Breadcrumb

Asset Publisher

Back Aldundiak Mugi Gaztearen deskontu berriak babesteko eskatu die gainerako erakundeei

Aldundiak Mugi Gaztearen deskontu berriak babesteko eskatu die gainerako erakundeei

Hilabetero 51. bidaiatik aurrera doan izango lituzkete joan-etorri guztiak

Denis Itxaso: «Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako gainerako kideei eskatzen diegu bat egin dezatela 6 eta 25 urte bitarteko haur eta gazteentzako deskontuak handitzeko proposamenarekin; guztira 90.000 pertsonari eragingo lioke neurri horrek, eta deskontuak % 14tik % 25era igoko lirateke; gainera, 51. bidaiatik aurrera doan izango lituzkete joan-etorri guztiak».

Lehen diputatu nagusiorde Denis Itxaso eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Marisol Garmendia jendaurrean azaldu dira gaur eskatzeko Gipuzkoako Lurralde Agintaritza osatzen duten gainerako erakundeei, hurrengo batzarrean onar dezatela Mugi Gaztearen proposamena, horrela, Gipuzkoako 90.000 haur eta gaztek deskontu handiagoak izan ditzaten garraio publikoa erabiltzeko orduan.

Itxasok azaldu duenez, Mugi Gaztearen deskontuak % 14tik % 25era igoko lirateke Gipuzkoako garraio publikoan MUGI txartela duten haur eta gazte guztientzat, hau da, 6 eta 25 urte bitarteko 90.000 pertsona inguru izango lirateke onuradun. Gainera, 51. bidaiatik aurrera, bidaia guztiak doan izango lirateke. Proposamena oso onuragarria izango litzateke Gipuzkoako gazteentzat, eta dagoeneko abian egon beharko litzateke. Hori dela eta, eskatzen diegu Eusko Jaurlaritzari eta Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten erakunde guztiei, ez itxaroteko gehiago eta onesteko proposamen hori, onurak baino ez lituzke izango-eta, bai gazteentzat eta bai garraio publikoaren sustapenarentzat.

Gazteentzako deskontu horiek gehigarriak izango lirateke, eta beraz, tarteen arabera progresiboki pertsona guztientzat egiten direnei erantsiko litzaieke.

Marisol Garmendiak adierazi duenez, «Mugikortasun Departamentuak aurkeztutako proposamen hau abian jarriz gero, pertsona bakoitzak hileko % 9,5 eta %13 bitarteko aurrezkia lortuko luke egiten dituen bidaia kopuruaren arabera; hau da, urteko 14,5 eta 60 euro artean. Gure ustez, Gipuzkoako gazteentzat onura garrantzitsua da, gehienek egunero erabiltzen dutelako garraio publikoa.  Guztion artean erraztasunak eman behar dizkiegu deskontu gehiago lortzeko».

Otsailean Garraioaren Lurralde Agintaritzak batzarra egingo du, eta Gazteriako foru diputatuak eta Mugikortasunekoak eskatzen dute ez dadila gehiago itxaron eta onar dadila proposamena, lehenbailehen abian jartzeko.

 

 

  

1571