Piztu META! 2021 ekimenak crowdfunding kanpaina bat abiarazi du Gipuzkoan 15 proiektu kultural bultzatzeko
Piztu META! 2021 ekimenak crowdfunding kanpaina bat abiarazi du Gipuzkoan 15 proiektu kultural bultzatzeko
Piztu META! 2021 ekimenak crowdfunding kanpaina bat abiarazi du Gipuzkoan 15 proiektu kultural bultzatzeko
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzaren mikromezenasgo programak 15 kultura ekimen hautatuko ditu, eta horiei laguntza ekonomikoa emango die, crowdfunding kanpainan (gaur hasten da, irailaren 29an, Goteo plataformaren bidez) biltzen duten kopuru berarekin.
Mari Jose Telleria, Kulturako zuzendaria: «krisi garaian, kulturan inbertitzeko molde berriak bilatu behar dira, eta matchfunding-a oso tresna interesgarria da, kultura proiektuak bultzatu eta gizarteak kulturaren esparruan duen partaidetza sustatzeko».
Seigarren urtez jarraian, META matchfunding deialdia egingo da. Urte hauetan egindako ibilbidean, deialdi horrek 78 proiektu finantzatu ditu guztira, eta 739.000 € baino gehiago banatu ditu. Urte hauetan, kultura eragileen ekimena bultzatzeko, herritarren partaidetza bultzatzeko eta kulturarako finantzaketa bide berriak irekitzeko tresna gisa finkatzea lortu du Meta! programak.
Meta! programaren formulak honetan datza: hautatutako proiektuek gaur hasten den crowdfunding kanpainaren bidez bildutako euro bakoitzeko, Kultura Departamentuak beste euro bat bermatzen du. Kultura Departamentuaren ekarpenaren muga 4.700 euro izango da proiektuko.
Edizio honetarako 28 proiektu jaso dira, eta proiektu horiek guztiak inplikatuta daude deialdian zehaztutako ardatzetan: kultura kritikoagoan, inklusiboagoan, proaktiboagoan eta jasangarriagoan, batez ere bizi dugun krisi soziosanitarioari erantzuna emateko. Proiektu kopuruaren eta kalitatearen balantzea oso ona da, batez ere kontuan hartzen badugu azken urtean pandemiak berak sorrarazitako egoera zein izan den eta horrek kultura esparruan zer nolako inpaktua izan duen.
Goteo Fundazioaren plataformak laguntza espezifikoa eman die hautatutako proiektuei, aholkularitza emanez ekimenak egituratzeko, haien indarguneei balioa emateko, lekuko hedapena planifikatzeko lagundu nahi den esparruan eta funtsak erakartzeko crowdfunding kanpainak egiteko.
Kanpainaren epea irailaren 29tik azaroaren 7ra izango da lehen txanda eta azaroaren 8tik 2021eko azaroaren 27ra, bigarren txanda. Beraz, 40 eguneko finantzazio-erronda bat dago, eta 20 eguneko bigarren txanda, proiektuaren gutxieneko aurrekontuari eta aurrekontu optimoari lotuta.
Gaur bertan matchfunding kanpaina abian jarriko duten 15 kultura proiektu hautatuak honako hauek dira:
ELKANO: modako kapsula bilduma bat da, duela 500 urte lurra inguratu zuten euskal marineletan inspiratua. Elkarlaneko bilduma bat da, eta piezak Gipuzkoan eta Espainiako beste leku batzuetan diseinatu eta egingo dira. Partaidetza bidezko bilduma bat ere izango da, kanpainan parte hartzen duten babesleek hautatuko baitituzte jantziak.
NEGU HURBILAK: Iheslari baten istorioa kontatzen duen film laburra. Arrazoi politikoengatik errepresalien beldurragatik beren lurraldetik ihes egin behar izan duten pertsona horien esperientzia esploratuz, ikusleak protagonistaren ariman eta larruan egon daitezen eta gatazkaren beste zati hori zuzenean bizi dezaten.
Frontoi Antzoki birtuala: kultura berrikuntzako proiektua. Etxetik eta zuzenean dantza eta antzerki emanaldiez gozatzeko plataforma. Esperientzia murgiltzailea da, antzerkiaren magia ingurune birtual batera eramaten duena. Gainera, babesleak taldeko partaide bihurtuko dira, plataforma probatzeko eta hobetzeko aukera izango baitute.
Donostiako txiki mapa: Donostiako hiriaren paperezko mapa bat eta horren online gida txikia da, bereziki haurrek hiria, haren txokoak, haren historia eta abar modu dibertigarrian ezagutu ditzaten. Gainera, proiektua babestuz, etxeko txikienek mapa editatzen edo audioak grabatzen lagundu ahal izango dute.
Harresitik abesten. Mendebaldeko Sahahararen aldeko kontzertua: Proiektu honen helburua da saharar herriaren berri ematea, 45 urte okupatuta baitarama. Horretarako musika ona erabili nahi da, batez ere lehen mailako artista anglofonoena. 3 CDko kutxa batean bilduta dago musika hori eta guztira 44 abesti dira.
KZ50: Kresala zineklubari buruzko dokumentala, haren 50. urteurrenari omenaldia egiteko. Zinemaren eta zinemarekiko zaletasunaren lekuko gogoangarria. 50 urte horietan zineklubean ikusgai egon diren film zatiak erabili dira horretarako, eta dokumentalean zineklubaren historiari lotutako kideek, ikusleek eta laguntzaileek parte hartu dute.
Panpina, Zauria eta Kali: 3 bideoklip sortzea eta album txiki bat argitaratzea – Panpin hautsien dantza II –, feminitatearen kargari buruz hitz egiteko beharra azpimarratzeko; baita emakumearen objektualizazioa, pentsamenduen desbalorizazioa eta gorputzaren boterea aztertzeko ere, emakume artistaren ikuspegitik, horren bidez, feminitatearen esanahiari forma berri bat emateko.
Asko Falta Da?: film laburra, genero biolentzia salatzen duena, esperientzia pertsonal batetik abiatuta, eta gertatu diren eta, zoritxarrez, oraindik ere gertatzen diren eraso horien guztien izenean egin dena, edozein izan baitaiteke protagonista. Premia kolektibo batetik sortutako ideia izanik, modu kolektiboan ulertu eta gauzatu behar da.
Juliette. Neska ausarta/Viva la diferencia, Juliette!: ipuin ilustratua, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioarekin, 5-9 urte bitarteko ikasleei zuzendua. Helburu nagusia da haurtzaroari dibertsitatearen garrantzia transmititzea (dibertsitate etnikoa, genero dibertsitatea, dibertsitate funtzionala...), eguneroko egoeren bidez, betiere desberdina denak gizartean balio gisa duen garrantzia nabarmenduz.
Hauts: Amiantoaren atzean ezkutatzen diren istorio izugarriei buruzko dokumentala, urtean batez beste 88.000 heriotza sortzen dituena Europar Batasunean. Bizipen izugarri horietako bat Celestino Tolosarena izan zen, dokumentalaren protagonista eta amiantoaren biktima dena. Bere alaba Otsanda Tolosak familiak bizi izan zuen prozesu mingarriaren lekukotza ere ematen du.
Dolu: Album kontzeptual bat, pandemiaren aurreko bizitza musikala galtzeak eragindako doluan sakontzeko. Abestiek doluaren fase desberdinak islatzen dituzte underground kulturaren galeraren ikuspegitik. Iturri horretatik elikatu dira esparru desberdinetako artista asko.
TopoTron: bereizmen txikiko hiru dimentsioko display bat da, efektu bisualak, topografikoak eta bestelako asko ikusteko balio duena. Gailu berritzailea da, eta erabilera asko izan ditzake, besteak beste artearen esparruan zein hezkuntzan. Proiektuaren garapena, bere software guztiarekin, eskuragarri geldituko da CC-BY-SA lizentziapean.
Ur Lantokia: diseinuari, joskintzari, musikari eta dantzari buruzko tailerren, masterclass-en eta diziplina anitzeko esperientzien programa. Artisten, artisauen eta sortzaileen komunitate integratzaile batek bultzatuta, beren ezagutzak eta lanbideak partekatzeko gogoz.
Konekta zaitez dantzara: Dantza garaikideko online kapsulak, dantza modu erabat berritzailean praktikatu ahal izateko. Ikus-entzunezko tresna bat, erabiltzaileek tresna horrekin gozatu eta beren erritmora ikas dezaten.
Gehiago jakin nahi duzu? Informazio askoz ere gehiago aurkituko duzu bai #PiztuMeta2021 traolaren bidez, bai Goteo Fundazioaren webgunean: http://meta.goteo.org/
1733