Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordea lehen aldiz batzartu da Geoparkean

Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordea lehen aldiz batzartu da Geoparkean

Erabaki da munduko lehen ‘100 Global Geosites’-en aurkezpena Gipuzkoan egingo dela datorren urtean.

Ondare Geologikoaren Nazioarteko Batzordea aurreneko aldiz bildu da Euskal Kostaldeko Geoparkean. Batzar horretan munduko interesgune geologikoen inbentarioa, ‘IUGS Global Geosites’ izenekoa, abian jarriko duen proiektuaren lehen urratsak eman dira eta erabaki da, besteak beste, Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkean aurkeztea, 2022 urtean. Zumaia eta Donostia artean egingo den biltzar garrantzitsu honek munduko lehen ‘100 IUGS Global Geosites’-en  berri emango du eta IUGSen 60. urteurrena eta UNESCOren Nazioarteko Geozientzia Programaren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da. Hala, Geoparkeko flyscha zientzia-programa garrantzitsu honen irudi eta erreferentzia bihurtuko da.

Bileran izan dira International Union of Geological Sciences-eko (IUGS)  idazkari nagusia den Stanley Finney eta taldeko beste hainbat nazioarteko ordezkari, eta Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa eta IUGSeko Nazioarteko Ondare Geologikoarean batzordeko presidentea. Jabier Larrañagaren, Gipuzkoako Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatuaren bisita izan dute baita ere.

Pozik azaldu da mugarriarekin Asier Hilario, izan ere, “ondare geologikoak lurraren memoria gordetzen du eta hori ulertzea ezinbestekoa da egun ditugun ingurumen erronka askori aurre egiteko. Ondare geologikoa natur ondarearen zati garrantzitsu bat da. “Urteetan zehar, Biotopoa eta Geoparkearen bitartez, erakutsi dugu ondare geologiko hau babesteko konpromisoa daukagula eta geoturismoaren eta txikienen hezkuntzaren bitartez bertako garapena bultzatzeko konpromiso hori frogatu dugu”, nabarmendu du. “Ondare Geologikoaren nazioarteko batzordea zuzentzea ohore bat da gure lurraldearentzako, nazioartean gero eta garapen handiagoa duen arlo honetan erreferente bezala kokatzen gaituelako”.

Era berean, Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkargoak, Foru Aldundiak eta Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak azken urteetan aurrera eramandako lankidetza indartzeko balioa izan du bilerak. Zentzu horretan, foru erakundeak, bere partetik, eskerrak eman egin dizkio IUGSeri “bere konfiantzagatik eta Gipuzkoan arlo honetan egiten ari garen lana nazioartean zabaltzeagatik. Oso berri pozgarria da 2022 urtean IUGS Global Geosite programa handia Euskal Kostaldeko Geoparkean aurkeztea, munduko lehen ‘100 IUGS Global Geosite’ lelopean. Natur ondarearen kudeaketan lurralde eredugarria izan nahi dugu mundu mailan, ondorengo belaunaldiek ere ezagutu eta gozatu ahal izan ditzaten hemen ditugun altxorrak. Eta Geoparkea oso euskarri garrantzitsua da konpromiso hori nazioartean proiektatzeko”, adierazi du Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatuak.

Geologia Zientziaren Nazioarteko Elkargoak (ingelesez International Union of Geological Sciences) munduko elkarte zientifiko zabal eta zaharrenetakoa da. Munduko 121 lurraldeek sortu zuten 1961. urtean eta gaur egun, milioi bat zientzialari baino gehiago eta 65 zientzia elkarte bateratzen ditu mundu guztian. Elkargoaren helburu nagusia da geologia zientziaren oinarriak zehaztu, jarraibideak definitu eta nazioarteko kooperazioaren bitartez gizakiaren ongizatearen alde proiektuak bultzatzea.

IUGSren lana batzorde desberdinetan gauzatzen da, esaterako, munduko mapa geologikoa, arroken sailkapena edo denbora geologikoaren banaketa definitzen dituzten batzordeak daude. 2020 urtean IUGSek Ondare Geologikoaren Batzordea sortu zuen (International Commission on Geoheritage IUGS-ICG) nazioartean ondare geologikoaren azterketarako eta kudeaketarako jarraibideak zehaztu eta nazioarteko kooperazioa sustatzeko, eta, Asier Hilario, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoa, izendatu zuten Batzordeko presidente.

Hala ere, IUGSen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana 2010 urtean Zumaiako flyschean urrezko iltzeak jarri zirenean sinatutako hitzarmenarekin hasi zen. Azken urteetan ikono geologiko honetan egin den kudeaketa nazioartean eredu bezala jarri ohi du beti IUGSek. 2011 urtean elkarte honen batzar nagusia foru jauregian batzartu zen eta 2012. urtean Munduko Kongresu Geologikoa Donostian antolatzeko hautagaitza prestatu zen.

Horrez gain, 2017an Markel Olano diputatu nagusiak harrera egin zion IUGSeko idazkari nagusia den Stanley Finney geologo kaliforniar ospetsuari, eta Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkearen balio geologiko, natural eta kultural nagusiak ikerkuntza bultzatuz zaintzea, eta zientziaren arloan mundu mailako erreferentea izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.

 

100 Global Geosite

Orain lehen aldiz batzorde honetako arduradunak Euskal Kostaldeko Geoparkean bildu dira etorkizuneko oinarriak eztabaidatu eta onartzeko. AEB, Txina, India, Alemania, Frantzia, Maroko eta Espaniako ordezkariak etorri dira Asier Hilariok eta Stan Finneyk antolatu duten bilera horretara. Batzorde horrek duen erronka nagusiena munduko ondare geologikoaren inbentarioa martxan jartzea da. Inbentario horrek IUGSen eta UNESCOren babes osoa jaso du eta jada eman dira lehen pausuak oinarriak zehaztu eta nazioarteko adostasunak lortzeko.

Foru Aldundiak Etxetar Group taldearekin duen hitzarmenaren bitartez enpresa talde horrek biotopoan duen Amalur egoitzan egin da bilera. Esan bezala, bertan erabaki da, besteak beste, aipatutako inbentario horren aurkezpena Euskal Kostaldeko Geoparkean egingo dela datorren urtean. Bertan, munduko lehen ‘100 Global Geosite’-ak aurkeztuko dira eta Euskal kostaldeko flyschak zerrendako leku nabarmen bat hartuko du.

  

2391