«La Argentina», Donostiako Hitzarmenetik abiatutako Bake-ituna erakusketako protagonista
«La Argentina», Donostiako Hitzarmenetik abiatutako Bake-ituna erakusketako protagonista
Koldo Mitxelenako kulturguneko ganbaran ikusgai
1930. Donostiako Hitzarmenean. Historia eta sinkopea Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran egongo da ikusgai ekainaren 10etik irailaren 4ra bitartean.
Erakusketak Isabel de Naverán izango du komisario, eta Errepublikaren irudiaren feminizazioa eta feminizazio hori Antonia Mercé “La Argentina”-rengan hezurmamitu izana landuko du.
Donostiako Hitzarmenak bidea prestatu zion Bigarren Errepublikari.La Argentina, Errepublikaren beraren kultur adierazle gorena izan zena, 1936aren uztailaren 18an hil zen Donostiatik hurbil, euskal dantzen erakustaldi batera joan ondoren, estatu-kolpearen albisteek hunkituta. Bazirudien artistak interpretatutako piezetan, haren aztoramen fisikoak eta gorputzak berak, hezurmamitu egin zituela gertakari historikoak. Inflexio hori garai historiko eta politiko bereko beste obra eta artista batzuengan ikus daiteke.
1930. Donostiako Hitzarmenean. Historia eta sinkopea, Isabel de Naverán komisario izanik, Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatu dute, Telefónicaren babesarekin, eta Bake-ituna proiektuan kokatuta dagoen ikerketa-kasua da. Gaur arratsaldeko 19:00etan inauguratuko da eta irailaren 4 arte Koldo Mitxelenako Ganbara aretoan egongo da ikusgai.
Aurkezpenan parte hartu dute Denis Itxaso Kulturako foru-diputatuak, Pablo Berástegui Donostia 2016ko zuzendari nagusiak, Pedro G. Romero Bake-ituna proiektuko komisarioak, Isabel de Naverán, erakusketako komisario eta Idoia Zabaleta, Envolturaprodukzioko dantzariak.
Erakusketak Gerra Zibilaren mehatxuaren aurreko erreakzio gisa aztertzen du La Argentinaren heriotzaren gertakizuna; izan ere, haren gorputzaren konbultsioak, modu adierazgarri eta sinbolikoan bada ere, bidean zen oinaze kolektiboa irudikatu zuen. Bai haren kasua, Bigarren Errepublikaren bukaerarekin batera jasotakoa, bai Donostiako Hitzarmena, mugarri historikoak izan ziren eta, aldi berean, historiak gaur egun gure begien aurrean diren hori bilakatu zituen. Gertakarien eta haien interpretazioen arteko tirabira horiek elikatzen dute erakusketa, eta haren xedea lotura hori bera historiaren irakurketa-prozesuan aurkeztea da, kontaketa gisa, idazketa gisa eta ahots gisa.
Obrak
Premisa horren pean elkartu dira erakusketan Ricardo Verde Rubio (1876-1954) margolariak egindako bi koadroak. Lehenengoa,Espanya (1937), bigarrenaren aieru gisa irakur daiteke, Espanya victoria (Espainia/Errepublika/Askatasuna/Justizia) (1939) izeneko horrena, beheko ezkerreko aldean ageri diren bi esku edo atzaparrak direla eta. Erakusketako hirugarren koadroak Errepublikaren alegoria irudikatzen du eta mikrohistoria berri bat uzten du agerian, hain zuzen 1932an Ignacio Díaz Ruiz de Olanorentzat (1860-1937) modelo moduan posatu zuen Blanca Quintana (1916-2015) izeneko emakumeak bizitakoa. Koadro horren enkargua Teodoro González de Zárate Gasteizko lehen alkate errepublikarrak egin zuen –1937an exekutatu zuten soldadu frankistek–. Díaz Ruiz de Olano eta González de Zárate Gerra Zibileko lehenengo urte horretan hil ziren, baina bai Errepublikaren koadroak, bai Blanca Quintanak bizirautea lortu zuten.
Antonia Mercéren hileta-maskara da erakusketaren elementu nagusia, eta bertan jasotzen dira bilgarriaren inguruko ideiak, baina baita horien gabeziek uzten dituzten arrastoetan oinarrituta behin eta berriz berrirakurtzen den iragan baten interpretazioaren ingurukoak ere.
Envoltura
Ganbara aretoan zurezko harmaila bat kokatu da. Aurreko emankizun batetik berreskuratutako antzoki txiki horrek ikuskizunaren ideiari heltzen dio, egun eta ordu batean emankizun batera joaten den publikoaren topaketa kolektiboaren ideiari. Uztailaren 15ean 19.00etan interpretatuko den erakustaldiak iraun bitartean, egitura hori aretoan zeharreko ibilbidean laguntzen eta antolatzen duen altzari baten moduan aurkeztuko da. Aldi berean, publikoarentzako harmaila gisa balioko du erakusketaren testuingururako espezifikoki sortutako Envoltura koreografia-produkzioan.
Erakusketako konstante horien inguruko alderdietan inspiratutako solo-segida bat biltzen du Envolturak: sinkopearen eta sinkoparen ideia, Errepublikaren irudi alegorikoa, oihartzun eta dirdira historikoaren edo gorputz-oroimenaren gaia.
Ikerketan zehar aurkitutako dokumentuak arakatzen dituzten ekintzen eta dantzen segida batean datza, erakusketa-aretoan mugimendu bizi bat sortzeko helburuz. Lau artistarekiko (Idoia Zabaleta, Camila Téllez, Patricia Caballero eta Iñaki Azpillagarekiko) elkarrizketa estuan sortua, Envoltura alboz albo dagokio Fredric Jameson-en kontzeptuari, hark defendatzen baitu gorputza, iraganeko dantza bizitzen saiatzen denean, bilgarri bihurtzen dela eta, aldi berean, barne hartu nahi duen presentzia horrek biltzen duela.
Isabel de Naverán
Isabel de Naverán ikerlaria eta saiakera kritikoen egilea da. Dantzaren eta hedatutako koreografia deitutakoaren eremua lantzen du, nagusiki. Doktorea da Arte Ederretan. Bulegoa Zenbaki Barik (Bilbo) erakundearen kide izanda, hainbat erakusketaren komisario izan da, hala nola El contrato (Azkuna Zentroa, Bilbo); Polifonía de tiempos, Bake-ituna proiektuaren barnean; 18 fotografías y 18 historias; Una, dos, tres, cuatro paredes (Artium, Gasteiz). ARTEA Ikerkuntza Eszenikoaren Elkarteko kidea da (Madril); Hacer Historia. Reflexiones desde la práctica de la danza liburuaren editorea da, eta Lecturas sobre danza y coreografía eta Cuerpo y Cinematografíaliburuen koeditorea.
Bake-ituna
“1930. Donostiako Hitzarmenean. Historia eta sinkopea” Donostia 2016ren Bake-ituna proiektuko ikerketa-kasu bat da.ProiektuakTelefónica du babesle orokortzateta,Koldo Mitxelena Kulturunean eta San Telmo Museoan leku izango duen erakusketa nagusiak, gertakari historikoei buruzko zazpi erakusketek-ikerketa-kasuak-, ikerketa monografiko batek eta nazioarteko artista garaikideen zazpi ekoizpen garaikidek osatzen dute. Bake-itunaPedro G. Romero du komisariotzat eta Santiago Eraso da horren ideiaren asmatzailea.
Informazio praktikoa
Ganbara aretoa. Koldo Mitxelena Kulturunea
Urdaneta 9. 20006 Donostia , Gipuzkoa / T +34 943 112 760 /
Ordutegiak: Asteartetik igandera, 10:00-20:00
Bisita gidatuak: kmk@komazk.com / T +34 943 112 757
Envoltura, Dantza eta ekintza, 90’. Moaré Danza; Idoia Zabaleta, Patricia Caballero, Camila Téllez
2016 / 7 / 15 – 19:00. Sarrera librea lekuak bete arte.
1788