Nazioarteko adituen abalarekin, bere eredua sendotu du Etorkizuna Eraikizek
Nazioarteko adituen abalarekin, bere eredua sendotu du Etorkizuna Eraikizek
Etorkizuna Eraikiz Congress biltzarraren ondorio nagusiak nabarmentzen du “ezinbestekoa” dela proiektuaren etorkizuna bermatzea.
Mundu osoko aditu eta politologoen bermea jaso du atzo eta gaur Etorkizuna Eraikizek, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre hartzeko ereduak, horretarako elkarlaneko gobernantza baliatuz. Pertsona talde honek Etorkizuna Eraikizen funtzionamendua eta esperientzia lehen eskutik ezagutzeko aukera izan du, atzo eta gaur Donostiako Kursaalean egin den nazioarteko biltzarrean. Ondorio nagusien artean, “ezinbestekotzat· jo dute proiektuaren jarraipena bermatzea eta estrategia egituratzen amaitzea, epe ertain eta luzera Etorkizuna Eraikiz blindatzeko helburuarekin. Proiektuaren eraginaren ebaluazioa modelizatzea eta proiektuaren bilakaerari buruzko datuen eta adierazleen kopurua handitzea dira planteatutako beste hobekuntzetako batzuk.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez, “Etorkizuna Eraikizi esker, gobernatzeko modu berri bat sustraitzen ari da lurraldean. Gobernantza-eredu horretan gizarteak parte hartzen du eta bere etorkizunari eragiten dioten politika publikoetan laguntzen du. Hala ere, ez da geldirik dagoen prozesua, baizik eta sendotzen eta hobetzen jarraitu behar dugu, arlo horretan erreferenteak diren pertsonen ezagutza aurreratuarekin lotuz”, gaineratu du. Bere ustez, egunotan Kursaalen egin den kongresuak balio izan du, hain zuzen ere, nazioarteko adituen ikuspegiak “aberastu eta hasitako bidea are gehiago sendotzen laguntzeko”.
Mundu osoko aditu talde hori Etorkizuna Eraikizek biharko egunari begira hartu beharreko lan lerro eta jarduera ildoez eztabaidatzen eta hausnartzen aritu da, kongresuak iraun duen bi jardunaldietan, lau panel edo azpitaldetan banatuta: gobernantza, ongizate-estatuaren etorkizuna, ekonomia iraunkorra eta trantsizio ekologikoa. Lan horren ondorioak ekitaldiaren amaieran aurkeztu dituzte Elena Costasek, ekonomialari, Ksnet-en sortzaileetako bat eta Politikon-en editorea; eta Ander Caballerok, administrazio publikoan eta enpresa-diplomazian aditua. Kongresuaren bi egunetan, 600 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekimenean.
Adituek gobernantzaren hainbat alderdiri buruz hausnartzeko aukera ere izan dute. Horrela, birbanaketaren eremuan izan dezakeen eraginari dagokionez, adierazi dute gobernantzak gizarte arrakalak ixteko balio behar duela, aberastasuna birbanatzen eta gizarteratzearen arloetan lagunduz. “Aldaketaren teoriak behar dugun ikuspegi sistemikoa ematen digu, eta gizarte-babesa eta inbertsio soziala funtsezko bi kontzeptu dira puntu honetan”, adierazi dute adituek. Politikak jokatzen duen papera erreparatuz, nabarmendu dute ezin dela politika zuzenean beste batzuen esku utzi, baizik eta lidergo politiko arduratsua dela irtenbiderik onena. Horrela, administrazioen arteko lankidetzarako gaitasuna kritikoa dela esan dute, eta gobernantza oinarri etiko partekatuen gainean eraiki behar dela, beti ere botere partekatuaren ideiari jarraituz.
Herritarrek prozesu honetan jokatzen duten paperari dagokionez, herritarren kultura politiko berri bat sortzearen alde agertu dira adituak. Nabarmendu dutenez, “ezin dugu gobernantza bultzatu konexio-espazioak sortu gabe”. Gainera, gazteria hobekuntza eremuetako bat dela adierazi dute, Etorkizuna Eraikizek gazteengana gehiago hurbiltzeko lan egin beharko lukeela ere azpimarratu dute. Azkenik, adituek uste dute gizartearekin hausnartzeko, aurrez praktika eta ikaskuntza prozesuak burutu behar direla.
Protagonistak
Gobernantzaren paneleko adituen taldea honako pertsona hauek osatu dute: Daniel Innerarity, filosofia politiko eta sozialeko katedraduna, UPV/EHUko Ikerbasqueko ikertzailea eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko zuzendaria; Diego Moñux, SILOren sortzaileetako bat eta bazkide zuzendaria; Gilmer Yovani Castro Nieto, Pontificia Universidad Javeriana-ko irakasle elkartua; María Zubeldia, Oxfordeko Unibertsitateko Saïd Business Schooleko ekintzailetza eskolako zuzendaria; eta Sonia Ospina, NYU Wagner Graduate School of Public Serviceko Kudeaketa eta Politika Publikoko irakaslea.
Ongizate estatuaren geroa aztertu duen lan taldearen kasuan, egon dira Alfonso Lara Montero, European Social Network (ESN) gizarte-zerbitzuetako administrazio publikoen sare europarraren zuzendari exekutiboa; Lieve Fransen, gizarte, migrazio eta osasun gaietan aholkulari seniorra hainbat erakunde, konpainia eta think tank-etan, European Policy Center barne; Adelina Comas-Herrera, Strengthening Responses to Dementia in Developing Countries (STRiDE) proiektuaren zuzendaria; Francesc Torralba, Ramon Llull Unibertsitateko Etikako katedraduna; eta Viktoria Stein, VM Partners Integrating Health and Care-eko sortzaileetako bat eta CEO adjuntua, eta International Journal of Integrad Care publikazioaren editora eta nagusietako bat.
Ekonomia Jasangarriaren kasuan, adituen taldea honako pertsona hauek osatu dute: Javier Hernandez, Alfil Partnerseko bazkide sortzailea eta zuzendari nagusia; Yolanda Martinez, gobernuan eta garapen digitalean aditua; Jordi Serrano, Future for Work Instituteko bazkide sortzailea; eta Luis Porto, Estatu Amerikarren Erakundeko Estrategia eta Erakunde Garapeneko aholkulari nagusia.
Azkenik, Trantsizio Ekologikoko panelean honako aditu hauek egon dira: Joaquin Nieto, Espainiako OIT-eko zuzendari ohia eta Klimaren aldeko Hiritarren Biltzarreko Aditu Taldeko koordinatzaileetako bat; Jesús Alquezar Sabadie, Europako Batzordeko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko analista sozioekonomikoa; Jesus Martinez Linares, Inspiring Committed Leaders Foundationeko Ekonomia Zirkular eta Klima Aldaketako lehendakariordea eta Clima Limpioko sortzailea; eta Ismael Aznar, Trantsizio Ekologikoko Ministerioko Kalitate eta Ingurumenaren Ebaluazioko zuzendari nagusia.
2245