Breadcrumb

Asset Publisher

Back Ordiziako Herri Antzokiak hartuko du Natura eta Ingurumeneko III. Zinema Erakustaldia

Ordiziako Herri Antzokiak hartuko du Natura eta Ingurumeneko III. Zinema Erakustaldia

Martxoaren 28an, 19:00etan, Ordiziak GNAT Zinemako hirugarren edizioko filmetako bat proiektatuko du: “Fire of love”.

2023/03/22
Convenio Eitzaga

GNAT Zinema Natura eta Ingurumeneko Zinema Erakustaldiari edizio honetan gehitu zaizkion bi egoitza berrietako bat da Ordizia.

José Ignacio Asensio: «Zinema erakustaldi honek meditaziora gonbidatzen gaitu, errealitateaz jabetzera, eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera».

Maitane Alvarez: «Oso garrantzitsua da gure biodibertsitatea zaintzea, eta horrekin dugun konpromisoa irmoa da. Jarduera horiek aukera bikaina dira naturak gure bizitzan duen balio handiaz jabetzeko».

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak gaur goizean aurkeztu du Ordizian, martxoaren 23tik 30era bitartean Gipuzkoako bederatzi udalerritan egingo den ‘Gnat Zinema’ Natura eta Ingurumeneko Zinemaren III. Erakuskaldia. Ordizian izango da hirugarren edizio honen proiekzioetako bat, martxoaren 28an, 19:00etan, Herri Antzokian, “Fire of love” dokumentalarekin. Prentsaurrekoan José Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta Maitane Alvarez Ordiziako alkateorde eta Ingurumeneko zinegotzia izan dira.

Zinema Erakustaldiaren helburua da naturarik hurbilenaren berri ematea, kalitatez, pertsonok naturarekin ditugun harremanak sakonago aztertuz eta gizarteek naturarekin erlazionatzeko dituzten moduak ezagutaraziz, ikuspegi desberdinetatik: natura gizadiaren kulturan, gure aztarna naturan, pertsonen eta animalien arteko batasuna, haurrak eta natura.

Aurten, Gipuzkoako bederatzi udalerri hauetan izango dira Gnat Zinemaren emanaldiak: Azpeitian, Eibarren, Errenterian, Mutrikun, Oñatin, Ordizian, Donostian, Tolosan eta Zumarragan. Herri horietan, naturarekin lotutako 11 film emango dira, hala nola «El leopardo de las nieves», «We the power», «Salvar Tenerife», «Fire of love», «Aware», «Con la fuerza del viento», «Forest for the trees: The tree planters», «Cuerdas», «Joy», «Ganado o desierto» eta «Entre montañas».

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak jakinarazi duenez, “Gnat Zinema proiektua zabalik dago naturaren alde zerbait egin nahi duen ororentzat, bai naturaren defentsaren arlotik, bai sormenaren dibulgazioaren arlotik jardunda”.  Era berean, Asensiok azpimarratu duenez, «zinema erakustaldi honek meditaziora gonbidatzen gaitu, errealitateaz jabetzera, eta nor garen eta gure ingurunearekin nola erlazionatzen garen hausnartzera».

Bestalde, Ordiziako Udaleko alkateorde eta Ingurumeneko zinegotzi Maitane Alvarezek adierazi duenez, «oso garrantzitsua da gure biodibertsitatea zaintzea, eta horrekin dugun konpromisoa irmoa da. Jarduera horiek aukera bikaina dira naturak gure bizitzan duen balio handiaz jabetzeko».

Ordiziako emanaldia

Beraz, Sara Dosak zuzendutako eta National Geographic-ek ekoitzitako “Fire of love” proiektatuko da Ordizian. Film honek Katia eta Mauricie Kraft-en maitasun istorioa kontatzen du. Esploratzaile bikote bat zen, sumendiak inoiz ikusi gabeko hurbiltasunean filmatzeagatik bizitza jokatu zuena. Katia geokimikoa zen eta Maurice geologoa, eta Etna eta Strombolia bere erreferenteak. Elkarrekin bizitza zirraragarria, maitasun bolkanikoa eta jolasean bizi izan ziren.

70eko hamarkadan, bi hamarkada iraungo zuen bilaketa bateratu bati ekin zioten, eta mundu osoan zehar bidaiatu zuten, sumendien erupzioa aztertzeko. Zaire, Hawaii, Indonesia, Ameriketako Estatu Batuak, Japonia… Mauricek 16 mm-ko filma egin zuen, eta Katiak kraterren oinezko argazkiak atera zituen. Inoiz ez zen antzeko irudirik ikusi. Sara Dosa zinemagileak abentura gogoangarri bat eraiki du Katia eta Mauriceren oharren eta idazki pertsonalen artxiboko material argitaragabearen 200 orduekin.

Dokumental honek hainbat sari ditu: DocsBarcelona 2022ko film onenaren saria, Sundance 2022ko Jaialdian muntaia dokumental onenaren saria, Jonathan Oppenheim edizio saria eta SXSW 2022 Film Festival hautaketa ofiziala.

Sarrerak doan izango dira, eta egoitza bakoitzeko ohiko saltokietan edo Gipuzkoa Ingurumena web gunean eskuratu ahal izango dira:(https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ingurumena/gnaturaldia/zinema/sarrerak)

  

2411