N-I errepideko Oria eta Txartel gaineko zubiak berrituko ditu Aldundiak, Lasarte-Oria parean
N-I errepideko Oria eta Txartel gaineko zubiak berrituko ditu Aldundiak, Lasarte-Oria parean
Foru erakundeak 2,5 milioi euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta nabarmen hobetuko da tarte horretako segurtasuna
Gipuzkoako Foru Aldundiak N-I errepideko 451,820 eta 452,275 kilometro puntuen artean dagoen zatiaren hobetuko du. Zati hau Lasarte-Orian kokatzen da, eta esku-hartze nagusiak bi zubitan egingo dira, bata Oria ibaiaren gainetik igarotzen dena eta bestea Txartel biribilgunearen gainean dagoena. Hauen euste sistemak berrituko dira eta, bide batez, lurzorua berritu eta pantaila akustikoak jarriko dira. Diputatuen Kontseiluak proiektua bera eta obrak kontratatzeko espedienteak onartu ditu gaur goizean. Guztira, lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 2.455.722,66 eurokoa da (BEZa barne), eta gauzatze epea zortzi hilabetekoa. Eider Mendoza foru bozeramaileak iragarri duenez, esku-hartze honek nabarmen hobetuko du ibilgailuen segurtasuna eta trafikoak inguruan duen inpaktua.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Sakondu duenez, aipatutako bi zubi hauetan gaur egun dauden petrilak kendu eta horien ordez gehienezko H4b euste maila duten hormigoi prefabrikatuzko beste batzuk jarriko dira. Honela, zubiaren tableroak indartuko dira, eta drainatze sistema eta dilatazio juntak berrituko dira. Gainera, pantaila akustikoak jarriko dira, honi esker, Txarteleko biribilgunearen gainean dagoen zubiaren eremuan zarata maila murriztea espero da. Azkenik, zubietan eta bien tarteko eremuan egoera txarrean dagoen zorua ere birgaituko da.
Bi zubiak 1978 urteak eraiki ziren eta, Mendozak azaldu duenez, hauek egungo araudira egokitzeko egingo dira lanak. Lehen zubia bi biaduktu paralelok osatzen dute, Oria ibaiaren gainetik igarotzen direnak. Hormigoi aurreatezatutako bigaz osatuta dago, Donostia norabidean sei bao dituelarik eta Gasteiz norabidean beste bost bao. Bigarren hormigoi aurreatezatutako zubi jarraitua da, Lasarte-Oriako Txartel biribilgunearen gainean dagoena eta hiru baok osatzen dutena.
“Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik baliabide asko jasoko dituen proiektua da, eta hau duen garrantziaren adierazle garbia da. Dakizuenez, N-I errepidea lurraldeak duen arteria nagusienetakoa da eta, ondorioz, etengabe behar ditu mantenu lanak”, esan du foru arduradunak. Gaineratu duenez, lan hauekin, nabarmen hobetuko da errepide zati honetako segurtasuna, bai ibilgailuentzat zein inguruko bizilagunentzat. Azken hauentzat, gainera, pantaila akustikoak jartzea ere onura nabarmena izango da. “Gipuzkoako Foru Aldundiak, beraz, lurraldeko errepide sarea etengabe hobetzen jarraitzeko konpromisoarekin jarraitzen du”, azpimarratu du.
Fellows Gipuzkoa
Bestalde, Diputatuen Kontseilua gaur onartu du 480.000 euro bideratzea Fellows Gipuzkoa programaren aurtengo deialdira. Horren helburua da doktoratu ondoko prestakuntza eta nazioartean garrantzia duten ikerketa-taldeetan esperientzia duten ikertzaileak, Gipuzkoako ikerketa-taldeetan sartzea, eta, horrela, haien maila zientifikoa handitzea. Berriro ere bi ekintza-ildo izango ditu: batetik, talentua erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan integratzea bilatzen duena; eta bestetik, talentua atxikitzea, zentro horiei laguntzea bilatzen duena, hiru urteko epean beren taldeetan mantentzeko.
Deialdia Gipuzkoako zentro teknologikoei, unibertsitateei, IKZei, BERCei, osasun-ikerketako institutuei edo enpresen I+G unitateei zuzenduta dago. Ikertzailearen lehen urteko kontratazio-gastuen % 100 finantzatzen da, azken 3 urteetan Euskadin 6 hilabete baino gehiago lan egin ez izanaren baldintzarekin. Kontratazioaren bigarren urtean, berriz, gastuen % 80, eta hirugarren urteko gastuen % 70. Horrek jarraikortasuna ahalbidetzen du, zentroek ikerketa-lanak epe luzeagoan egiten jarraitu baitezakete. Aldundiak eutsi egin dio iazko programako diru kopuruari, aurreko deialdian programan parte hartu zuten ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko.
“Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskadirekin duten lotura, eta bereziki bultzatzen da emakumeak inkorporatzea, eremu horretan dagoen genero-arrakalari aurre eginez”, adierazi du Mendozak. 2000. urteaz geroztik, 44 ikertzaile Gipuzkoara erakartzen lagundu da. “Honi esker, gure ekosistema ikertzailearen bikaintasuna eta kualifikazioa areagotu egin da, goi-mailako 'fitxaketa' horien eskutik”, nabarmendu du. Honekin batera, ezagutza aurreratua sortu eta transferitu da lurraldeko enpresa-sarearentzat, proiektu ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua sortzeko baldintzak ahalbidetuz.
“Talentua indartzea lehen mailako erronka da oraindik, eta, beraz, Fellows bezalako programek garrantzi handiagoa hartzen dute egungo egoeran. Pandemiak osasun krisia eta krisi ekonomikoa eragin ditu, eta baita etorkizunari buruzko ziurgabetasuna ere, errekuperazioa eta erresilientzia ahalbidetuko duen erantzuna eskatzen duena”, azpimarratu du foru bozeramaileak. “Erantzun horrek sortu diren premia larriei aurre egin behar die, etorkizuna eraikitzeko oinarriak alde batera utzi gabe, eta, aldi berean, egungo garai gorabeheratsuetan irekitzen diren aukerak aprobetxatzen saiatu behar du. Beharrezkoa da eustea, berreraikitzea eta haztea. Pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi du ikerketaren garrantzia. Arlo horretako bikaintasuna, talentu ikertzailea, Gipuzkoaren susperraldia eta hazkundea bultzatuko dituen oinarrietako bat da”, borobildu du.
COVID-19 partea
Azkenik, Mendozak iragarri du azken astean dela positibo berririk jazo Gipuzkoako adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen baliabideetan, ezta adin txikikoen artean ere. Gizarte inklusioko baliabideetan, aldiz, 6 positibo atzeman dira. “Dakizuen bezala, adinekoen egoitzetako erabiltzaileen artean ez dago kasu positiborik pasa den martxoaren 26tik”, gogoratu du. Langileen artean, 2 dira gaur gaurkoz diagnostiko positiboa dutenak, 2 egoitzetan. Txertoari dagokionez, adinekoen egoitzetako erabiltzaile eta langileak jaso dute txertoa, eta orain eguneko zentroak eta desgaitasuneko baliabideetan ari da egiten Aldundia txertaketa prozesua. “Datozen egunetan amaitzea espero dugu txertaketa hauekin”, amaitu du.
Azkenik, iragarri du bihar hasiko dela Gipuzkoako foru suhiltzaileen txertaketa prozesuarekin. Astra-Zenecaren txertoa da, eta 55 urte baino gutxiago dituztenei jarriko zaie. Bi dositan jartzen da, eta lehenengoa jarri eta 10-12 astera jartzen da bigarren dosia. Txertaketak martxoaren 10, 11, 12 eta 18an egingo dira. “Lau egun hauekin, suhiltzaileen foru zerbitzuaren zatirik handiena babesten hasteko bideari ekingo diogu”, azpimarratu du Mendozak.
2357