Breadcrumb

Asset Publisher

Back Nazioarteko aditu talde bat ‘in situ’ Gipuzkoa aztertzen ari da, lankidetzazko gobernantzaren adibide aurreratu gisa

Nazioarteko aditu talde bat ‘in situ’ Gipuzkoa aztertzen ari da, lankidetzazko gobernantzaren adibide aurreratu gisa

Etorkizuna Eraikizen eta lurraldeko gobernu ereduaren inguruko argitalpena prestatzen ari hainbat ikerlari; besteak beste, Harvard, George Washington, Palermo, Boston, Syracuse eta Complutense unibertsitateetako kideak dira

Etorkizuna Eraikiz aztertzera etorri den aditu taldea.

Munduko unibertsitate nabarmenenetako akademikoz osatutako partzuergo bat Etorkizuna Eraikiz kasuaren azterketan ari da lanean azken hilabeteetan, 2016az geroztik Gipuzkoan hedatutako gobernu-ereduari buruzko argitalpen zientifiko baten prestaketan aurrera egiteko helburuarekin. Izan ere, aditu hauen iritziz, gobernantza eredu aurreratua da gure lurraldekoa, beste herrialde eta gobernu batzuentzat erreferentzia izan daitekeena. Besteak beste, Harvard, George Washington, Palermo, Boston, Syracuse, Complutense eta Roskilde unibertsitateetako kideez –politika publikoen arloan erreferente dira zentro horiek– osatutako aditu talde hau lan-agenda bizia garatzen ari da joan den astetik hona, Etorkizuna Eraikizko dinamiketan inplikatutako pertsonekin lan-tailerrak eta topaketak eginez.

Joan den ostiralean Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, erreferentziazko ikerlari talde honi ongietorria egin zion Aldundian egindako bilera batean. Ostiraleko eta larunbateko lan-topaketen ondoren, argitalpen zientifikoarekin lotutako lanarekin jarraitu dute gaur, joan den urteko abenduan Donostiako Kursaalen egindako Etorkizuna Eraikiz Congress biltzarrean hasitako jardunarekin jarraituz. Talde akademiko hori elkarlaneko gobernantzan, politika publikoetan eta komunikazio politikoan adituak diren pertsonek osatzen dute, eta harrezkero, Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako gobernatzeko modu berriak utzitako ikasgaien azterketa zehatza egiten ari da, etorkizunean erreferentzia eta aztergai izan dadin.

Building collaborative governance in times of change. Lessons from Etorkizuna Eraikiz izenburupean, argitalpenaren editoreak izango dira Xabier Barandiaran, Aldundiaren izenean, María José Canel (Universidad Complutense) eta Geert Bouckaert (KU Leuven). Lankidetzako gobernantza praktikan jartzeko eta gizartea ekintza politiko eta instituzionalean aktiboki txertatzeko funtsezko ezagutza ateratzea da helburua. Ikerketa beste bi hilabetez luzatuko da, iraila eta urria bitartean. Horietan hainbat topaketa eta tailer egingo dira, eta horietako batzuk in situ egingo dira Gipuzkoan.

Honako aditu hauek osatzen dute ikerketarako partzuergoa: Peter Loge (George Washington University, School of Media and Public Affairs, AEB); Luis Aguilar (Universidad de Guadalajara, Mexiko); Tina Nabatchi (Maxwell School of Citizenship and Public Affairs, AEB), Sonia Ospina (NYU Wagner Graduate School of Public Service, AEB); Ander Caballero (Harvard University, Kennedy School of Government, AEB); Carmine Bianchi (University of Palermo, Italia); Eva Sorensen (Roskilde School of Governance, Danimarka); Jacob Torfing (Roskilde School of Governance, Danimarka); eta Adil Najam (Boston University, EEUU).

Etorkizuna Eraikiz “partekatu eta konektatu”

Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, azpimarratu du garrantzitsua dela Etorkizuna Eraikiz mundu osoan garatzen ari diren lankidetzako gobernantzako beste esperientzia eta ekintza batzuekin “partekatzea eta konektatzea”. Horregatik, “garrantzia berezikotzat” jo du erreferentziazko unibertsitateetako akademikoak Gipuzkoako kasua aztertzen aritzea.

Olanok demokrazian sakontzeko beharra azpimarratu du, herritarren eta erakundeen arteko “konfiantzan eta lankidetzan oinarritutako eredu parte-hartzaileagoen” bidez. Bide horretan aurrera egitea da, bere ustez, gure gizarteek dituzten ziurgabetasun ekonomiko, sozial eta politiko larriei aurre egiteko modurik onena. “Hori da Etorkizuna Eraikizen helburua. Gipuzkoaren eta Euskadiren etorkizunean pentsatuz egiten dugun ekarpena da. Gainera, Kontinente Zaharraren eraldaketa eta etorkizuna jokoan dauden une honetan, Europarentzako etorkizun demokratiko sozial, berde eta lehiakor baten eraikuntzan lagundu nahi dugu”, gehitu du.

  

5188