Mundu guztiko landare bereziak erakusgarri Iturrararen
Mundu guztiko landare bereziak erakusgarri Iturrararen
Asteburuan 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte Iturrarango Landare Berezien 17. Azokan
Kontinente guztietako landare eta loreak ezagutu eta erosteko aukera paregabea eskainiko du beste behin Iturrarango Landare Berezien 17. Azokak datorren asteburuan. Apirilaren 28 eta 29an egingo den edizio berri honetan, Frantzia, Italia, Espainia eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte. Landare asko gure artean ezezagunak badira ere, arazorik gabe lorategietan edo etxeko leihoetan zaindu ditzakegun kontinente guztietako lore eta landareak egongo dira ikusgai ea salgai.
Kolekzioko landare-zaleentzat huts egin ezineko zita bilakatu da Iturrarango Lorategi Botanikoan egiten den azoka. Aukera ederra izaten da ohiko azoketan aurkitzen ez diren landareak ikusteko eta erosteko eta, baita ere, negozio aukera da bertako mintegientzat.
Zenbait berrikuntza ere izango dira Iturraranen ospatuko den Landare Berezien 17. Azoka honetan. Besteak beste, mintegizale berriak postua jarriko dute Iturraranen, esaterako Le Jardin des Erythrines (Frantzia) bildumako aleak, tartean erythrinak, plumeriak eta hego hemisferioko landaretza; Pepiniere des Cascatelles (Frantzia) mintegiak kalmia eta rododendroak eskainiko ditu; Beizamako Alekak barazki ekologiko autoktonoen haziak eskainiko ditu eta Astigarragako Loraldi mintegiak landare bizikorrak, belarkariak eta banbuak erakusgarri izango ditu. Gainera, Aiako plazan igande goizean 9 postu egongo dira landare eta landareekin zerikusia duten hainbat produktu saltzen; garaiko landareak eta usaindunak, sukalderako landareak, xaboi eta lurrunak, landare olioak, laborantza ekologikorako produktuak, artisauak eta beste hainbat gauza.
Azoka ingurune paregabe batean kokatzen dela aprobetxatuz, Lorategiko ibilbideetatik paseatzeko aukeraz gain, bisita gidatuak ere eskainiko dira Biodibertsitatearen lorategira, larunbatean zein igandean. 11:30ean euskaraz egingo dira bisitak, 12.00etan, berriz, gaztelaniaz.
Azoka 10:00etatik 18:00etara irekiko da, bi egunetan zehar. Sarrerak azokaren atarian egongo dira salgai eta prezioa 4 eurokoa izango da helduentzat, eta 12 urte edo gutxiagokoentzat, berriz, dohainik. Prezioak barne hartuko ditu, aparkalekuetatik azoka gunerainoko autobusezko joan-etorria eta erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta eroslearen ibilgailuraino garraioa.
Estatu mailan ospatzen den ezaugarri hauetako azoka bakarra izanik, eta Euskal Herriko zein kanpoko bisitarien kopurua urtez urte handituz joan dela jakinik, parkearen inguruetan bi aparkaleku gune antolatuko dira (Aiako herrian eta Txurrukako aparkalekuan, Orio ondoan), hauetatik azokarako etengabeko autobus zerbitzuarekin. Aparkalekuetatik azoka gunera lehendabiziko autobusa 9:45tan aterako da, eta azkenekoa 17:00etan. Azoka gunetik aparkalekuetara, berriz, 18:15tan izango da azkena. Bestalde, trenez joango direnentzat ere Zarauzko Euskotren geltokitik autobus zerbitzua egongo da azoka gunera, 10:23etatik 16:23etara, orduro. Zarautzerako itzulerarako, berriz, lehenengo autobusa 10:45tan izango da, orduro, baita ere, 17:45ak arte.
1801