Breadcrumb

Asset Publisher

Back Osasun larrialdian indarkeria sexistari arretarako jarraibide berrien gida prestatu du Aldundiak

Osasun larrialdian indarkeria sexistari arretarako jarraibide berrien gida prestatu du Aldundiak

Dokumentuak "tresna erabilgarria" eskaintzen du erantzun "egokia, azkarra eta eraginkorra" emateko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko udalekin partekatutako azterketa egin ondoren, egungo larrialdi egoeran dagoen indarkeria sexistari aurre egiteko jarraibide berriak proposatzen dituen gomendio gida bat prestatu du. Dokumentu "irekia" da, eta hainbat gako proposatzen ditu indarkeria sexistak egungo osasun alertaren testuinguruan izan duen bilakaera ulertzeko, bai eta jarraibide eta jardunbide egokiak ere, erasoak eta indarkeriazko egoerak jasaten ari diren emakumeei arreta "egokia, azkarra eta eraginkorra" emateko.

Aldundiko Berdintasuneko zuzendariak, Miren Elgarrestak, gaur jakitera eman duenez, Aldundiko Berdintasun Organoak sortutako gidak "tresna baliagarria" izan nahi du gaur egungo egoeran emakumeen aurkako indarkeria jorratzen ari diren tokiko erakundeentzat eta teknikarientzat; izan ere, konfinamendu arauak leuntzen hasi dira dagoeneko, baina oraindik aste batzuetan indarrean jarraituko dute eta ondorengo fase batean ere erabilgarria izango da, indarkeria matxista jasan duten emakumeek arreta zerbitzuen erabilera areagotzea aurreikusten baita. "Gaian adituak direnek ohartarazi digutenez, indarkeria egoeren biktima diren emakumeek eusteko estrategiak erabili behar izan dituzte bizikidetza kudeatu eta bizirauteko; alde batetik, beren buruari eutsi behar izan diote eta, bestetik, haiekin bizi diren pertsonei, erasotzailea barne", adierazi du Berdintasuneko zuzendariak.

Beraz, gaineratu duenez, "beharrezkoa" da konfinamenduan eta ondorengo asteetan indarkeria matxista jasaten duten emakumeei ematen zaien arreta gure gizarteak inoiz bizi izan ez duen "esparru berri" horretara egokitzea. Salaketei buruzko datu ofizialen arabera, indarkeria sexistagatik jarritako salaketen kopuruak behera egin badu ere, Elgarrestaren hitzetan, beherakada hori "ziurrenik elementu berriek" eragin dute, eta elementu horiek indarkeria gertatzen den moduei eta kasuei eragiten diete. Orain arte bilakaera horri buruzko behin betiko zifrarik ez badago ere, lehen hipotesien arabera, konfinamenduan zehar erasotzaileen kontrol sentsazioa areagotu egiten da eta, neurri berean, erasotzailea salatzeko orduan areagotu egiten dira emakumeei atzera egin arazten dieten faktoreak. Adibide bat jartzearren, emakume askori bizi duten indarkeria beti lotsagarria iruditu bazaie, are lotsagarriagoa izan daiteke egoera honetan, non etengabe entzuten duten "arazo premiazkoagoak eta larriagoak" daudela. Ahaztu gabe konfinamendu egoeran emakumeek aukera gutxiago dutela, edo, behintzat, zailagoa dela -erasotzailearekin bizi baitira- laguntza baliabideak eskuratzeko informazioa eskaintzen dieten zerbitzuekin harremanetan jartzea. "Gida hau oso erabilgarria izan daiteke, ez soilik geratzen diren konfinamendu asteetan, baita datozen asteetan gerta daitezkeen laguntza premien gorakadari erantzuteko ere; izan ere, aukera ematen du izaten ari den bilakaeraren erradiografia zehatzagoa izateko, aurretik inoiz bizi izan ez dugun testuinguru honetan.

Gainera, abiapuntu egokia da berriz ere konfinatuta egon beharra gertatuz gero oso baliagarriak izan daitezkeen jarraibide berriak barneratzeko", azaldu du Miren Elgarrestak. Berdintasuneko zuzendariak adierazi duenez, osasun krisia dela eta etxean gelditu behar izan dugu, "erantzukizun kolektibo" gisa. "Behar horren emaitzak ikusten hasiak gara dagoeneko, baina ez dugu ahaztu behar etxea ez dela beti toki segurua emakume eta neska askorentzat", gaineratu du. Hori dela eta, indarkeria sexista pairatzen ari direnek jakin behar dute "administrazio guztiak eta gizartea" beraiekin daudela eta zerbitzu guztiak "uneoro laguntzeko" prest daudela. "Orain inoiz baino gehiago, indarkeria matxistaren aurka konprometitzeko unea da", adierazi du.

 

Arreta, detekzio eta sentsibilizaziorako jarraibideak

Errealitate berri horren aurrean, «Indarkeria sexista osasun larrialdian. Tokiko administrazioentzako gida» izeneko dokumentuak gomendio batzuk ematen ditu hiru mailatan banatuta.

Lehenik eta behin, azken asteetan udalerri batzuetan telefono bidez edo berehalako mezularitzaren bidez egin den arretan; bigarrenik, detekzioan, udal mailan sortutako programa soziokomunitarioez baliatzea egokia dela nabarmentzen baita; eta, azkenik, sentsibilizazioan, emakumeei nahiz herritar guztiei zuzendutako mezuen bidez.

Arretaren arloan, gidaliburuak dio jardunbide egokia dela nagusiki telefono bidezko arreta eta berehalako mezularitza erabiltzea indarkeria jasaten ari diren emakumeei erantzun egokia emateko. Detekzioaren arloan, osasun alarmaren aurretik (Emakumeen Etxeen edo Ahalduntze Eskolen eskutik) edo alarma egoeran zehar (elikagaien banaketa, zaintza sareak, etab.) sortutako sare komunitarioen lankidetza balioesten du, biktima izan daitezkeenak identifikatzeko. Sentsibilizazioari dagokionez, azpimarratu du osasun alarmaren testuinguruan indarkeria matxistak premiazko gaia izaten jarraitzen duela eta, beraz, arreta zerbitzuak egokitzeko eta laguntza eskaintzeko ahalegina egiten ari dela, sortzen diren premien arabera, administrazio eta erakundeetan hainbat mailatan egin den bezala.

 

Udalerri txikientzako laguntza eta aholkularitza

Dokumentua berdintasun zerbitzuekin eta lurralde osoko udalekin partekatu da, eta gogorarazten du, zoritxarrez, etxeak ez direla leku seguruak pertsona guztientzat, eta segurtasun falta hori larriagotu egin daitekeela konfinamendu egoeraren ondorioz. Emakume askoren kasuan, horrek ondoezak areagotu ahal izan ditu, ez bakarrik indarkeria egoerengatik, baita beren bizitzak aurrera ateratzeko zituzten baliabide asko desagertu edo mugatu direlako ere. Adibidez, zaintzekin lotutakoak, besteak beste, ikastetxeak, eguneko zentroak, jolaserako eta aisialdirako guneak, familia sareak eta abar. Elgarrestak gogorarazi duenez, alarma egoera hasi zenez geroztik, indarkeria matxistari aurre egiteko ardura duten erakundeek "lankidetza indartu eta osasun alarmaren aurrean eskaintzen dituzten zerbitzuak egokitu dituzte", indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei testuinguru berri batean "ahalik eta erantzun eraginkorrena" emateko helburuarekin. Esparru horretan, Berdintasunerako Organoak lan bateratua egin du azken asteetan lurraldeko udalekin, biktimek arreta jasotzeko orduan izan ditzaketen zailtasunak identifikatzeko, indarkeria mota horretan konfinamenduak duen eraginaren argazkia osatzeko, udalek abian jarri dituzten neurri eredugarriak identifikatzeko eta indarkeria egoeren aurrean jarduteko jarraibideak moldatzeko. Halaber, indarkeria matxistaren aurkako lana babesteko, 10.000 biztanletik beherako udalerriei laguntza eta aholkularitza zerbitzua eskaini zaie egoera berriari aurre egiteko, indarkeria matxistaren aurkako borrokarako baliabide gutxiago baitituzte.  

  

1803