Donostiako bere 2. opera-denboraldia aurkeztuko du Opus Liricak
Donostiako bere 2. opera-denboraldia aurkeztuko du Opus Liricak
Pucciniren ‘La Bohème’, opera-ikuskizun bat eta kontzertu bat Kursaaleko Auditorioan, eta, Victoria Eugenia Antzokian Glucken ‘Orfeo ed Euridice’ opera osatuko dute denboraldi berria.
Sortu eta hiru urtera, konpainiak bere xede nagusia bete du: Donostian opera-denboraldi iraunkorra eratzea.
Donostiak opera izateko helburuarekin jarraitzen du Opus Lirica konpainiak; hori dela eta, bere bigarren denboraldia, 2017/18, aurkeztu du. Kursaaleko Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian bi operek, kontzertu batek eta opera-ikuskizun batek osatuko dute 2. denboraldi hau, hain justu. Kolaborazio berriak ere izango ditu, besteak beste, Donostiako Orfeoiarekin edo Gasteizko Arké konpainiarekin koproduzituz. Hori gutxi balitz, Donostia Kulturak eta Kursaal Eszenak euren programazioaren berrian sartzen jarraituko dituzte produkzio hauek, eta, atzerriko eta bertako artista lirikoak ere ekartzen jarraituko du Opus Liricak.
“Aurkezpen hau pausu garrantzizkoa da oso konpainiaren ibilbidean, Donostian opera-denboraldi iraunkorra sortzeko helburuz sortu baitzen, eta, hiru urtetako lan handi eta gogorraren ondoren, lortu egin dugu. Amets hau errealitate bilakatu zen lehen denboraldiarekin, eta, orain, aurrera daramagun denboraldi berri honekin Donostian operaren finkapena lortu dugu”, adierazi du Opus Liricako presidente Chomin Martinek. Hori dela eta, instituzio eta kultur-eragileei eskerrak eman nahi izan dizkie Martinek: “Eurek gabe, hau ez litzateke posible izango eta etorkizunean ere ez da posible izango. Proiektu hau egi bilakatu da denon laguntzaz eta denok elkarrekin goaz. Baina azpimarratu nahi dugu ere jasotzen dugun laguntza ekonomikoa ez dela nahikoa maila honetako denboraldi bat mantentzeko. Hori dela bide, instituzioei dei egiten diegu laguntzen jarraitu eta diru-laguntza areagotzeko, Donostiak merezi duen maila kualitatiboa mantendu ahal izateko, zehazki.
Bi opera, opera-ikuskizun bat eta konzertu batekin datorkigu 2017/18 denboraldia. “‘La Traviata’ eta ‘Carmen’ operek izandako harrera itzelaren ondoren, Kursaala lau gauez betez, Donostian opera ikusteko zaletasuna badagoela eta jendeak opera nahi duela erakutsi dugu. Beraz, eskuak bete sorpresa eta nobedade gatozkigu”, azaldu du Martinek.
Denboraldiko lehen ekitaldia, zehazki, Kursaaleko Auditorioan 2017ko urriaren 27an egingo den opera-ikuskizuna izango da. Opus Lirica Orkestra Arkaitz Mendoza donostiarrak zuzenduko du, gainera. “Konpainiak egindako aurreko zazpi operen oroitza izango da, beren unerik hoberenen aukeraketa batekin, proiekzio eta argiekin, orkestra fosoan eta bakarlari eta abesbatza eskenatokian. Opera handi bat bailitzan, eskenatokian antzeztuko dute, baina hiru urte hauetako zazpi operen musikaren uztarketarekin”, azaldu du Ainhoa Garmendia Opus Liricako zuzendari artistikoak. Han artista askok parte hartuko dute, besteak beste, Ainhoa Zubillaga, Jagoba Fadrique, Haizea Muñoz, Ainhoa Garmendia, Christopher Robertson, Alicia Amo eta Marifé Nogalesek.
Opus Liricak antolatu bigarren ekitaldia Pucciniren ‘La bohème’ produkzio handia izango da, 2018ko martxoaren 2 eta 4ean Kursaaleko Auditorioan. Opera-errepertorioko titulurik adierazgarrienetakoa dugu hau, Giacomo Pucciniren maisulana, hain zuzen ere. “Historia itzel bat da, ikaragarrizko musika ederrarekin. Gure produkzioa gaurkoturikoa izango da, aktore talde gazte eta fresko batekin”, azaldu du Garmendiak.
Orfeoiarekin aurreneko kontzertua
Hirugarren ekitaldia 2018ko apirilaren 19an izango dugu Kursaaleko Auditorioan. Ezbairik gabe, denboraldiko nobedadeetako bat dugu, izan ere, Orfeoi Donostiarrak eta Opus Liricak eskenatokia konpartituko duten aurreneko aldia izango baita. Biek opera-abesbatzen kontzertua emango dute, hainbat bakarlarirekin, gainera.
“Garrantzia Orfeoi Donostiarrak izango du. Produkzio erabat euskalduna izango da, gure xedea, donostiar konpainia garen heinean, bertako artista eta musikoak bultzatzea baita. Orfeoiarekin kolaborateko gogo handiz geunden, artistikoki hiriko bitxietako bat baitugu Orfeoia, eta, gure filosofia bide horretatik baitoa beti: bertako kalitatea”, azpimarratu du Martinek. Era berean, Garmendiak honakoa gehitu du: “Ekitaldi zoragarria izango da, emozioz beterikoa eta kalitate handikoa”. Izan ere, orkestra eta Orfeoia eskenatokian izango dira-eta elkarrekin.
Arké-rekin lehen produkzioa
Azkenik, Glucken ‘Orfeo ed Euridice’ izango da laugarren titulua, Arké arabar konpainiarekin koprodukzio gisa. Victoria Eugenia Antzokian 2018ko ekainaren 1 eta 3an izango da ikusgai, hain zuzen. “Denboraldi honetako beste nobedadeetako bat dugu hau, hemengo beste antzoki batzuekin kolaboratzeko xedea ere badu-eta Opus Liricak. Aurrenekoa Arkérekin izango da, Gasteizen gure helburu berberekin sortutako arabar konpainia gaztea. Bi funtzio Donostian eta beste bi Gasteizen izango dira, zehazki.
1902