Breadcrumb

Asset Publisher

Back Nazioarteko kontrastea jasoko du Etorkizuna Eraikizek, abenduaren 13 eta 14an egingo duen Kongresuan

Nazioarteko kontrastea jasoko du Etorkizuna Eraikizek, abenduaren 13 eta 14an egingo duen Kongresuan

Donostiako Kursaalen egingo da topaketa, eta Foru Aldundiak, UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak antolatu dute.

Etorkizuna Eraikiz nazioarteko adituen kontrastea jasoko du Etorkizuna Eraikiz Congress biltzarrean, abenduaren 13an eta 14an Donostiako Kursaalen foroan. Topaketan zehar lau panel eratuko dira modu paraleloan egingo dutenak lan, eta hauetan kongresuan parte hartzen duten guztien parte hartze aktiboa izango dute. Talde hauetako bakoitzak gai bat jorratuko du: gobernantza, ongizate-estatuaren etorkizuna, ekonomia jasangarria eta trantsizio ekologikoa. “Panel bakoitzean Etorkizuna Eraikizi helduko zaio ikuspegi desberdinetatik, eta arlo akademiko, instituzional, enpresarial eta sozialeko adituek parte hartuko dute hauetan. Lan honek ekimenaren egoera kontrastatzeko balioko du, eta baita gure etorkizuneko ildoak zehazteko ere”, azaldu du Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatuak.

Foru ordezkariak gaur goizean Aldundian egin den Kongresuaren aurkezpen prentsaurrekoan parte hartu du, eta bertan parte hartu dute Alfonso Unceta Kongresuko koordinatzaile zientifikoak, Xabier Riezu Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak, Agustin Erkizia EHUko errektoreordeak eta Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak. Agerraldi publikoan parte hartu dutenek nabarmendu dute Etorkizuna Eraikiz Biltzarra lau erakundeek elkarrekin egin duten lanaren emaitza dela, eta modu presentzialean edo birtualean parte hartu nahi duten herritar guztiei irekita dagoela. Foroak nazioarteko bokazioa eta proiekzioa du, eta honako hauek hartuko dute parte: erakunde publiko eta pribatuetako adituek eta analistek, unibertsitateko irakasleek, irabazi-asmorik gabeko erakundeek, enpresek, hirugarren sektoreko erakundeek, eremu publikoko profesionalek, kultura-sektoreko kideek, ikasleek…

Mendozak azaldu duenez, kongresua oso mugarri garrantzitsua da Etorkizuna Eraikizen sozializazio-prozesuan; izan ere, “nazioarteko mapan kokatuko gaitu eta gure eredua nazioarteko adituekin kontrastatzeko aukera emango digu”. "Helburua da maila globaleko esperientzia aurreratuenak ezagutzea eta, batez ere, horiekin konektatzea; aldi berean, Gipuzkoan egiten ari garen lan guztiaren potentziala ezagutaraztea ere bilatzen dugu", azaldu du. Gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eskutik, lurraldea elkarlaneko gobernantzaren aldeko apustu sendoa egiten ari da, etorkizuneko erronkei erantzuteko, eta lan eredu horren protagonismoa areagotu egin da, pandemiaren ondorengo agertokia diseinatzerako orduan.

Bestalde, Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak, honako hau azaldu du: “Etorkizuna Eraikiz kongresu honez bidez bi helburu nagusi lortu nahi dira: ekimena martxan jarri zenetik gaur egun arte gauzatu diren hainbat proiektuei buruz gizarteari informazio eguneratua ematea, eta kanpoko adituek ekimen interesgarri hau gertutik ezagutu eta baloratzea. Euskal Herriko Unibertsitateak, hasiera hasieratik, ekimen honen filosofiarekin bat egin du eta lurraldearen garapenerako guztiz baliagarriak diren hainbat proiektu kolaboratibo kudeatu ditu”.

Xabier Riezu, Deustuko Unibertsitateko errektoreordeak, bere aldetik, adierazi du Gipuzkoarentzat, kongresu hau Etorkizuna Eraikizek egindako ibilbidea nazioarteko adituei ezagutarazteko aukera izango dela. “Gipuzkoak lankidetzazko gobernantzan egindako bidea nazioartean dagoen ezagutzarekin kontrastatzen lagunduko digu. Kontraste horrek irakaspenak utziko dizkie gure agintariei eta Etorkizuna Eraikizeko gainerako eragileoi; eta, noski, kongresura inguratzen diren guztiei: kanpoko gonbidatu eta adituei, eta bertakoei”, azaldu du. “Bestalde, kongresuak Gipuzkoako unibertsitateen arteko eta hauen eta gainontzeko unibertsitateen arteko harremanak sendotzeko balio behar luke guretzat horren esanguratsua den esperientzia honen inguruan”, gaineratu du.

          Azkenik, Jon Altuna Mondragon Unibertsitateko errektoreordeak esan du “Etorkizuna Eraikiz ekimenak Mondragon Unibertitatearen gizartea eraldatzeko misioarekin bat egiten du eta gur izaera kooperatiboak bultzatuta azken urteotan buru belarri ari gara lanean Foru Aldundiarekin eta Gipuzkoako beste hainbat eragileekin batera Gipuzkoa Think Tank-eank Etorkizuna Eraikiz Foroan, proiektu esperimentaletan eta erreferentzia zentroetan”. Aipatu du baita ere “Nazioarteko kongresu hau sekulako aukera da Etorkizuna Eraikizeko lerro ezberdinetan dihardugun eragileak bat egiteko nazioarteko erreferentziazko ikerlari eta erakundeekin, eta era berean gure inguruko gizartearekin topagune bat izateko”.

 

Programa

Kongresua abenduaren 13an, astelehena, hasiko da. Goizeko 9:00etan abiatuko da, irekiera instituzionalarekin. Lehen hitzaldia Cinzia Alcidik egingo du, CEPS (Centre for European Policy Studies) erakundeko Politika Ekonomikoko Unitateko buruak eta ikerketa-zuzendariak. Bere hitzaldiaren ondoren, Etorkizuna Eraikiz aletzeko saio paraleloak osatuko dira aipatutako lau panelen bidez: Gobernantza, Ongizate Estatuaren etorkizunak, Ekonomia Iraunkorra eta Trantsizio Ekologikoa. Lan-dinamika horrek garrantzi handia izango du Kongresuan, eta bi ordu inguruko iraupena izango du.

Hurrengo egunean, abenduaren 14an, jardunaldia goizez egingo da berriro ere. Kongresuko bigarren egunaren aurkezpena egin ondoren, hitzaldia emango du Göteborgeko Unibertsitateko katedradun eta ESADEko irakasle bisitari den Victor Lapuentek. Ondoren, saio paraleloak bilduko dira berriro ere, balorazioa lantzeko eta batzorde aholkularien ekarpenak jasotzeko, aurretik aipatutako lau lan-arloetan. Dinamika horiek amaitu ondoren, foroa berriro bilduko da osoko bilkuran, lau panelen ondorioak aurkeztu eta bateratzeko.

  

1895