Olanok dei egin dio Gipuzkoako gizarteari, “maila guztietan lankidetzan aritzeko”
Olanok dei egin dio Gipuzkoako gizarteari, “maila guztietan lankidetzan aritzeko”
Lankidetza eta Gipuzkoa ereduan sakontzea, lurraldea desberdintasunaren aurkako borrokan “nazioarteko erreferentzia” bihurtzeko giltzarri.
Gipuzkoak “mundu mailako erreferentzia» izan nahi du elkartasunean eta desberdintasun sozialak murrizten, eta hori lortzeko bidea gizartearekiko lankidetza eta Gipuzkoa ereduan sakontzea dira, eskema sozioekonomiko horri esker bihurtu baita Gipuzkoa ongizate maila altuko lurralde aurreratu. Hori da Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur marraztu duen estrategia, eta 2020-2023 aldirako Gipuzkoako Foru Aldundiak landuko duena. “Ziurgabetasunez betetako bidea dugu aurretik, etorkizuneko ongizatea bermatzeko, baina, aldi berean, oinarri sendoa dugu, eta Gipuzkoako gizarteak hori lortzeko duen potentzial guztia”, defendatu du.
Planteamendua foru erakundeak legealdi honetarako prestatu duen Kudeaketa Plan Estrategikoan jasota dago. Gaur aurkeztu da jendaurrean, 300 pertsona ingururen aurrean, Donostiako Tabakalera kultura garaikideko zentroan. Ekitaldian izan dira, Olanoz gainera, foru gobernuko kide guztiak eta lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien ordezkariak; honako hauek, besteak beste: Eduardo Junkera, ADEGIko lehendakaria; Iñigo Ucin, MCCko lehendakaria; Nerea Ibañez, ASPEGIko zuzendaria; Asier Vitoria, Gureakeko zuzendari nagusia; Esther Larrañaga, ASPACE Gipuzkoako zuzendaria; Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria; Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Miren Vives, Balenziaga Fundazioko zuzendaria. Ekitaldian izan dira beste hauek ere: Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, eta Arrasate, Elgoibar, Pasaia, Zarautz edota Zumarraga herrietako alkateak, Eneko Goia Donostiako alkatea buru zutela.
Diputatu nagusiak hitzaldian azpimarratu du desberdintasunaren aurkako borroka izango dela Aldundiaren helburu nagusia 2020-2023 aldian, baina abiapuntua sendoa dela adierazi du. Hala, adibide gisa jarri du Gini indizea bi puntu murriztu dela 2012tik, eta 25,3 mailan dagoela, Europan punta-puntakoak diren herrialdeen artean; langabezia tasa % 7 inguruan egonkortu dela, Europako batez bestekotik oso gertu; eta lurraldeak fiskalitate progresiboa duela, PFEZa bezalako zergetan ikus daitekeenez: diru sarrera handienak dituzten herritarren % 25ek laguntzen du zerga horren bidez egiten den diru bilketa osoaren % 70. Hala ere, triunfalismoetatik ihes egitera deitu du, besteak beste, lurraldean oraindik 38.000 pertsona daudelako pobrezia kronifikatzeko arriskuan.
"Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu hori lortu nahi du, eta, horretarako,Gipuzkoa eta bere eredua indartzeko proiektua gidatuko dugu, gizarte gipuzkoarrarekin batera", azpimarratu du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, "indartze" horrek, praktikan, honako hau dakar: enpresa eta proiektu jasangarri eta konprometituei laguntzea; kalitatezko enplegua sortzea; kohesio soziala indartu eta desberdintasunak murriztea; nortasun demokratikoa eta zibikoa sendotzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea; hizkuntza eta kultura berdintasunerantz aurrera egitea; aniztasunean sakontzea; eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea. Hori guztia, Gipuzkoako herritarren bizi kalitatea "kuantitatiboki eta kualitatiboki" hobetzeko helburuarekin.
Lau lehentasun eremu
Kudeaketa Estrategikoko Planean lehentasunezkotzat jo diren lau jarduera eremu nagusitan antolatu ditu erronka horiek guztiak Olanok. Lehenengoa, etorkizuna eraikitzeko ahalegin kolektiboa da; xedetzat izango ditu gizartearekiko harreman eredu berri batean sakontzea eta agenda politiko berri bat eratzea, non berdintasuna, klima aldaketa, aniztasuna edo gure zerbitzu publikoei eustea bezalako gaiak landuko baitira. "Horiek guztiak berebiziko garrantzia duten kontuak dira, eta gure agendaren erdigunean kokatu behar dute; izan ere, erronka horiei lurralde gisa erantzun behar diegu", berretsi du Olanok.
Arlo ekonomikoan, lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua dira jarduketa lerro nagusiak. Kalitatezko enpleguari dagokionez, Aldundia lanean jardungo da, lan aukera berria sortzeko, soldata arrakalak murrizteko edo kontziliazio arduratsua bultzatzeko, besteak beste. Garapen lehiakorrari dagokionez, Aldundiak enpresa eredu berri bat bultzatzen du, hazkuntza, nazioarteratzea, digitalizazioa eta barne-ekintzailetasuna xede dituen enpresa eredu bat, eta sektore ekonomikoen arteko oreka bilatzen du. Era berean, Aldundiak espezializazio adimendunaren eremua ere sustatuko du, etorkizuneko sektoreen aldeko apustua eginez, hala nola fabrikazio aurreratua edo elektromugikortasuna, berrikuntza eta ekonomia berriak.
Gizarte kohesioa sendotzeko eta desberdintasunak murrizteko, babes soziala, ongizatea eta elkarbizitza bermatzen arituko da Foru Aldundia. Horretarako, kudeaketa eredu jasangarri eta eraginkor bat sustatuko du eta Elkar EKIN Lanean estrategia indartuko du, legealdian zehar 5.000 enplegu sortu ahal izateko gizarte bazterketan edo arriskuan dauden pertsonei zuzenduta. Esparru honetan egingo duen beste apustu handi bat Ibili izango da, hizkuntzaren esparruko laboratorio iraultzailea, 2020-2030 aldian zabalduko dena. Orobat, gizarte zerbitzuetan pertsonengan ardaztutako arreta eredu bat zabaltzeko estrategiei jarraipena emango die Aldundiak, eta lurraldeko biztanleria gaztetzeko estrategiak lantzen jarraituko du.
Azkenik, elkarlana lehentasunezko esparrua izango denez, gobernantza kolaboratiboaren ereduan sakonduko du Aldundiak, joan zen legealdian abian jarritako bidean aurrera eginez. Horregatik, Etorkizuna Eraikiz proiektua finkatzeko lan egingo du, besteak beste, eta horren baitan planteatu diren erreferentziazko zentro berriak jarriko ditu martxan, Adinberri eta Mubil, kasu. Epe labur eta ertainean, foru administrazioa bera eraldatzeko erronkari heldu beharko dio Aldundiak, sekulako belaunaldi aldaketa gertatuko baita urte gutxitan Aldundiaren giza baliabideetan. Halaber, erakundeen arteko lankidetza sendotzeko estrategien artean, kogestioaren eta kopartaidetzaren ereduak bultzatuko ditu, genero berdintasunaren transbertsaltasuna sustatuko du eta Gipuzkoa Digitalaren aldeko estrategia baliaraziko du.
Jardun esparru nagusi horiek jorratzeaz gainera, fiskalitatea landuko du, aberastasuna sortzeko eta banatzeko lanabes nagusia baita zerga politika Foru Aldundiarentzat. Horrela, Kudeaketa Plan Estrategikoan jasota dagoen bezala, Foru Ogasunak ongizate gizartea bermatzeko zeregina beteko du, zerga sistemaren kudeaketa desberdintasun sozialak murriztera zuzenduz. “Gure zerga administrazioa da Gipuzkoako eta Euskadiko administrazioek eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak finantzatzeko tresna nagusia, eta, horrenbestez, Foru Ogasunak berebiziko garrantzia izango du legealdi honetan sustatuko dugun Gipuzkoa Eredu honi eusteko» adierazi du diputatu nagusiak.
Aurrerabiderako agenda
Denis Itxaso Kultura diputatuak bere hitzaldian nabarmendu duenez, Plan Estrategikoa Gipuzkoaren aurrerabiderako agenda bat da, eta proiektuak ez ezik, helburuak eta lehentasunak ere markatzen ditu. Agenda hau bat dator sozialdemokraziak defendatzen dituen balioekin, erdigunean jartzen baititu pertsonen ongizatea, jasangarritasuna, planetarekiko errespetua eta bizikidetza demokratikoa. Era berean, garbi geratzen da koalizio gobernuko alderdien akordioaren garrantzia eta datozen lau urteetan egonkortasunaren alde eta lurraldeari norabidea emateko egindako apustua.
Itxasok Gipuzkoak aurrera egiteko duen gaitasuna, zentzu sozial sakon batetik ere bai, eta aberastasuna azpimarratu ditu; baita baldintza txarretan ere, terrorismoaren jazarpenaren ondorioz 50 urtez bizi izandakoak kasu. «Gipuzkoak berrikuntzaren eta enpresen lehiakortasunaren bidetik aurrera egiten jarraitu behar du, aberastasuna modu ekitatibo eta justuan birbanatuko duen zerga-sistema batekin, gure benetako erronkari, berdintasunari, aurre egiteko». Kultura diputatuaren hitzetan, beharrezkoa da kontzeptu hori azpimarratzea, zentzu zabalean azpimarratzea ere, gazteak eta emakumeak sartzearen aldeko neurriak hartuz, enpleguaren eta kontziliazioaren kalitatea landuz, eta sektore ahulenak babestuz, batez ere adinekoak.
Gipuzkoaren hazkunderako eta garapen sozial eta ongizaterako oinarri izan behar duten proiektuak ezartzeko orduan, Itxasok adierazi du funtsezkoa dela talentuan oinarritutako ekonomia bat izatea, gai dena balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko eta enplegu kualifikatuak eta ondo ordainduak sortzeko. Lantegi honetan giltzarria izango da nitxo ekonomiko berrien aldeko apustua egitea, gure industria sendotu ahal izateko eta sektore berrietan ondo kokatuta egoteko, iraultza digitalaren eta klimaren erronkaren eskutik datorren eraldaketa nagusia lideratuko duten sektoreetan, alegia.
Irizpide horiek hartu dira kontuan Etorkizuna Eraikiz eta Gipuzkoaren aurrerabiderako agendaren parte diren proiektu estrategikoak definitzeko, ardatz hartuta zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, klima aldaketaren aurkako borroka, gastronomia digitala, kultura, edo zahartzea eta gure adinekoen bizi-kalitatea. Sektore horien inguruan, Ziur, Mubil, Labe, Naturklima, Koldo Mitxelena berria edo Adinberri eta bestelako proiektuek gipuzkoar gehienek partekatzen duten etorkizuneko Gipuzkoaren oinarriak finkatzen dituzte.
Itxasok, halaber, kulturak gizartea kohesionatzeko duen garrantzia azpimarratu du, baita komunitate bat eraikitzeko ere, finkatzen dituena bakean eta askatasunean oinarritutako bizikidetzaren oinarrian dauden balioak, eta zaintzen dakiena euskarak eta bere kultur ondareak erakusten duen aberastasuna. Zeregin horretan "funtsezkoa da gazteak kulturarekin birkonektatzea eta eskolatik bertatik egitea hori". Hori da, hain zuzen, Aldundiak datorren ikasturtetik aurrera abian jarriko duen Eskola Kultura programaren helburua.
1475