Breadcrumb

Asset Publisher

Back Anexa dantza garaikideko konpainia aitzindariari buruzko webgunea martxan

Anexa dantza garaikideko konpainia aitzindariari buruzko webgunea martxan

70eko hamarkadan dantza garaikidean aitzindaria izan zen Anexa konpainiako Julio Duran dantzariak jasota zeukan dokumentazioa laga dio Eresbileko artxiboari, eta dagoeneko ikusgai dago haren webgunean.

2022/06/14
Anexa

Gipuzkoako Dantzagunearen bitartekaritzarekin , eta gaur sinatu dute lagatze-kontratua Julio Duranek, Pello Leiñena Eresbileko zuzendariak eta Harkaitz Millan Gipuzkoako Foru Aldundudiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatuak.

Bere hitzaldian, Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, "akordioak Gipuzkoako dantzaren historian funtsezkoa den materiala gorde, balioan jarri eta publikoaren eskura ipintzea bermatzen du.

Julio Duran: dantzaria, irakaslea eta dokumentatzailea

Konpainiaren sorreratik, Anexako dantzaria izan zen Julio Duran, eta konpainiak 1970 eta 1974 urtean estreinatutako 25 koreografiatik 17ren estreinalditan aritu zen. Hain zuzen ere, aro horretakoa da Duranek jasotako material gehiena, 1998 arteko dokumentuak badituen arren. Anexan dantzari gisa aritu zen urteetan material oparoa gorde eta sailkatu zuen Duranek: argazkiak, negatiboak, inpresiorako plantxak, kartelak, arropa, etab.

Duranek jasotako materiala Gipuzkoako eta espainiar estatuko dantzaren XX. mendeko historiaren aro garrantzitsu baten erakusgarria da. Frankismoaren amaieran kultur adierazpide berrien egarriz zegoen belaunaldi baten kumea izan zen Anexa. Duten balio historikotik harago, jasotako zenbait objektu arte-lantzat jo litezke, besteak beste, Jose Lainez Anexako sortzaile eta koreografoak eskuz egindako kartelak, eskuorriak eta koreografiak azaltzeko zirriborroak. Bereziki adierazgarriak dira M.C. Alcorta argazkilariak saioz saio egindako argazkiak.

Bizitza dantzari eskaini dio erabat Julio Duranek. Anexan kide izan zuen Iñaki Landarekin batera dantzako akademia bat ireki zuten, eta erretiroa hartu arte aritu ziren irakasten. Gaur egun dantza garaikidean aritzen diren egile askoren irakasle izan ziren.

Webgunearen datu eta ezaugarri nagusiak

Jasotako materialarekin eta Julio Duranek emandako informazioarekin, Anexari buruzko informazio ugari jasotzen duen webgunea atondu du Eresbileko lantaldeak. Datu historiko ugarirekin batera (sorrera, kideak, estreinaldiak) 80 argazki baino gehiago dituen argazki-galeria dauka.

Horrekin batera, Anexak estreinatutako 25 koreografiatako bakoitzari orri bat eskaintzen zaio, baita estreinatu gabeko hiruri ere,  informazio zabalarekin: fitxa teknikoa, emanaldien zerrenda, kartelak, egitarauak, prentsako albisteak, jantzien diseinuak… Guztira, 500 irudi baino gehiago. Taldeko kide guztien fitxak ere jasota daude, beren debutari eta parte hartutako estreinaldiei buruzko informazioarekin.

Berezitasun gisa, eta garai hartan ikus-entzunezko dokumentuak jasotzea zaila zela kontuan hartuta, TVE grabatzen ari zen “Momentos vascos” saioaren inguruan Julio Duránek grabatutako bideoa jaso du Eresbilek.

Anexa: dantza garaikidean aitzindaria Gipuzkoan eta espainiar estatuan

1970ko ekainaren 14an eszenaratu zen lehen aldiz Anexa, dantza konpainia aitzindaria, dantza garaikidea jorratu zuen lehen euskal taldea. Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Orfeoiarekin batera egindako jaialdi batean izan zen estreinaldia.

Concha Martinez (Donostia, 1943) eta Jose Lainez (Donostia, 1941) izan ziren Anexaren bultzatzaileak eta dantza garaikidean aitzindariak. 20 eta 18 urterekin, Amsterdamera joan ziren eta bost urtez aritu ziren bertan profesionalki dantzan, Het Nationale Balletean. Handik bueltan, Herbeheretan bizi-bizi zen dantza esperimentala Donostian bultzatzea pentsatu zuten. Horren ondorioa izan zen Anexa.

Hurrengo urteetan Concha Martinez eta Jose Lainezek izandako sorkuntza emari oparoaren lehen ekarpena izan zen Anexaren estreinaldia. Bartzelonan jarraitu zuten ondoren eta Iruñean izan dira azken hamarkadetan. Anexaren ondoren, Yauzkari eta Pie Juntaopie konpainiak sortu dituzte Lainezek eta Martinezek eta horien bidez jarraitu dute dantza garaikidea sortzen eta biziberritzen. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak ibilbidearen saria eskaini zien 2006an, Nafarroan Dantzaren Nazioarteko Egunean omenaldia egin zieten 2009an eta Vianako Printzearen saria jaso zuten 2017an.

Julio Duranen Anexaren funtsaren datu nagusiak

  • 4 eraztun-koaderno
  • 10 album
  • 4 programa-karpetatxo
  • 37 argazki
  • 60 gutun-azal negatiboekin
  • 35 karpeta kartelekin
  • 7 dokumentu txiki
  • 15 inprimatze-xafla
  • 3 jantzi
  • Super-8 film-bobina bat
  

2277