Otsailaren 24an irekiko ditu ateak MUBIL Zentroaren Tolosako egoitzak
Otsailaren 24an irekiko ditu ateak MUBIL Zentroaren Tolosako egoitzak
Kontseiluak Eskuzaitzetako behin betiko egoitzaren proiektuaren erredakzioaren esleipena ere onartu du gaur.
MUBIL, Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Jasangarriaren Zentroaren proiektua abiadura hartzen ari da. Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur iragarri duenez, alde batetik, zentroaren behin behineko egoitzak datorren astean irekiko ditu ateak Tolosan, Usabal poligonoan. Eta, bestalde, Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du MUBILen behin betiko egoitza izan den Eskuzaitzetako (Zubieta, Donostia) proiektuaren erredakzioaren esleipena. “Bi iragarpen hauek, beraz, bi aurrera pausu oso garrantzitsu dira proiektuaren ibilbidean”, azaldu du Mendozak, gogoratuz MUBIL Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren aterkipean, bultzatzen ari den proiektu estrategikoen artean garrantzitsuenetakoa dela.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, astero bezala, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko. MUBIL gaiari helduta, nabarmendu du proiektuak lehen aldiz egoitza fisikoa izatea bultzada oso garrantzitsua dela. Irekiera ekitaldia Usabalen bertan egingo da baina, egungo egoera epidemiologikoa dela eta, irekiera ekitaldi murriztua izango da, osasun eta babes neurri guztiak zorrotz betez. Bertan parte hartuko dute lehendakariak, diputatu nagusiak eta proiektuarekin lotura duten foru diputatuak, eta Donostia eta Tolosako alkateek. Beraiekin izango dira mugikortasun berriaren arloko eragile nagusien ordezkariak.
Egoitzaren inguruan, eta Mendozak gogoratu duenez, eraikinak 2.300 metro karratu inguru ditu: beheko solairuan kokatzen da sarrera eta 90 metro karratuko showroom bat, non MUBILen zergatia, helburua, aparteko balioaren proposamena eta bilakaera jasotzen diren. Lehen solairuak 500 metro karratu ditu, eta hemen kokatzen dira bulegoak, formakuntza gela eta laborategia erabiltzen ari diren enpresentzako tokia. Aipatutako laborategia bigarren solairuan dago ezarrita, 1.400 metro karratu inguru hartzen dituelarik. Energia biltegiratzearen arloko laborategi aurreratua da, eta CIDETEC-k kudeatzen duena.
Bestalde, Eskuzaitzetako behin betiko egoitzari dagokionean, Mendozak adierazi du gaur onartu dela proiektuaren erredakzioaren esleipena eta, honenbestez, MUBILen behin betiko egoitza errealitate bihurtzeko prozesuak erritmo onean jarraitzen duela. 352.715 euro bideratu dira egitasmo honetara, Idom enpresari esleitu zaio eta bost hilabeteko epea izango du lanak egiteko. “Dakizuenez, Aldundiak jada erosia du MUBILen behin betiko egoitza ezarriko den lursail”, esan du Mendozak. Lursail horretan, 10.000 metro karratu erreserbatu dira MUBIL-en eraikinarentzako, eta beste 40.000 metro gorde dira inguruan, mugikortasun berriaren arloko eragileak erakarri eta esparru honetako polo garrantzitsua eratzeko. Usabalen dauden baliabide eta laborategiaz gain, bigarren laborategi bat ere kokatuko da bertan, mugikortasun berriaren inguruan arituko dena: power train, hidrogenoa…
“Gipuzkoa eta Euskadi anbizio handiz jokatzen ari gara MUBIL proiektuarekin, herri bezala egiten dugun apustua da”, esan du Mendozak. Horrela islatu da, esaterako, Euskadi Next planean, MUBILek Europako funtsetatik 86,5 milioi euro lortzea espero baititu. “Diru hori lortuz gero, MUBILen egiten ari garen inbertsio osoa 156 milioi eurora igoko litzateke, gure lurraldearentzako sekulako apustua”, aldeztu du foru bozeramaileak. “Mugikortasuna iraultza betean dago, eta Gipuzkoak ondo kokatuta egon nahi du lasterketa horretan. Diputatu nagusiak esan ohi duen, egun dauden ziurgabetasunei aurre egiteko modurik eraginkorrena esku artean ditugun apustu estrategikoekin jarraitzea da”, adierazi du gaiarekin amaitzeko.
Banda ultra azkarra
Eguneko bigarren erabakira pasata, Mendozak gogoratu du 2020 urte amaieran Aldundiak aurkeztu zuela banda ultra azkarra 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietara zabaltzeko dirulaguntza deialdia. Zehazki, Kontseiluak 2 milioi euroko laguntza deialdia onartu zuen telekomunikazioetako operadoreentzat, hirigunearekin lotuta ez dauden eta 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan dauden higiezin unitate sakabanatu guztiei azpiegitura hori emateko. “Azken urtetan egiten ari garen lanarekin, gure helburua da Gipuzkoako udalerri txikietako biztanle guztiek banda zabal ultraazkarrerako konektagarritasuna izatea 2022 urterako”, gogoratu du Mendozak.
Abiapuntu honetatik, gaurko Diputatuen Kontseiluak hartu duen erabakia da diru laguntza deialdiaren zuzkidura beste 420.000 eurorekin indartzea, jaso diren eskari kopurua eta lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa hasiera batean aurreikusitakoa baino handiagoa izan baita. “Orain, 420.000 euro gehigarri hauekin, behar gehigarri hauei guztiei erantzuteko gai izango gara. Erabakiak argi uzten du, beste behin ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak herri txikiekin eta landa ingurunearekin duen konpromisoa, hitzetan zein ekintzetan islatzen dena”, azpimarratu du foru bozeramaileak.
Gizarte ekimeneko entitateak
Bestalde, gizarte zerbitzuen eremuan diharduten irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko entitateei zuzendutako diru laguntzen deialdia ere onartu du gaurko Diputatuen Kontseiluak. Zehazki, laguntza deialdi honek hiru lan lerro aurreikusten ditu: gizarte esku hartzeko programak egiteko diru laguntzak; prebentzioko eta sentsibilizazioko programak egiteko diru laguntzak; eta gizarte behar berrien eta gizarte arretaren inguruko ikerketa eta berrikuntza proiektuak egiteko diru laguntzak. Mendozak azaldu duenez, guztira 1.063.526,00 euro bideratuko ditu Aldundiak laguntza lerro honetara.
“Urtero egin ohi den deialdia da eta, beroni esker, gizarte politika arloan interesagarriak deritzogun hainbat ekimenen finantzaketan laguntzea ahalbidetzen da”, esan du. Pasa den urteko deialdiarekin, esaterako, 310 proiektu lagundu zituen Aldundiak, 100 entitate ezberdin baino gehiagok bultzatuta: gizarte esku hartzeko 167 proiektu, non 98 entitatek hartu zuten parte; prebentzio eta sentsibilizazio arloko 84 proiektu, 68 entitateren parte hartzearekin; eta gizarte beharrei buruzko ikerketa eta berrikuntza arloko 8 proiektu. Gainera, ekipamenduak erosteko ere 51 ekimen lagundu dira. Proiektu gehienak mendekotasuna eta desgaitasunaren arloan kokatzen dira, diruz lagundu direnen % 60 inguru. “Azken 10 urteetan, diru laguntza deialdi honen bitartez 10 milioi euro baino gehiago bideratu ditugu esparru honetako ekimenetara”, gogoratu du Mendozak.
Gizarte politikako partea
Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Foru Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, gaur egun 8 kasu positibo daude, bost egoitza ezberdinetan: 1 Irungo Gurutze Gorrian, 2 Donostiako Berminghamen, 3 Tolosako Iurreamendin, 1 Donostiako Sanitas Miramonen eta beste 1 Arrasateko San Juan de Diosen. Hauetatik 7 Eibarko Ospitaleko planta sozialean eta Ordiziako San Jose erreferentzia zentroan daude, bi baliabide hauetan artatzen baitira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak. Honen helburua egoitzetatik kasu positiboak ateratzea da, kutsatze arriskua murriztu eta bisitak egiten jarraitu ahal izateko. Abuztutik hona, 154 egoiliar zendu dira eta 668 egoiliarrek gainditu dute gaitza Gipuzkoako adinekoen egoitzetan.
Zentro hauetako langileen kasuan, egun 30 langile daude diagnostiko positiboarekin, 17 egoitza ezberdinetan. Abuztutik hona, 546 langilek izan dute gaixotasuna eta sendatu dira. Eguneko zentroen kasuan azken astean 6 positibo berri atzeman dira eta, desgaitasuna dutenei arreta emateko baliabidetan, azken astean 5 positibo atzeman dira. Gizarte inklusioaren kasuan, azken astean ez da positiborik izan, eta ezta ere adingabeen arretarako baliabide sarean. Azkenik, PCR frogei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, 108.048 proba egin ditu, pasa den astean 5.273 egoiliarren eta langileen artean.
2381