Breadcrumb

Asset Publisher

Back Partaidetza eta Obra Hidraulikoetako zuzendari berrien izendapena

Partaidetza eta Obra Hidraulikoetako zuzendari berrien izendapena

Mikel Pagola arduratuko da aurrerantzean Herritarren Partaidetzako foru zuzendaritzaz, eta Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako zuzendaritzaz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur izendatu ditu Herritarren Partaidetza eta Obra Hidraulikoetako foru zuzendari berriak: Mikel Pagolak hartuko du lehenengo kargua, eta Enrique Ramosek bigarrengoa. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, bi kasuetan esku artean erronka garrantzitsuak dituzten zuzendaritzak dira, baina kargua hartu duten bi ordezkarietan konfiantza osoa duela nabarmendu du. Pagolak abuztuan zendu zen Joseba Muxikaren erreleboa hartuko du, eta Ramosek irailean hil zen Felix Asensiorena. Aldundiaren izenean, bozeramaileak babesa eta gertutasuna adierazi dizkie bien familia eta gertukoei.

          Astero bezala, hedabideen aurrean agertu da Mendoza, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Adierazi duenez, Mikel Pagola (Urnieta, 1970) Informazio Zientzietan diplomatua da UPV/EHU unibertsitatean. 1993 eta 2011 artean Urnietako Udalean Kultur teknikariaren lanak burutu zituen eta 2011 urtean, Urnietako alkate izendatu zuten. Bi legealdi egin ditu karguan eta, bitarte horretan, Eudeleko Gipuzkoako lurraldeko batzordeko kide eta Batzorde Eragileko ordezkari aritu da. “Pagolaren esperientzia munizipalista hau guztia oso ondo etorriko zaio kargu berrirako, udalak partaidetza zuzendaritzaren estrategia eta lan ildoen zati garrantzitsua baitira”, esan du, adieraziz bere egitekoa “pasa den legealdian hasitako bidean sakontzea” izango dela.

          Enrique Ramos (Donostia, 1969), bere aldetik, Zuzenbidean lizentziatua da, UPV/EHUtik. 1999 urtetik zinegotzi izan da Donostiako Udalean, gaur arte, eta hainbat izan dira hemen bere ardurapean izan diren arloak: Sustapena, hirigintza edo ingurumena, besteak beste. Obra Hidraulikoetako zuzendaritzaren kasuan, esku artean dituen erronkak dira ur hornidura sistemen bermeak indartzea eta hondakin-uren saneamendua osatzea. Bi helburu hauekin batera, Obra Hidraulikoetako zuzendaritzaren esku daude estazio eta puntu sarea, denbora errealean kontrolatzen dutena gure ibai, erreka eta itsasoratze guneen egoera. “Ramosen kasuan ere, aurretik eginiko lanari jarraipena ematea izango da helburua”, gaineratu du.

 

Ogasuneko neurriak

 Bestalde, gaurko Diputatuen Kontseiluak Foru Dekretu-Arau berri bat onartu du, COVID-19aren zenbait ondorio arintzeko zerga alorreko presako neurri osagarri gehiago jasotzen dituena. “Neurri hauek Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoan hartu ditugu, Araba eta Bizkaiko Ogasunekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean”, adierazi du Mendozak. Dekretu berri honek jasotzen dituen neurrien artean, aipagarrienak hauek dira: PFEZan, Autonomoen 2020ko hirugarren hiruhilekoaren ordainketa zatikatua egiteko obligaziotik salbuestea; bizitzeko gutxieneko diru-sarrera salbuestea (PFZEan); eta COVID-19 gaitzaren testuinguruan, Jaurlaritzak eman eta onartu dituen zenbait laguntza salbuestea PFEZan (alokairurako laguntzak, zenbait bonu jaso dituztenak…).  

“Beraz, neurri gehigarri hauekin, Ogasunaren tresna baliatzen jarraitzen dugu, honen bitartez ere COVID-19 gaitzaren pandemiak eragin duen krisialdiaren eragina arintzeko”, nabarmendu du bozeramaileak. “ Esan izan dugu bezala, momentu honetan ditugun lehentasun nagusiak, erakunde bezala, gizarte politika babestu eta ekonomia sustapena bultzatzea dira. Kasu honetan, neurri hauen bitartez, bereziki kaltetuak diren kolektiboak babestea dugu jomuga, eta aldi berean jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen egoera leuntzea”, gaineratu du. “Ogasunaren ikuspegitik, hau izan da azken hilabeteetan landu dugun lan ildo nagusia, eta horrela izango da aurrerantzean ere, COVID-19 gaitzaren pandemia eta honi aurre egiteko neurriak gurean jarraitzen duten bitartean”, amaitu du.

 

Gizarte politikako partea

Azkenik, eta astero bezala, COVID-19 gaitzak Aldundiaren gizarte politikako baliabideetan izaten ari den eragina eguneratuko du bozeramaileak. Adinekoen egoitzetako erabiltzaileen kasuan, 49 kasu positibo daude, bost egoitza desberdinetan: 8 Hernaniko Santa Maria Magdalena egoitzan, 3 Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan, 23 Donostiako Alai-Etxen, 14 Bergarako Mizpirualden eta beste bat La Paz egoitzan, hau ere Donostian. Hauetatik 8 lagun ospitaleratuta daude, eta beste 41 Eibarko Ospitaleko planta sozialean (bertan artatzen dira COVID-19 gaitzagatik positibo eman duten egoitzetako erabiltzaileak). Abuztuaren 11tik hona (orduan atzeman zen bigarren olatuko lehen positiboa), 32 egoiliar zendu dira eta 55 sendatu.

Adinekoen egoitzetako langileen kasuan, egun 58 daude positiboarekin, 15 egoitza ezberdinetan, eta bigarren olatu honetan jada 80 dira gaitza gainditu dutenak. Eguneko zentroei dagokionean, azken astean 2 positibo berri atzeman dira eta, desgaitasuna dutenei arreta ematen zaien baliabideetan ez da positibo berririk atzeman. Gizarte inklusio sarean ere ez da positibo berririk atzeman, eta ezta ere adingabeen sarretarako baliabide sarean ere. Azkenik, PCR frogei dagokionean, Aldundiak, DYAko profesionalekin elkarlanean, jada 23.874 proba egin ditu, pasa den astean egoiliarren artean 2.074 eta egoitzetako langileen artean 2.552.

  

2270