Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundia elkarlanean arituko da Oiartzungo Udalarekin Madalensoro frontoia berritzeko

Aldundia elkarlanean arituko da Oiartzungo Udalarekin Madalensoro frontoia berritzeko

Aldundiak 397.060 euro jarriko ditu

Denis Itxaso Kultura eta Kirol Departamentuko diputatuak eta Jesús Leonet Oiartzungo alkateak hitzarmena sinatu dute Madalensoro frontoia eraberritzeko obrak direla eta.  Foru Aldundiak 397.060 euro jarriko ditu lan horietarako. Esku-hartze horren bitartez, area horiek herritar guztiek erabiltzeko baldintzak hobetu nahi dira.

Alkateak eta diputatuak frontoia ikusten izan dira, gaur egun duen egoera ezagutzeko eta lekuan bertan hobekuntza lanen proiektua aztertzeko.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza hori; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. 

Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Udalaren ardura izango da obrak gauzatzea, eta amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Instalazioek kirol erabilera izango dute 10 urteko epean gutxienez.

Hauek izango dira lanak: aurreko fatxada eraberritu, eraikina irazgaiztu, irisgarritasun arauetara egokitu eta tentsio baxuko instalazio elektrikoa jarri.

Aldundiak lurraldeko baliabide energetikoak  optimizatzeko garatzen dituen politikei jarraituz, plan honetan sartuta dauden proiektuen xede diren eraikinetako jarduketa guztiek proiektuaren eta bukatutako eraikinaren Efizientzia Energetikoko Ziurtagiria aurkeztu beharko dute.

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Jexux Leoneten arabera, “berrikuntza hau oso garrantzitsua de Oiartzungo herriarentzako. Guk, gunea berritzeko plan orokorrago batean sartzen dugu plan hori: Beheko plaza, Rafael Pikabeako pista anitzeko zona eta Madalensoro frontoia bera”.

Bai Oiartzungo Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta

  

2072