Breadcrumb

Asset Publisher

Back Pasaia indartzeko 12 proiektu eta 162 milioiko inbertsioa

Pasaia indartzeko 12 proiektu eta 162 milioiko inbertsioa

Ibilbide-orri partekatua martxan jartzea ahalbidetu duen erakunde arteko lankidetza jarri du balioan Lehendakaria buru duen ordezkaritza batek.

Erakundeetako ordezkariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen erakunde ordezkaritza bat Pasaian izan da gaur goizean, erakundeek udalerri horrekin duten apustua berresteko eta iragartzeko erakundeen arteko lankidetzari esker datozen bost urteetan 162 milioi inbertitu ahal izango direla herria osatzen duten lau barrutiak nabarmen hobetuko dituzten eta, zuzenean, pasaitarren bizitzan eragina izango duten 12 proiektutan. “Ez dago atzera bueltarik. Pasaiak, azkenean, herritarrek hainbeste eskatzen zituzten eta udalerria irauliko duten biziberritze proiektuak izango ditu”, iragarri du Lehendakariak.
Lehendakariarekin batera izan dira Izaskun Gómez alkatea, Markel Olano diputatu nagusia, Joaquín Telleria Pasaiako Portuko Agintaritzako presidentea, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua eta Bingen Zupiria Kultura sailburua. Albaolan egindako bilera batean, agintariek aipatutako 12 proiektuen errepasoa egin dute. Proiektu horietan lau erakundeek parte hartzen dute. Egiaztatu dutenez, nahi baino denbora gehiago behar izan da partekatutako ibilbide-orri horri ekiteko, Pasaian esku hartzea konplexua baita tartean dauden erakunde eta administrazio kopuruagatik. Nolanahi ere, azken zortzi urteetan erakunde guztiek egindako ahalegina nabarmendu dute, eta, horrela, orain abian jarri ahal izan direnak bezalako proiektu garrantzitsu eta beharrezkoak gauzatzeko aukera eman dute.
Pasaia biziberritzeko esku-hartzeen artean, Adinberri Osasuntsu Zahartzeko Zentroa nabarmendu behar da. Aldundiak 140 plazako egoitza bat, tutoretzapeko 18 apartamentu eta hiru solairuko lurpeko aparkaleku bat eraikiko ditu Ospitaletxon. Foru Aldundiak dagoeneko lizitatu du proiektu honen eraikuntza, 69 milioiko inbertsioa suposatuko duena. Beste apustu estrategiko bat Topoa lurperatzea eta Eusko Jaurlaritzaren Euskal Trenbide Sarea egiten ari den Antxoko zubibidea desagertzea da, 64 milioiko aurrekontuarekin. San Juango uren saneamendua (4,5 milioi), Andonaegiko berroneratze plana (8 milioi), SPRIk ekonomia urdinerako eraikin bat eraikitzea (3,5 milioi), lonjaren estalkia eta Esnabiderako sarbidea (3 milioi), Luzuriagako bulego zaharren birmoldaketa (6 milioi), Lezo eta San Juan arteko bidegorria (1,5 milioi) eta Herrerako pabiloien estalkia (1,2 milioi) dira gaurko bisitarekin balioan jarri nahi izan den eta erakunde arteko lankidetzari esker abian jarri diren jardueren multzoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez “Pasaia Gipuzkoako industrializazioaren erreferentzia historikoa izan da eta, zalantzarik gabe, iragan oparo horrek erakutsi digu bide hori egiten jarraitu behar dugula gaur egun ere”.

“Eskualde honetako industria garatzeak Jaurlaritzaren eta euskal erakunde guztien lehentasuna izaten jarraituko du. Egindako azken inbertsioak horren erakusgarri dira. Pasaiak eta bere Portuak azpiegitura estrategikoa eskaintzen dute Euskadirentzat” gaineratu du.

Ildo beretik, diputatu nagusiak azpimarratu du Pasaia izan dela bere gobernuaren funtsezko lehentasunetako bat. Gainera, gogorarazi du Adinberriren eraikuntza foru erakundeak azken 10 urteetan egin duen inbertsio ekonomiko handiena izango dela. “Beste leku batean eraikitzea erabaki genezakeen. Ez zen hain konplexua izango eta ziurrenik azkarrago joango ginatekeen, baina Adinberri Herrera eta Trintxerpe biziberritzeko punta-puntakoa elementua izatea nahi genuen”, adierazi du. Honekin batera, gogoratu du azken zortzi urteetan berak zuzentzen duen erakundeak beste 17,5 milioi inbertitu dituela Pasaiako hainbat jardueratan, hala nola Ondartxo pasealekuan, lonjan eta Albaolan, besteak beste.
Bestalde, Izaskun Gómez alkateak nabarmendu du batzuek erakundeetan esertzen direla eta gauzak zerutik erortzea espero dutela. Bitartean, erakundeen arteko zortzi urteko lan eta lankidetzak hainbat proiektu ekarri ditu Pasaiara, hala nola topoa lurperatzea, Adinberri, Andonaegi, Luzuriaga, Lonjako plaza eta estalkia, edo udalerriarentzat mugarri izango diren bidegorri berria: “Martxan dago Pasaia berria, proiektu eta ekintzekin eta 160 milioi baino gehiagoko inbertsioarekin, enplegua, ongizatea eta pasaitarrentzat etorkizunerako aukera gehiago ekarriko dituena. Onerako aldatuko den Pasaia, inor atzean utzi gabe aurrera egiten duena”.
Azkenik, Joakin Telleria Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak adierazi duenez, Portu Agintaritzak portu-jarduera indartzeko eta sendotzeko konprometitutako inbertsioak egiten jarraituko du, portuko enpresa eragileei lana eta itsasontziak badiara sartzea erraztuz. “Bestalde, ingurunearekin dugun konpromisoa indartzen jarraitu nahi dugu, ingurumenaren kalitatea hobetzeko ahalegin berezia eginez”, nabarmendu du Telleriak.

Erakusketa eta etxez-etxeko buzoneoa
Gaur goizeko bisitak aipatutako proiektu hauek ezagutarazteko abiatu diren jardueren hasiera ekarriko du, lau barrutiei behin betiko bultzada emango dietenak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Pasaiako Udalak eta Pasaiako Portu Agintaritzak lankidetzan martxan jarri dituztenak. Hauek ezagutarazteko aipatutako helburu horrekin, datozen egunetan, Pasaiako etxe guztiek informazio liburuxka bat jasoko dute. Liburuxka horretan, udalerrian egiten ari diren edo laster egiten hasiko diren jardueren xehetasunak ezagutaraziko dira.
Halaber, gaurtik martxoaren amaiera arte, erakusketa ibiltari batek Trintxerpe, San Pedro, San Juan eta Antxo zeharkatuko ditu helburu berarekin. Hasiera batean, erakusketa Trintxerpeko Gudarien plazan jarri da, eta gaur Lehendakariak eta gainerako agintariek bisitatu dute. Oso ekimen berezia da, Pasaiak bere historia osoan izan duen berrasmatze gaitasunari balioa eman nahi diona, itsasontzi handien eta Ternuaren garaietan barrena, industrializazioari edota pasaitarrek aurre egin behar izan dieten krisiei erreferentzia eginez. Erakusketa inguruko herritarrentzat hain bereizgarria den portuko edukiontzi baten barruan dago, eta barrualdean iraganeko eta etorkizuneko elementuez gozatu ahal izango da, Pasaian denboraren joanari buruz hausnartzeko. Horretarako, etorkizuneko Pasaia nolakoa izango den erakusten duen bideo bat proiektatuko da, eta iraganerako bidaia Pasaiako Portuko artxiboak horretarako utzi dituen argazki zaharren bidez egingo da.
Erakusketa Trintxerpeko Gudarien plazan egongo da otsailaren 15a arte. Egun horretatik aurrera eta otsailaren 28ra arte, San Pedrora lekualdatuko da eta hortik aurrera, San Juan eta Antxon bisitatu ahal izango da. Kasu guztietan ordutegia berbera izango da, 10etatik 13era eta 16etatik 20era.

  

3642