Suhiltzaile Zerbitzuaren modernizazioarekiko konpromisoa berretsi du Aldundiak, “epe motzean, ertainean eta luzean”
Suhiltzaile Zerbitzuaren modernizazioarekiko konpromisoa berretsi du Aldundiak, “epe motzean, ertainean eta luzean”
Suhiltzaile Zerbitzuaren modernizazioarekiko konpromisoa berretsi du Aldundiak, “epe motzean, ertainean eta luzean”
48 suhiltzaile berri kontratatuko ditu lan poltsaren bidez, martxo hasieran lan egiten hasiko direnak, parke guztiak indartuz
Suhiltzaile Zerbitzuaren modernizazioarekiko eta sendotzearekiko konpromisoa berretsi du gaur Aldundiak, azpimarratuz legealdia hasi zenetik horretarako hartutako neurriak, eta ziurtatuz lanean jarraituko duela, “epe motzeko, ertaineko eta luzeko” ekimenekin, Gipuzkoak, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak adierazi duenez, larrialdien arreta “eredugarria” eduki dezan, gizartearen exijentziei, eta gure lurraldearen gaur egungo errealitateari egokitutakoa: “Foru Gobernu hau aurreko edozein baino gehiago egiten ari da erronka horri begira, baliabide ekonomiko eta materialetan, zein giza baliabideetan eta plangintza estrategikoan”.
Epe motzean, Aldundiak 48 suhiltzaile berri kontratatuko ditu. Horri esker, Aldundiaren lurraldeko 8 parkeetan errefortzurako pertsonala izango da, txanda bakoitzeko suhiltzaile bat gehiago, hain zuzen. Martxo hasieratik aurrera hasiko dira lanean, gradualki. Abenduan Aldundiak deitutako lan poltsaren bidez egingo da kontratazioa; 656 lagun aurkeztu ziren, guztira.
Gainera, aurtengo estatuaren aurrekontu legeak ezarritako birjartze tasa aprobetxatuko da, lehentasunezko lanpostuetan enplegu publikoko eskaintzak egitea ahalbidetzen duena, Lan Publikoko Eskaintza berri bat egiteko. Foru arduradunek gaur langileen ordezkaritzarekin izandako bileran adostu dituzte aipatutako neurriak, interlokuzioa “etengabekoa” delarik. “Une honetan dauden beharrei erantzuna ematen ari gara, pisu handiko neurri zehatzekin. Sindikatuen ordezkariek badakite hori. Konbentzituta gaude haiek ere berea jarriko dutela zerbitzua hobetzeko eta bermatzeko, orain arte egin duten bezalaxe”, adierazi du Lasak.
Gipuzkoa Babestu 20_30 plangintza estrategikoa garatzen hasteko oinarriak ezartze aldera, kronograma prestatu du Aldundiak, eta giza baliabideak indartzea da bertan aurreikusten diren ekintzetako bat. Ildo berean, foru erakundea tramiteak egiten ari da Bergarako Udalarekin, herri horretan eraikiko den etorkizuneko parke zentrala aurreratzeko. Espero da urte bukaerarako lur saila definituta egotea, eta plangintza urbanistikoa ere bukatzea, 2020. urtea baino lehen proiektu arkitektonikoaren lehiaketa deitu ahal izateko. Aurten ere, zerbitzuak ibilgailu berria edukiko du, 42 metroko garaiera duen autoeskala, oso ezaugarri berezietakoa, aipatutako parkera bideratuko dena, hain zuzen.
Halaber, Aldundiak aurreikusita du aurrekontuetan diru dotazioa, lehen irteerako kabina bikoitzeko hiru autoponpa kamioi berri erosteko. Urtea bukatu baino lehen egongo dira prest, eta bermatuko dute, Planak ezarritakoari jarraiki, foru parke guztiek suhiltzaile gehiago eramateko prest dauden ibilgailuak edukitzea, plantilla handitu egingo delako. 2018an, Aldundiak 20,5 milioi eurotik gorako aurrekontua bideratu zuen Suhiltzaileen Zerbitzura. “Legealdi hasieratik, foru gobernua handituz joan da atal honetarako diru dotazioa, eta joan den urtean eta aurten, aurreko legealdian baino bi milioi euro gehiago bideratzen ditugu”, zehaztu du.
Bestalde, dagoeneko indarrean da Larrialdien Koordinaziorako Zentral Bateratua, Garberako udal suhlitzaileen parkean, Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren bitartez. Bitarteko teknologiko berrienekin hornitu da Zentrala, eta 579.107,26 euroko inbertsioa egin du foru erakundeak. Zentral berriari esker, bi zerbitzuek elkarlanean jaso eta kudeatzen dituzte larrialdi deiak eta abisuak, urtero 5.000 baino gehiago Gipuzkoan, bateratze operatiboan sakonduz eta koordinazioa hobetuz.
Datozen hiru legealditan Lurraldeko larrialdien arreta hobetzea eta zerbitzua modernizatzea da Gipuzkoa Babestu 20_30-ren helburu nagusia, bai erantzute denboretan, eta baita giza baliabideen kopuruan ere. Batzar Nagusietan adostasun zabala lortu du plangintzak. Plantilla handitzea aurreikusten du, 71 suhiltzailerekin, parke guztiek txanda bakoitzean suhiltzaile gehiago edukitzea ahalbidetuz. Suhiltzaileen Zerbitzuko arduradun teknikoek egindako azterketa zorrotzaren emaitza da. Urtebete baino gehiago eman zuten azken hamarkadetan zerbitzuak egindako esku-hartzeen datuak eta denborak aztertzen, esan bezala, 80ko hamarkadan diseinatu zen egitura eraberritzeko, eta errepideetan, jarduera ekonomikoan eta garraioetan zein larrialdien tipologian gertatutako aldaketetara egokitzeko.
Suhiltzaileen bi eremu operatibo sortzea aurreikusten du Planak, Ekialde eta Mendebalde, bakoitzak bere parke zentrala edukiko duelarik, egituraren oinarri gisa. Parke berriak eraikitzea, eta gaur egun daude batzuk lekuz aldatzea ekarriko du, lurraldeko errepide sare berriari etekina atera ahal izateko. Horrela, lortuko da suhiltzaileak 15 minutu baino gutxiagoran iritsi ahal izatea Gipuzkoako udalerri ia guztietara, beti ere, gainera, gaur egun baina baliabide gehiagorekin. Erantzunaren diseinu eta garapen globalak eginez, “sekulako hobekuntzak” lortuko dira Gipuzkoako eskualde eta herri guztietan. Plana partekatzeko, bilerak egin ziren Batzar Nagusietako indar politiko guztietako ordezkariekin, eragina izango duten udaletakoekin, eta zerbitzuko suhiltzaileekin.
Gipuzkoa Babestu 20_30 egitasmoaren xedea da etorkizuneko larrialdien arretarako oinarriak ezartzea Gipuzkoan, “herritarren segurtasunari eta zerbitzuaren eraginkortasunari lehentasun osoa eskainiz”, nabarmendu du Lasak. “Oso tresna baliagarria daukagu mahai gainean, epe luzean premiazkoa den zerbitzuaren eraberritzea gauzatzeko. Suhiltzaileen ezagutza eta eskarmentua dago tresna horren oinarrian, eta martxan jartzea da eskatzen digutena. Denok jarri behar dugu gure partetik hori lortzeko. Baina horrek eskatzen du alde batera uztea interes alderdikoiak eta oportunismoa, oinarririk gabeko kritikak, eta gai hau ez erabiltzea hauteskundeei begira botoak lortzeko. Herritarren segurtasuna gai serioegia da horrelako azpijokoetan erortzeko. Irizpide teknikoekin, eta kudeaketa eraginkorra bilatuz jorratu behar da, egiten ari garen bezala”, galdegin du.
Ekintzak legealdi honetan
Lasak gogorarazi duenez, Aldundiak legealdi honetan deitutako lehen Lan Publikoko Eskaintza, Suhiltzaileen Zerbitzura zuzendutakoa izan zen; horrek erakusten du “foru gobernu honentzat lehentasuna izan dela hasieratik indartzea”. 25 plaza betetzea ahalbidetu zuen, zerbitzuaren egonkortasuna areagotuz. Ildo berean, azterketak egin aurretik, kabo eta sarjentuen 13 eta 5 plaza bete ziren zerbitzuan, barne sustapenaren bitartez. Joan den legealdian izandako “planifikazio faltarekin” eta “geldiunearekin” kontrajarri ditu aipatutako neurriak, argudiatuz lau urtetan ez zela egin “ez LPErik, ez lan poltsarik, eta ezta inolako plangintza estrategikorik ere”. Era berean, azken urte hauetan zerbitzuko ibilgailu flotaren berrikuntza gauzatu da.
Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, berriz, 2017. Urteko uztailean hitzarmena sinatu zen Bizkaia eta Arabako aldundiekin, prebentzio, sute itzaltze eta salbamendu zerbitzuen mobilizazioa eta esku-hartzea koordinatzeko hiru lurraldeetako mugako eremuetan, eta larrialdietan zerbitzu hobea emateko. Legealdi honetan ere, ALERT europar proiektuaren sustatzaileetako bat izan da Aldundia. Mugaz gaindiko lankidetza sustatzen du hitzarmenak, Pirinio Atlantikoetako (Frantzia), Nafarroako, Aragoiko eta Gipuzkoako suhiltzaileen zerbitzuen artean. 2020. Urtera bitarte, 3.399.274 euroko inbertsioa egingo dute inplikatutako lurraldeek. % 65 finantzatuko du Europak, POCTEFA programaren barruan aukeratutako hautagaitzetako bat izan baitzen. Gipuzkoaren kasuan, Jaizkibelen zein Eurohirian arreta hobetzeko balioko du.
Azkenik, SuEskola Fundazioaren euskarria dauka Gipuzkoak. 2009an jarri zuen martxan Aldundiak, eta instalazio aitzindariak dauzka Ordizian estatu mailan, sektorean punta-puntakoa den teknologiarekin hornitutakoak. Ikastaro praktikoak segurtasun mailarik handienarekin egin daitezke, horiei esker. Prebentzioan, sentsibilizazioan eta formakuntzan dihardu lanean SuEskolak, enpresekin, suhiltzaileekin eta ikasleekin, besteak beste, eta sortu zenetik 27.000 lagun baino gehiagori eskaini die prestakuntza.1782