Breadcrumb

Asset Publisher

Back Rajoyren Gobernuaren eta Gipuzkoaren arteko “urruntasun handia”, soziometro berrian

Rajoyren Gobernuaren eta Gipuzkoaren arteko “urruntasun handia”, soziometro berrian

Inkestak nabarmentzen du herritarrak Kataluniako egoerari aurre egiteko hartutako bidearen aurka daudela .

2017/10/24
Imanol Lasa, Gobernuaren bozermailea

Gipuzkoako egoera sozio-politikoaren inguruan egin duen azken inkestaren emaitzak aurkeztu ditu gaur Foru Aldundiak. Kataluniako egoera politikoari buruzko atal bat jasotzen du galdeketegia. Beste hainbat datuen artean, soziometroak erakusten du gipuzkoarren gehiengoak, % 73,3k hain zuzen, ez dituela onartzen afera horretan Espainiako Gobernua hartzen ari den erabakiak. Mariano Rajoyri 1,69eko nota ematen diote 10etik, eta % 61,3k ez du ontzat ematen espainiar estatuaren kultura demokratikoa. Imanol Lasa foru bozeramaileak adierazitakoaren arabera, horrek agerian uzten du PPk eta Rajoyren Gobernuak Kataluniako afera kudeatzeko hartutako bidea “gaitzetsi eta arbuiatzen dutela” herritarrek: “Gure ustetan jarrera horrek urruntasun handia sortzen du, eta Gipuzkoan eta Euskadin eduki dezakeen eraginak kezka handia pizten du aldi berean”.

Herritarrek Gipuzkoaren egungo eta etorkizuneko egoeraz, eta lurraldearentzat interesekoak diren hainbat gaiez duten iritzia eta sentipena jasotzen jarraitzeko helburuarekin egin da inkesta. Horretarako, 1.500 elkarrizketa egin ziren hilaren 11tik  18ra bitartean, bost atal nagusitan banatuta: ekonomia eta enplegua; erakundeekiko konfiantza; hainbat gairi buruzko herritarren onespena –horien artean, Kataluniako egoera ez ezik, Etorkizuna Eraikiz ere hartu da kontuan-; Aldundiaren balorazioa eta boto intentzioa.

Inkestak aditzera ematen duenez, Kataluniari lotutako gertaera politikoek “ikusmin handia” piztu dute Gipuzkoako gizartean: Kataluniako prozesuari buruzko albisteen jarraipena egin du % 93,6k, eta % 67,6ri asko edo dezente interesatzen zaio. % 48,1ek ‘procés’-a onartzen du, eta %34,1ek ez du, aldiz, begi onez hartzen. Herri galdeketa gauzatzeko Kataluniako Gobernuak emandako pausoei dagokienez, % 46,5ek ontzat jotzen ditu, eta % 38,6k ez. Era berean, %68k uste du bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duen nazioa dela Katalunia.

Euskadiko egoeraz ere galdetzen du inkestak, eta horri lotuta, Lasak azpimarratu du % 41,6 Estatuarekin “akordio bat” bilatzearen aldekoa dela “autogobernua edo subirotasunaren inguruan, eta adostea posible ez balitz, Euskadi nazio gisa dituen aspirazioetan sakontzeko beste bide batzuk bilatzearen alde” dagoela. Gainera, % 65,2k Euskadiren etorkizuna soilik Euskadin erabaki behar dela iritzi dio, eta ez estatu osoan. Erdia baino gehiagorentzat, % 52,5entzat, 1978ko Konstituzioan jasotako Estatuaren egituraketak ez die gaur egungo beharrei erantzuten, eta % 70,9k uste du estatua berregituratu egin beharko litzatekeela lurraldeen eta nazioen eskaerei bide emateko,

Bozeramaileak azpimarratu duenez, erantzun horiek oso argazki “kezkagarria” eskaintzen dute, Gipuzkoako gizartearengan dagoen “atsekabea” islatzen duten neurrian. “Nahiko modu garbian adierazten dute egungo ereduak ez diola erantzunik ematen estaturik gabeko nazioen egokitzapenari, eta azken asteetan estatuak emandako atzerapausoak are gehiago larritu dute egoera. Espainiar demokraziarekiko eta trantsizioak ekarritako sistema politiko-instituzionalarekiko konfiantza oso baxua da”. Haren esanetan, “erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideak adostea eskatzen dute herritarrek, hemen eta Katalunian, eta prest daude bestelako irtenbideak aztertzeko estatuak elkarrizketari ateak ixten jarraitzen baldin badu”.   

Aldundiaren balorazioa

Gipuzkoak legealdi honetan izandako bilakaeraz galdetuta, % 53,3k erantzuten du bere horretan jarraitzen duela; % 31k hobera egin duela, eta solik % 12,1ek, azkenik, okerrera egin duela. Hobera egin duela uste dutenen artean, % 17,2k iritzi dio foru gobernuak ekarpen handia egin duela, eta % 51,9k, berriz, dezentekoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bere ekintzei buruzko irudia ona da % 36,4rentzat, eta ez ona eta ez txarra %38rentzat. Markel Olano diputatu nagusiak 5,57ko nota erdiesten du, azken soziometroan –aurtengo maiatza- lortutakoaren antzekoa. Aldundiak pizten duen konfiantza, berriz, 5,34ko notarekin baloratzen dute gipuzkoarrek.

Aurreko inkestarekin alderatuta, langabezia eta krisia dira oraindik ere biztanleen % 55entzat lurraldeak dituen arazo nagusiak, eta joera hori bera igartzen da azken inkesta hau erantzun duten herritarrek helarazitako eskaera eta beharretan. Izan ere, % 63,2rentzat Aldundiaren lehentasuna izan behar luke ekonomia eta enplegua sustatzeak eta % 19,2rentzat, berriz, gizarte laguntzen alde egiteak.

Herritarrek 6,04ko notarekin kalifikatzen dute haien egoera pertsonala, maiatzean emandako nota ia bera -6,00-. % 56,7k uste du orain daukan bizi maila bera zeukala orain dela bizpahiru urte; % 29,6k dio okerrera egin duela, eta % 12,7k, aldiz, hobera. % 53,7ek dio etxean “arazorik gabe” iristen dela hilaren bukaerara eta % 32,7k, berriz, “oso justu eta murrizketak eginez” iristen dela. % 61,5ek uste du bere ekonomia pertsonalak berdin jarraituko duela datorren urtean, eta % 14,4k, berriz, erantzuten du hobetu egingo dela. Biztanleen % 52,9k uste du Gipuzkoa krisialditik ateratzen ari dela. Aldundia ekonomia suspertzeko egiten ari den ahalegina emankorra dela adierazten du % 48,9k, eta % 25,4k, berriz, ezetz.

Bozeramaileak azaldutakoaren arabera, datu horiek egiaztatzen dute egoera ekonomikoari buruzko konfiantzak “hazten” jarraitzen duela, bilakaera “positiboa” dela, eta gizarteak babestu egiten duela Aldundiak ekonomia eta enplegua sustatzeko eginiko “apustu estrategikoa”, baina argi utzi du, nolanahi ere, “asko” gelditzen dela egiteko eta orain artekoa “ez dela nahikoa”. “Oro har, finkatu egin da foru gobernuaren kudeaketak jasotzen duen sostengua. Aprobatu altua ematen digute, baina ikusten ari gara ere erakundearekiko exijentzia gero eta handiagoa dela ere, eta ahaleginean jarraitzeko eskatzen digutela etorkizuna eta ekonomia sendotzeko. Izan ere, bi ardatz horien inguruan daude herritarren kezka gehienak”.

Etorkizuna Eraikiz

Etorkizuneko erronkei dagokienez, % 21ek badu Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz dinamikaren berri, 5,56ko nota ematen diotelarik. Pasaian zahartzeari lotuta egingo den erreferentziazko zentroa eta industriari lotutako zibersegurtasun zentro aurreratua dira proiekturik ezagunenak -% 27,0 eta % 22,9, hurrenez hurren-. Ildo horretan, Lasak adierazi du Aldundiak dinamikaren gizarteratze estrategia indartzen jarraitu behar duela, “herritarren ezagutza maila handitu eta haien inplikazioa lortzeko, horretan datza eta, neurri handi batean, arrakastaren gakoa”. Inkesta erantzuten duten pertsonek, aldi berean, beharrezkotzat jotzen dute erakunde publikoek politikak bultzatzea epe ertainean eta luzean, legealdiek ezarritako epeetatik harago. 6,87ko notarekin neurtzen dute premia hori. Bozeramailearen esanetan, Etorkizuna Eraikizek “eskaera horri erantzuten dio”, hain justu, eta bere oinarrizko planteamenduan “asmatzen” du.

% 67,1entzat, gaur egungo belaunaldi gazteek, oro har, haien gurasoen belaunaldiak baino etorkizun okerragoa edukiko dute bizi kalitatea aintzat hartuta, eta % 81,7k uste du klima aldaketak, estatuen arteko gatazkek, terrorismoak edo bestelako gertaera globalek gaur egun baino eragin handiagoa edukiko dute etorkizuneko ongizatean. Aldiz, aintzat hartzen baldin bada Gipuzkoarentzat datorren etorkizunari emandako erantzuna, balorazioa baikorragoa da: eutsi egingo diola dio % 39,6k, okerrera joango dela % 27,9k, eta hobera % 24,7k. “Argi dago nazioarteko testuinguruak ziurgabetasun handia pizten duela, eta sentipen hori nabarmenagoa dela galdera epe luzeagoan planteatzen den neurrian”, esan du.   

Ongizate estatuaren jasangarritasuna -10etik 8,33-, enpleguaren kalitatea -8,29- eta desberdintasun sozialak -8,03- dira, hurrenkera horretan, gipuzkoarrak gehien kezkatzen dituzten aferak. “Erronka horiei Etorkizuna Eraikizen muinean heldu diegu, hain zuzen, esperimentazioan eta elkarlanean oinarritutako hainbat proiektu piloturen bitartez. Gizarteak adierazitako lehentasunak eta garatzen ari garen ekintzak bat datozela ikusteak ildo beretik lanean jarraitzeko indarra ematen digu”, amaitu du.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1602