Aldundia eta Errealaren arteko akordioa oinarrizko futbola egituratzeko
Aldundia eta Errealaren arteko akordioa oinarrizko futbola egituratzeko
Itxaso: "harrobiko kirola bultzatzen ari gara"
- Itxaso: "Interes sozial handiko proiektu bat da, harrobiko kirola bultzatzen ari garelako eskola kirolaren sustapenetik eta babesetik"
- Aperribay: "Talentuak balioez lagunduta etorri behar du, eta hori da gure hezkuntza erronka: talentua heztea, futbolariak prestatzea, baina pertsonak hazten ari garela ahaztu gabe"
Denis Itxaso Kultura eta Kirol diputatuak eta Jokin Aperribay Real Sociedadeko lehendakariak Gipuzkoako oinarrizko futbola garatzeko hitzarmenenen helburu eta ildo nagusiak partekatu dituzte Gipuzkoako oinarrizko klubekin. Akordio horiek xede nagusi dute Gipuzkoako futbola antolatzea eta futbolarien teknifikazioa hobetzea Gipuzkoako gizonezko eta emakumezko futbolaren heziketa proiektu integral eta egituratzaile baten barruan. Horretarako, Aldundiak 1.355.000 euro ekarri ditu. Gainera, beste 100.000 euro ekartzen ditu Real Sociedaden emakumezkoen belar hockeyarentzat eta atletismoko sailarentzat. Ekitaldia Zubietako instalazioetan izan da, eta, bertan, Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak ere parte hartu du.
Denis Itxaso pozik agertu da, sendotu egiten baita "lurralde osoko oinarrizko futbolaren egituratzean arrakasta izan duen eredu bat, erakutsi duena eraginkorra dela futbol talentua sortzeko orduan eta gure kirolariak balioetan prestatzeko orduan. Lankidetza honi esker, prestakuntza proiektu oso bat burutuko dugu, Gipuzkoako gizonezko eta emakumezko futbola egituratuko duena. Interes sozial handiko proiektu bat da, harrobiko kirola bultzatzen ari garelako eskola kirolaren sustapen eta babesetik".
Gainera, bai Aldundiak, bai Realak, asmoa dute Gipuzkoako futbolaren antolakuntza hobetzea, bereziki, teknifikazioa hobetzea eta teknifikazio zentroen sare bat sortzea, erdigunea Zubietan izango duena, Gipuzkoako kluben laguntzarekin, haiek beren egitura ekartzen baitute eta proiektuaren zerbitzura jartzen baitituzte beren giza baliabide eta baliabide materialak.
"Aldundian oso interesaturik gaude talentuen detekzio, hautapen eta prestakuntzan, emakumezko nahiz gizonezko, Gipuzkoako futbolaren eremuan futbolarien eredu integralaren bidez, eta uste dugu Reala laguntzeko moduan dagoela horretan, bere historiarengatik, bere azpiegiturengatik, masa sozialarengatik eta duen kirol ibilbideagatik", esan du Itxasok.
Hitzarmen hauek xede dute, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, Gipuzkoako futbolaren antolakuntza eta egituratze globala lortzea, kirol eta diru arrazionaltasun irizpideen bidez, etorkizunean proiekzio integrala lortzeko eta futbolariak prestatzeko egiturek behar bezalako garapena lortzeko.
Bere aldetik, Jokin Aperribayk adierazi duenez, "Realak Gipuzkoako oinarrizko futbolaren lidergoa bere egiten du, ardura guztiarekin egin ere. Talentuaren bila gabiltza, eta tresna guztiak jartzen ditugu talentu hori garatzeko, baina pertsonak hezten ari garen ikuspegia galdu gabe. Hori da gure ardurarik handiena, Gipuzkoako klub guztiena. Eredugarri izan behar dugu guri dagokigun horretan".
Realeko lehendakariak Aldundiaren lankidetza eskertu du, prestakuntza proiektu hau aurrera eraman ahal izateko. "Ezinbestekoa da erakundeak lankide izatea proiektu honetan. Oinarrizko kirola, dela futbola, dela belar hockeya, dela atletismoa, balio batzuetan oinarritzen da, eta horiek sustatzea denon lana da, erakundeena eta gu guztiona, eta Aldundiari proiektu honetan duen inplikazioa eskertu nahi diot".
Zentzu horretan, gogoratu behar da Realak Aldunditik jasotzen duen ekarpena hitzartutako klubetara joaten dela Realak haiekin sinatuta dituen hitzarmenen bidez. Horri esker, eta Real Sociedadek egiten dituen ekarpenei esker, da iraunkorra Gipuzkoako oinarrizko futbolaren eredua.
Aperribayk, orobat, Gipuzkoa klubei eskerrak eman dizkie. "Haiek gabe, Realak ezingo luke eredu hau iraunarazi. Gipuzkoak eredu honen alde egin du, eta klub horien eguneroko lanak ahalbidetzen du. Berriz ere eskerrak eman behar dizkiet gazteekin egiten duten lanarengatik, Real Sociedadekiko duten fideltasunarengatik, eta orobat nabarmendu nahi dut gure lurraldeko milaka gaztek egiten duten lan soziala".
1995