekin egiten ari den entzute aktiboaren errondarekin jarraituz
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Domínguez, Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeitiarekin bildu da, Gipuzkoako udalerriekin egiten ari den entzute aktiboaren errondarekin jarraituz
Diputatuak eta alkateak herriko Lurraldebus zerbitzuarekin lotutako gaiak jorratu dituzte, baita naturarekin, ezagutzarekin eta zaintzarekin lotutako baliabide turistikoak ere.
Azahara Domínguez eta Iñaki Irazabalbeitia, Alkizan
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguez Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitiarekin bildu da, herriari eragiten dioten mugikortasun eta turismo gaiak jorratzeko eta bi erakundeen arteko gobernantza kolaboratiboan beste urrats bat emateko.
Bileran, Iñaki Irazalbeitiak udalerrian garraio publikoari dagokionez hautemandako beharrak azaldu ditu, eta diputatuak eskaera horiek aztertzeko konpromisoa hartu du, "ahal den neurrian, zerbitzua Alkizako herritarren beharretara egokitzeko".
Gaur egun, herriak Lurraldebuseko bi linea ditu, TO20E (Tolosa>Anoeta>Alkiza) eta TO27E (Villabona>Alkiza), eskariaren arabera funtzionatzen dutenak. Azahara Dominguezek zerbitzu horien ordutegiak aztertzeko konpromisoa hartu du, zerbitzua nola hobetu daitekeen ikusteko eta beste garraio-operadore batzuekin transbordoak errazteko.
"Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentutik Gipuzkoan garraio publikoa sustatzeko egin den apustu handiena egiten ari gara, gure historiako aurrekonturik handiena arlo horretara bideratuz. Benetan gero eta gipuzkoar gehiagok beren joan-etorrietarako garraio publikoa erabiltzea nahi badugu, zerbitzua etengabe aztertzera behartuta gaude, ahal den guztietan, herritarren benetako beharretara egokitzeko", adierazi du diputatuak, eta gaineratu du garraio publikoa dela “lurraldea egituratzeko eta kohesionatzeko dugun tresna nagusia". "Garraio publikoa beste eskubide batzuetarako sarbidea bermatzen duen eskubidea da, hala nola osasungintzarako, hezkuntzarako, lanerako edo aisialdirako; horregatik, entzute aktiboa praktikatu behar dugu, bai udalekin, bai herritarrekin, eskaintzen dugun zerbitzuak haien benetako beharrei erantzun diezaien", berretsi du.
Bestalde, Inaki Irazabalbeitia alkateak honako hau esan du: “Azahara Domínguezekin egin dugun bileran, turismo gaiak tratatzeaz aparte, bereziki garrantzitsua izan da Lurraldebusen egoerari buruz komentatu duguna. Izan ere, nahiz eta alkizarrek oso ondo baloratzen duten zerbitzua, ikusten dizkiote hainbat gabezia: batetik, Villabonako zerbitzuak Tolosakoak baino gutxiago dira eta horiek berdintzera joan beharko litzate. Bestetik, goiz eta arratsalde erdian zerbitzuak gehitzea eta arratsaldeko ordutegia luzatzea komeni da, batez ere Villabonara edo Tolosara jeisten diren gazteen beharrak asetzeko. Kontuan izan behar da herriko populazioaren %37ak 30 urte baino gutxiago dituela eta horien premiak aintzat hartu behar direlakoan gaude”. “Alkizako Udalak eskertzen du Azahara Domínguezek gure eskari zehatzak aztertu eta ahal den einean inplementatzeko ahalegina egitea”, bukatu du.
Naturarekin lotutako turismoa
Bileran, gainera, diputatuak herriko estrategia turistikoa ezagutzeko aukera izan du, naturarekin eta haren zaintzarekin lotutako barneko turismoa sustatzeari buruzkoa. Ildo horretan, Fagus Alkiza interpretazio zentroaren proiektuak ezagutu ditu, bisitariak Hernio Gazume Kontserbazio Bereziko Eremura hurbiltzen dituena. Datozen hilabeteetan Erretore Etxera eramango den errekurtsoa da hau. Gainera, Kutxidazu bidea ibilbidearen berri ere eman diote, NEXT Generation funtsei esker garatutako ekimena. Azkenik, Lete landetxea bisitatu du, udalerriko ostatu-baliabide bakarra, 16 pertsonentzako edukierarekin.
"Proiektu hauek ezin hobeto kokatzen dira bultzatzen ari garen eredu turistikoan, non jasangarria izateaz gain, turismoa birsortzailea den, bisitatzen gaituztenek gure lurraldeaz gozatzeaz gain, lurraldearen zaindari bihur daitezen eta gure artean arrasto positiboa utz dezaten", nabarmendu du diputatuak.
3124