TEK Garbera komunitate energetikoa Altza eta Intxaurrondoko 100 etxebizitzatara iritsiko da
TEK Garbera komunitate energetikoa Altza eta Intxaurrondoko 100 etxebizitzatara iritsiko da
Altza eta Intxaurrondoko 100 familia komunitate energetiko hiritar berriaren onuradun izango dira, Garberak plaka fotovoltaikoak instalatzeko utzi duen azalerari esker.
Plaken instalazioa 744 m2-ko azaleran egingo da. 142 eguzki-plaka instalatuko dituzte, 75 Kw-ko potentziarekin.
Atmosferara 420 CO2 tona isurtzea ekidingo da horrela; hala, instalazio horren baliokidea izango litzateke 25 urtez CO2a xurgatuko duten 1.680 zuhaitz landatzea (denbora hori baita plaken bizialdia).
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak eta Unibail-Rodamco-Westfield taldeak elkarrekin bultzatu dute ekimena; azken horrek doan eskaini du Garbera Merkataritza Gunearen azalera, eta Edinorrek diseinatutako TEK ereduaren arabera eratu da.
José Ignacio Asensio: “Bizi ditugun garaietan, bereziki, egoera energetiko konplikatuarekin eta prezioen inflazioarekin, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da familien etxeko zama ekonomikoa arintzea, eta faktura energetikoaren % 25 aurreztea oso bultzada positiboa da hori lortzeko”.
Gaur goizean, Garberako komunitate energetiko lokala aurkeztu dute, TEK Garbera – Altza Intxaurrondo izenpean. Honakoak izan dira aurkezpenean: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Diputatu José Ignacio Asensio; Donostiako Udaleko Ekologia zinegotzi Marisol Garmendia; Unibail-Rodamco-Westfield taldeko Jasangarritasun Departamentuko nagusia, Jose Maria Gonzalez; Garbera merkataritza guneko gerente Nuria Vegas eta Edinor enpresako kontseilari ordezkari Juan Diego.
Komunitate energetiko horrek energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzea du helburu, eta Feu Vert mekanika-tailerraren gaineko estalkian gauzatuko da. Merkataritza guneak eskaini du azalera hori, elektrizitatea sortu eta kontsumitzeko eredu jasangarri hori eskura izan dezaten Intxaurrondo eta Altzako familiek, haien etxeetan inolako instalazio-lanik egin beharrik gabe.
Aurreikuspenen arabera, 75 kW eta 142 plaka instalatuko dituzte, 744 m2-ko azalera erabilgarriarekin, eta instalaziotik 2 kilometroko erradioan dauden Altza eta Intxaurrondoko 100 etxebizitza energia berdez hornituko ditu, autokontsumo erregimenean. Ekimen horrek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuaren sustapena izango du, eta Next Generation funtsetatik laguntzak jasotzeko izapideak hasi dira, EEEk kudeatutako autokontsumoko programaren bidez. TEK Garbera – Altza Intxaurrondok energia garbia eta 0 kilometrokoa ekoitzi eta kontsumitzeko aukera eskainiko die 100 familiari, autokontsumo erregimenean. Horrela, ingurunearen jasangarritasunari laguntzeaz gain, fakturan aurreztu ahal izango dute, % 25eko aurrezpen zenbatetsiarekin. Komunitatea, herritarren autonomia energetikoa bermatzen lagunduko duena, TEK (Tokiko Energia Komunitatea) ereduaren arabera eratu da. Eredu hori Edinorrek diseinatu du, Tokiko Energia Komunitateen garapenean espezializatutako Petronorren % 100eko filialak.
José Ignacio Asensio foru diputatuak azpimarratu duenez, “energia gizarte-eskubidea da, eta eredu berri bat eskatzen du, zeinak etxeak ahaldundu eta sistema energetikoaren erdigunean jarriko baititu, energia garbia nahiz haien fakturan aurrezteko behar dituzten tresnak eskuragarri jarrita”. Asensiok gogora ekarri duenez, “bizi ditugun garaietan, bereziki, egoera energetiko konplikatuarekin eta prezioen inflazioarekin, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da familien etxeko zama ekonomikoa arintzea, eta faktura energetikoaren % 25 aurreztea oso bultzada positiboa da hori lortzeko. Aurreranzko bidean, energiaren demokratizazioa, erregai fosilekiko menpekotasun gutxiago edukitzearen aldeko kultura, eta eredu eraginkor, justu eta jasangarriago bat ditugu jomuga, eta aurrerabide horrek inguru honetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetuko du”.
142 plakek 75 kW sortuko dituzte: energia berriztagarri eta deskarbonizatua izango da, % 100. Epe luzean eta Nazio Batuek 2030rako ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak gogoan hartuta, atmosferara 420 CO2 tona isurtzea ekidingo dute; hala, instalazio horren baliokidea izango litzateke 25 urtez CO2a xurgatuko duten 1.680 zuhaitz landatzea (denbora hori baita plaken bizialdia).
Marisol Garmendia Donostiako Ekologia zinegotziak nabarmendu duenez, “klima aldaketaren aurkako borrokan Udalaren konpromisoak indartu behar ditugu. Energia-komunitateak oso tresna interesgarriak dira, fakturetan aurrezteko aukera ematen baitiete familiei. Beraz, erantzukizun kolektiboko ariketa dira gure ingurunearekin”.
Unibail Rodamco Westfielden-eko Jasangarritasun Departamentuko nagusia, José María Gonzálezek azpimarratu duenez, “jasangarritasuna da taldearen lehentasunezko helburuetako bat, eta gure erabaki guztien bihotzean dago. Hirien eraberritzea bizkortzeko parte aktiboa izan nahi dugu, eta uste dugu proiektu honek eredugarri egiten duela efizientzia energetikoarekin, Donostiaren ondoko auzoekin eta bizi garen komunitatearekin dugun konpromisoa”.
Edinorentzako kontseilari delegatu Juan Diegok balioa eman dio proiektuari, Gipuzkoako tokiko energia-komunitateak bultzatzearen testuinguruan, “estalki pribatuak, kasu honetan inguruko merkataritza-zentro garrantzitsu batean, kudeaketa publikoko estalkiak lagatzeko ereduari gehituz, eta, hala, gero eta herritar eta saltoki gehiagok autokontsumo energetiko jasangarria garatzeko aukerak biderkatuz”.
José Ignacio Asensioren hitzetan, egitasmo honekin, hiritarrak “trantsizio energetikoaren prozesuan rol aktiboa edukitzera igaro dira, eta komunitatea nahiz kultura energetiko berri bat sortu dituzte, non pertsonek gaitasun handiagoa baitute erabakitzeko, aurrezteko eta ezagutzeko, eredu tradizionalekin alderatuta. Pausu ezin garrantzitsuagoa da hiritarrek balia dezaten energia garbia baldintza ekonomiko justuen truk edukitzeko eskubidea; halaber, aurrerapena ere bada, energiaren demokratizazioak kolektibo guztiak irits ditzan, inor atzean utzi gabe”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Saila hainbat ekimen sustatzen eta babesten ari da Gipuzkoako udalerrietan, mendekotasun energetikoa gutxitu, berriztagarrien erabilera sustatu eta autokontsumoa bultzatzeko helburuarekin. 2023ko lehenengo seihilekoari begira, “Gipuzkoako 37 udalerrirekin lanean ari gara, Gipuzkoako herrien erdiek haien komunitate energetiko propioak izan ditzaten”.
2983