Soraluzen izandako emakume baten hilketa matxista salatu du Aldundiak
Soraluzen izandako emakume baten hilketa matxista salatu du Aldundiak
“Emakumeen aurkako bortizkeria, bere hainbat adierazpenetan, berdintasun falta eragiten duten egiturazko arrazoien ondorio da”, gogorarazi du foru bozeramaileak.
Soraluzen bart izandako emakume baten hilketa matxistaren aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak salaketa irmoena adierazi nahi du. Aldi berean, biktimaren senitarteko eta lagunei gertutasun osoa eta babesa helarazi nahi die.
Eider Mendoza foru bozeramaileak gertakari honen aurrean “gaitzespen irmoena” azaldu du gaur goizean eta, Foru Aldundiaren izenean, gogorarazi du halako hilketak direla berdintasun faltaren nahiz “emakumeak kontrolpean eta mendean” mantendu nahi dituzten ideia matxisten “testigantza latzena”. “Emakumeen aurkako bortizkeria, bere hainbat adierazpenetan, emakumeek pairatzen duten berdintasun falta errealaren eta subordinazioaren ondorioa da. Gizartean errotutako egoera horrek berdintasunaren bidean aurrera egiteko traba sakona eragiten du”, aipatu du Mendozak.
Soraluzeko Udalak aho batez onartutako erakunde adierazpenarekin bat egiten du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldi berean, Mendozak azpimarratu duenez, bortizkeria matxista ez da “arazo pribatu” bat, baizik eta “herritar orori eragiten dion errealitatea. Hori dela eta, gaineratu duenez, “guztion ardura” da antzeko egoerak ekidin eta salatzea, nahiz eta COVID19 gaitzari aurre egiteko osasun erakundeek egindako gomendioen ondorioz, ezingo den elkarretaratze eta manifestaziorik egin kasu honetan.
“Bortizkeria matxistak eta bere oinarrian dauden jarrera matxistek, testuingurua edozein dela ere, ez dute lekurik Gipuzkoan. Gizarte osoak bere egin beharreko konpromisoa da hori”, baieztatu du Mendozak.
Zerbitzuak indarrean
Foru bozeramaileak, bestalde, gogorarazi du emakumeen aurkako biolentziaren presazko arretarako eta harrerarako zerbitzuak indarrean daudela, koronabirusa dela eta hartutako neurriak martxan egon arren. Bortizkeria matxista kasuen aurrean, herritarrak kontaktuan jarri daitezke norbere udalerrietako gizarte zerbitzuekin, nahiz 900 840 111 telefonora deituz.
1682