Ondare bizia, Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioaren ardatz nagusia
Ondare bizia, Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioaren ardatz nagusia
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak aurkeztu du aurtengo edizioa, ondare bizia ardatz izango duena. Ekimena urrian egingo da, «Ondarea bizirik! Patrimonio vivo» leloarekin.
María José Telleria, Kulturako diputatua: «Europako Ondareari buruzko Jardunaldiek laguntzen digute kultura bizikidetzarako esparru gisa ospatzearen balioa eta garrantzia aldarrikatzen».
Orainari begiratzea, oraindik bizirik dauden tradizio zaharren garrantzia aitortuz; lanbideak baloratzea, inoiz baino hobeto dakigunean oso garrantzitsua dela horiek kontserbatzea; arte eszenikoen izaera iragankorraz eta garrantzitsuaz gozatzea … Europako Jardunaldien edizio berri honek kultura bizitzeko eskaintzen dizkigun aukerak dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Ondarearen Europako Jardunaldien zortzigarren edizioa aurkeztu du gaur goizean, ondare bizia ardatz nagusi izango duena. “Ondarea bizirik! Patrimonio vivo” lelopean, Departamentuak gonbita luzatzen die herritarrei, ondarearen kontserbazioarekin, transmisioarekin eta balioespenarekin zerikusia duten ekitaldiak antolatzeko proposamenak egin ditzaten. Europako Kontseiluak sustatzen duen programa bat da, eta Kultura Departamentuak antolatzen du, Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetza estuan.
María José Telleria Kultura diputatuak zortzigarren edizio hau aurkeztu du. Harekin izan ditu Miren Ayerbe, Arma Plaza Fundazioaren koordinatzailea, eta Marta Fernández Caballero, bitxigintzako artista independentea.
Ekimen honen jarduerak urrian hasiko dira. Ondarearen Europako Jardunaldiek aurten, inoiz baino gehiago, gure ondarea bizirik mantentzeko modu desberdinak aztertzera gonbidatzen gaituzte: artisau-lanbideen bidez, kontserbatzeko eta zaintzeko tekniken bidez, zaintzen duten komunitateen bidez eta, batez ere, transmisioaren bidez.
Horrela, programan formatu desberdinetako jarduera ugari sartuko dira: gymkhanak, bisitak normalean sartu ezin diren lekuetara, bisitak azalpenekin, solasaldiak, kontzertuak, erakusketak, tailerrak eta abar; izan ere, proiektu honetan ondarea zabaltzeko erabiltzen diren formatuak askotarikoak izaten dira.
Telleriak ziurtatu duenez, «kultura ondareari buruzko jardunaldiek balio digute kultura bizikidetzarako esparru gisa ospatzearen balioa eta garrantzia aldarrikatzeko. Orainari begiratzeko, oraindik bizirik dauden tradizio zaharren garrantzia aitortuz; lanbideak baloratzeko, inoiz baino hobeto dakigunean oso garrantzitsua dela horiek kontserbatzea; eta arte eszenikoen izaera iragankorraz eta garrantzitsuaz gozatzeko. Europako Jardunaldien edizio berri honek kultura bizitzeko eskaintzen dizkigun aukerak dira».
Arma Plaza Fundazioak, Hondarribian duen kultura- eta turismo-informazioko zentroaren bidez, Hondarribiko kultura baliabideak zabaltzen ditu. Bere helburu nagusia udalerri osoa multzo gisa dinamizatzea da, harresi-barruko hiriaren eta harresietatik kanpo dagoen zatiaren arteko harreman historiko hori erakutsiz. Fundazioak Ondareari buruzko Jardunaldietan parte hartzen du 2016an Gipuzkoan ospatzen hasi zirenetik, era askotako jarduerekin: gorrentzako egokitutako bisitak, edo monumentu historikoak street art- eszenatoki izan direla aztertzen zuten bisitak, besteak beste.
Marta Fernandez Caballero, berriz, berria da Jardunaldietan. Arte Ederretan eta Biologian lizentziaduna da, eta bitxigintza independenteko irakasle eta diseinatzailea da duela 20 urtetik. Marta Fernández Caballerok edertasuna eta poesia bilatzen ditu naturan, eta bitxiak egiten ditu, eramailearekin batera bizitza osoan.
Teknologia eta material zaharrak eta garaikideak nahasiz, serendipiari lotutako planifikazio ordenatuarekin, betiere gorputzarekin lan eginez, bitxigintzaren behin betiko bizilekua.
2019tik, bitxigintza artistikoko saileko burua eta Bideberri BHIko proiektu-irakaslea da. Hainbat museorekin aritu da lanean, besteak beste, Madrilgo Arte Garaikideko Museoarekin, Lope de Vegako Etxe Museoarekin…, eta hainbat sari jaso ditu, bai estatuan, bai nazioartean.
Ekimenak aurkezteko epea
Programan parte hartuko duten jarduerak Gipuzkoa Kultura webgunearen bidez proposatu ahal izango dira apirilaren 21tik ekainaren 1era bitartean. Proposamenak edonork egin ditzake, entitateek, taldeek, enpresek edo norbanakoek, betiere horien xedea bada ondarea ezagutarazteko eta jaso dugun herentzia hori eta gure nortasuna osatu duen hori deskubritu eta gozatzera gonbidatzeko jarduera bat antolatzea.
Parte hartzeko gida eta bilera telematikoa
Proposamenak aurkezterakoan antolatzaileen lana errazteko, parte hartzeko gida bat argitaratu zen 2020an, Gipuzkoa Kulturaren webgunean eskuragarri dagoena.
Gainera, apirilaren 17an, astelehena, jardunaldietan parte hartu nahi duen edonorentzat irekia den bilera bat egingo da Koldo Mitxelena Kulturunean, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da. Informazio-bilera horretan zehatz-mehatz azalduko da ekimena, eta ondarearen festa horrekin bat egiteko jarraibideak eta ideiak emango dira.
Bilera horretan parte hartu nahi dutenek Gipuzkoa Kulturaren webgunearen bidez eman dezakete izena, helbide honetan:
https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kultura/patrimonio/proyectos/jornadas/europeas
Aurreko edizioan 138 ekitaldi antolatu ziren, 2020an baino % 15 gehiago. Bestalde, programa hau finkatuz doa lurraldean, eta aurreko edizioan jardunaldiak Gipuzkoako 35 udalerritara iritsi ziren. Parte hartzaileak, gainera, oso pozik daude jarduerekin, egindako inkesten arabera.
Programa jasangarria eta irisgarria
Ondarearen Europako Jardunaldiak Europako Kontseiluaren eta Europako Batzordearen ekimenak dira eta, Euskadin, hiru foru aldundiek bultzatzen dituzte, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
2016an sortu zenetik, 18.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoako lurralde osoan antolatu diren 500 ekitalditan baino gehiagotan, eta 40 udalerrik baino gehiagok hartu dituzte Ondarearen Europako Jardunaldien jarduerak.
2022ko edizioan hobekuntza asko egin ziren pertsona guztiek aukera izan zezaten Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeko. Programa PDF irisgarri batean argitaratu zen, eta brailezko eta erliebezko QR bat sartu zen azalean, programaren PDF irisgarria deskargatzeko aukera ematen zuena.
2021ean abiarazitako irisgarritasun-hobekuntzak mantendu eta hobetu egin ziren 2022an, eta, berrikuntza gisa, ekitaldiak laguntzen zituen Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) sartu ziren.
Gainera, aurten ere programak Euskal Herriko Unibertsitate Publikoaren lankidetza izango du, Gizarte Antropologiako Graduan irakasten duen Iñaki Arrieta irakaslearen eskutik; baita proiektuaren idazkaritza teknikoa daraman K6 Gestión Cultural enpresaren lankidetza ere.
Azkenik, ekimena gazteagoengana hurbiltzeko asmoz, Ondarearen Europako Jardunaldiek bigarren urtez jarraian lan egingo dute Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleekin.
2457