Ozeanoen Munduko Eguna
Ozeanoen Munduko Eguna
Garbi ditzagun gure Ozeanoak
Ozeanoak, basoak bezala, gure planetaren birikak dira.
Lurretik edo ibai bateko ubidetik plastiko bat jasotzea herritartasun eta solidaritate keinu bat da.
Ostiral honetan, ekainak 8, Ozeanoen Munduko Eguna ospatzen da, eta, urtero bezala, Ingurumen Eguna ekainaren 5ean ospatu ondoren iritsiko zaigu.
Aurten, ospakizun hori bat dator egunkarietan agertu den berriarekin, hau da, Ozeano Berean plastikozko irla erraldoi bat dagoela, Iberiar Penintsula baino hiru aldiz handiagoa. Gainera, beste lau irla ere badaude, erraldoiak denak, Indiako Ozeanoan, Atlantikoan, Artikoan eta Antartikoan.
Horrela, aurtengo ospakizunaren bidez, plastikoak ozeanoetan sortzen duen kutsaduraren berri eman nahi da eta ozeano garbiagoak izateko soluzioak proposatu. Aurtengo esloganak «Garbi ditzagun gure ozeanoak» ohartarazten gaitu egun hau ez dela hausnarketarako eguna soilik, ekintzarako eguna ere badela.
Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak adierazi duenez «ozeanoak, basoak bezala, gure planetaren birikak dira, arnasten dugun oxigeno gehiena sortzen dutelako. Beraz, ozeanoen kudeaketa jasangarria lortzeko helburuaren inguruan mobilizatu eta elkartzeko eguna da, kontuan hartuta, gainera, elikagai eta sendagai askoren iturri direla eta biosferaren funtsezko zatia».
Ildo horretan, datuak benetan kezkagarriak dira:
-Ozeanoetako kutsaduraren % 80a gizakiek sortutakoa da.
- Urtero, 8 milioi tona plastiko iristen dira ozeanoetara.
- Ozeanoetan sortutako plastiko bidezko kutsaduraren eraginez milioi bat itsas hegazti hiltzen dira urtero, eta 100.000 itsas ugaztun.
- Arraiek ozeanoan dagoen plastikoa jaten dute eta, gero, guk arrai horiek jaten ditugu.
- Urtero, plastikoak 8.000 milioi euroko gastuak sortzen ditu itsas ekosisteman.
Plastikoaren aurkako borrokak herrialdeen eta herritarren ahalegin partekatua eskatzen du. Horrela, Jose Ignacio Asensioren iritziz, «potentzia handiek ozeanoetan dagoen plastikoa kentzeko baliabide guztiak jarri behar dituzte, oraindik posible den neurrian. Eta, guk denok ahalegin guztia egin behar dugu egunero plastiko gutxiago erabiltzeko».
Beraz, erabilera bakarreko plastikoak ez erabiltzeko egin beharreko kontzientziazio lanaz gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako herritarrek ozeanoen aldeko jarrera bultzatu behar dute eta, horrela, gure ibai, hondartza eta labarretara plastikozko botila, poltsa, ontzi edo objektu bat bera ere ez iristea izango da gure helburua; izan ere, «plastiko bat jasotzea edo ontzi bat dagokion edukiontzian uztea herritartasun eta solidaritate keinu bat izateaz gain, poz handia eragiten dio keinu hori egiten duenari» esan du bukatzeko foru diputatuak.
2083