N-I eta A-15 errepideetako kamioientzako kanona eten egingo da, aldi baterako, gauerditik aurrera.
N-I eta A-15 errepideetako kamioientzako kanona eten egingo da, aldi baterako, gauerditik aurrera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera jarraitzen du Gipuzkoako lurraldean N-I eta A-15 errepideetan bidesari bat arautuko duen Foru Araua izapidetzen.
Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, bihar, osteguna, urriaren 21a, gauerditik aurrera, N-I eta A-15 errepideetan salgaien garraioko ibilgailu astunei kanon bat exijitzeari utziko zaio, aldi baterako. Iragarri bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren ediktua jaso ondoren, Aldundiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko du bihar, eta kamioiei bidesaria kobratzeari utziko dio berehala.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu nahi izan du kanona aldi baterako etengo dela, foru gobernuak foru arauaren aurreproiektu berri bat aurkeztu baitu, N-I eta A-15 errepideek Gipuzkoan duten ibilbide osoan zehar bidesari bat arautuko duena. Aurreproiektu hori Gipuzkoako Batzar Nagusietan izapidetzen hasi da, eta urtea amaitu baino lehen onartzea aurreikusten da. “Salgaien garraioari ezarritako bidesariarekin jarraitzeko erabakia Batzar Nagusiek 2010ean emandako aginduari zor zaio, gaitasun handiko errepideen finantzaketa, mantentze-lanak eta hobekuntzak erabileragatiko ordainketaren bidez finantzatu beharko liratekeela adostu baitzen. Gure ustez, hori da modurik bidezkoena errepideen mantentze-lanak finantzatzeko eta kostu guztia gipuzkoarrei bakarrik kargatzea saihesteko. Europako zuzentarauek adierazten dutenaren arabera, bidezkoena da erabiltzen duenak ordaintzea, gipuzkoarra izan edo kanpotarra izan”, adierazi du Oiarbidek, eta gogorarazi du “inongo epaiak ez duela zalantzan jartzen gure errepideetan bidesariak jartzeko dugun gaitasuna. Beraz, inolako zalantzarik gabe, Gipuzkoak eskubidea du bere Batzar Nagusien agindu demokratikoa betetzeko”.
Diputatuak azpimarratu nahi izan du, halaber, Europar Batasunak bi aldiz kontrastatu dituela eta aldeko irizpena eman diela bidesari horiei, Europar Batasunak egiten baititu errepideko garraioaren erabileragatiko ordainketaren legeak, zuzentarauen bidez. Duela 11 urte Gipuzkoan eztabaida politikoa gainditu ondoren, ziur gaudenez bidesariak direla errepideak finantzatzeko modurik bidezkoena eta EBren abala jasota, Foru Aldundiak erabaki du aurreproiektu berri bat aurkeztea, Gipuzkoako Batzar Nagusiek foru arau berri bat onar dezaten, auzitegien epaiak beteko dituena eta bidesariaren ezarpenari segurtasun juridiko handiagoa emango diona, erabiltzaileei ziurtasuna emanez.
Diputatuen Kontseiluak onartu ondoren, duela egun gutxi, Batzar Nagusietako batzarkide taldeen arteko eztabaida hasi da, foru arau berriak argi berdea jaso ahal izan dezan urtea amaitu baino lehen.
2386