Pandemia aurreko datuak hobetzen jarraitzen du Gipuzkoako irailera arteko zerga bilketa metatuak
Pandemia aurreko datuak hobetzen jarraitzen du Gipuzkoako irailera arteko zerga bilketa metatuak
Pasa den urtean baino 511,7 milioi euro (+%18,9) gehiago jaso ditu Ogasunak irailera arte, eta 2019 urtean baino 144,2 milioi (%+4,7) gehiago.
Gipuzkoako zerga bilketa metatua irailera arte %18,9 hazi da, aurreko urteko epe berdinarekin alderatuta. Beraz, orain arte 3.225,6 milioi euro bildu ditu Gipuzkoako foru Ogasunak, pasa den urteko epe berdinean baino 511,7 milioi euro gehiago. “Nola ez, alderaketa hau egiterako orduan, kontutan izan behar dugu pasa den urtean COVID-19 pandemiaren eraginpean geundela. Honek eragin bikoitza izan zuen: alde batetik, jarduera ekonomikoa kaltetu zuen, zerga bilketa jaitsaraziz; eta bestetik, Ogasunetik hartu ziren zenbait laguntza-neurrik ere eragina izan zuten bilketan”, gogoratu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Alderaketa pandemia aurreko datuekin eginez gero ere, hobekuntza aipagarria da, 2019an baino 144,2 milioi euro gehiago jaso baitira (+%4,7).
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Espero bezala, zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte, betiere 2020 urtearekin alderatuta. PFEZaren kasuan, %9,4 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %9,7 egin dute gora. BEZari dagokionean, berriz, %23,8 berreskuratu da zerga bilketa, eta Sozietateen gaineko Zergak ere hazkunde nabarmena erakusten du, %70,3 hazi baita pasa den urtearekiko. “Azken honetan, kontutan hartu behar da iaz mikroenpresek, enpresa txikiek eta ertainek aitorpenak beranduago aurkeztu zituztela: aurten abuztuan zenbatu dena, pasa den urtean urrian kontabilizatu zen. Beraz, alderaketa homogeneoa datorren hilabetean egin ahal izango dugu”, ohartarazi du foru arduradunak. Gainera, aurten ezohizko sarrera batzuk izan ditugu, datorren urtean izango ez direnak.
“Gaur gaurkoz, zerga bilketako datuek adierazten dutena da Gipuzkoako ekonomia bide onetik ari dela errekuperatzen. Oraindik badaude zenbait elementu alderaketa homogeneoak egitea zailtzen dutenak, esaterako aipatu berri dudan Sozietateen gaineko Zergaren kontua. Baina oro har, esan dezakeguna da gure ekonomia eta gure enpresak gogotik ari direla lanean, eta indartsu ageri direla krisiari aurre egiten”, nabarmendu du Mendozak. Gainera, pandemia aurreko datuak hobetzean ere jarri du azpimarra, adieraziz “benetan esanguratsua dela” eta “lurraldeko ekonomiak bizi duen suspertze egoeraren adierazgarririk argiena”. “Hortik, baita ere, pasa den astean egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan gure aurreikuspenak hobetu izana. Datu hauek erakusten dutena da aurreikuspen horiek errealitatearekin lerrokatuta daudela, gaur gaurkoz behintzat”, gaineratu du.
Aurrera begira, berretsi du Aldundiaren ikuspegitik, zerga bilketa indartzen jarraitzeko bidea jarduera ekonomikoaren alde lanean jarraitzea dela. “Honen bitartez eskuratuko ditugu krisiaren kontra borrokatzeko eta gure zerbitzu sozialak indartzeko behar ditugun baliabideak, honela gizarte kohesioa indartuz. Krisitik irteten ari garen honetan, uste dugu garrantzitsua dela errekuperazio hori sektore zein pertsona guztietara iristea. Eta, hor, administrazio publikoek zeresan handia dute”, azaldu du. Honen haritik, esan du hau izango dela “aurki” aurkeztuko diren 2022ko aurrekontuen ardatz nagusietakoa, legealdi honetako aurrekonturik garrantzitsuenetakoak izango direnak. “Fondoko helburua, foru erakundearentzat, beti izan da desberdinkeria borrokatu eta alor honetan Europako onenen ondoan kokatzea, eta horregatik bide-orri honen aldeko lanarekin jarraituko dugu aurrerantzean ere”, nabarmendu du.
Argazki lehiaketa
Bestalde, uda honetan egin den Gipuzkoako Foru Aldundiaren Argazki Lehiaketaren bosgarren edizioa izan du hizpide Mendozak. Aurreko edizioetako ohitura jarraituz, lehiaketa hau irabazten duten lanek osatuko dute foru erakundearen 2022ko egutegia, eta “Gipuzkoa mugimenduan” izan da aurtengo gaia. “Honek, Gipuzkoa lurralde aktiboa eta beti etorkizunera begira dagoen lurraldea dela irudikatzea du helburu”, esan du foru bozeramaileak.
Parte hartzearen aldetik, oso emaitza positiboa izan du lehiaketak, 600 argazki jaso baititu Aldundiak. Lehiaketak Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen laguntza du, eta, guztira, 4.000 euro banatuko ditu saritan: lehenengoak 1.000 euroko saria jasoko du eta egutegiko azalean aterako da. Horrez gain, 250 euroko 12 sari ere egongo dira, egutegiko hilabete bakoitzeko bana. Ostegun honetan elkartuko da epai mahaia eta foru arduradunak aurreratu duenez, datozen asteetan egingo da sari banaketa ekitaldia.
2366