Breadcrumb

Asset Publisher

Back Tokiko berdintasun politikak sustatzeko programak indartuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Tokiko berdintasun politikak sustatzeko programak indartuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Markel Olano diputatu nagusiak eta Miren Elgarresta Berdintasuneko foru zuzendariak lan saioa partekatu dute Gipuzkoako hainbat udalerritako alkate, teknikari eta zinegotziekin

2020/10/28

Tokiko Berdintasun politiken inguruko lan saio telematikoa ireki du gaur Markel Olano diputatu nagusiak, Berdintasuneko foru zuzendari Miren Elgarrestarekin batera. Bertan, azken hamar urteotan udalerriekin elkarlanean landutako zenbait esperientzia aurkeztu eta partekatzeaz gain, tokiko administrazioetan garatzen diren berdintasun politikak babesten, sustatzen eta indartzen jarraitzeko konpromisoa helarazi die diputatu nagusiak lurraldeko alkate, zinegotzi eta berdintasun teknikariei.

Markel Olanok berretsi duenez, pandemiaren ondorioei erantzuteko garaian "funtsezko elementua" da berdintasunaren aldeko lana, egungo osasun, ekonomia eta gizarte krisialdiak ez dezan "atzerapausorik" eragin alor honetan. “Lurralde gisa, gizarte desberdintasunen aurka egiteko erabateko konpromisoa du Gipuzkoak eta printzipio horrek erabateko gaurkotasuna du bizi dugun egoeran. Hor kokatzen dugu genero berdintasuna lortzeko ahalegina”, adierazi du, helburu hori lortzeko Foru Aldundiak onartu berri duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Foru Plana (2020-2023) aipatuz. Plangintza horrek ezartzen duen lan ildoetako bat da, hain zuzen ere, “gobernu ona” garatzeko jarduna, non espreski jasotzen den tokiko berdintasun politikak sustatzeko xedea.

“Gipuzkoak aurrera pauso garrantzitsuak eman ditu azken urteotan emakumeen eta gizonen berdintasunerantzako norabidean. Horren jatorria, batetik, gizartearen konpromisoan dago. Baina, baita ere, lurraldeko erakunde guztiok modu koordinatuan egiten ari garen arnas luzeko lanean. Horren adibide dira azken hamarkada honetan udalerri txikiei eskainitako babesa eta tokiko administrazioekin ezarritako elkarlan testuingurua. Legealdi honetan, III. Berdintasun Planak ezartzen duen moduan, tokiko berdintasun politikak sustatzen jarraitzea dugu helburua”, nabarmendu du diputatu nagusiak.

Tokiko Berdintasun politiken sustapenerako lan ildoan, bi programa bultzatu ditu azken urteotan Foru Aldundia: Berdinbidean Gipuzkoa eta Berdintasun Unitaterako Lan Guneak.

Lehena, Berdinbidean Gipuzkoa izenburupean garatu dena, 10.000 biztanletik beherako eta berdintasun egitura egonkorrik ez duten udaletan emakume eta gizonen arteko berdintasunerako politikak bultzatzeko programa. Programa honek hamar urte bete ditu aurten eta, 2010ean abian jarri zenetik, garai ezberdinetan eta intentsitate maila ezberdinetan 55 udalek hartu dute parte, tamaina horretako udalen %88k hain zuzen ere. Berdintasun politika eta ekintzak abian jartzeko zailtasunak dituzten herriak dira hauek, batez ere, giza baliabide faltagatik. Programa, metodologikoki, hiru ardatzen inguruan egituratzen da: lan-mintegi orokorrak, prestakuntza saioak eta banakako nahiz taldeko aholkularitza. Aurrera eraman diren lan ildoak izan dira, berriz, emakumeen jabekuntza eta parte-hartze soziopolitikoa eta indarkeria matxistaren prebentzioa gazteen artean.

Bigarrena, Berdintasun Unitaterako Lan Guneak, 2013. urtean jarri zen martxan. Bertan, udalerrietako berdintasun teknikariz osatutako lantaldeak antolatzen dira, identifikatutako interes eta beharren arabera. Besteak beste, gazteria eta berdintasun politiken arteko lankidetza, indarkeria matxistari eskainitako arreta, eta abar landu dira azken urteotan.

 

Programa berria: genero ikuspegia prozesu administratiboetan

Azken bi programa hauei, berritasun garrantzitsu bat gehituko zaie 2020-2022 ekitaldian. Izan ere, bai Berdinbidean egitasmoan eta baita ere Berdintasun Unitateen Lan Gunean egindako lanketak erakutsi duenez, komenigarria da prozedura administratiboetan genero ikuspegia txertatzeko prozesu iraunkor eta egonkorrak sustatzea. Beraz, horretara bideratutako esperientzia abiaraziko du datozen hilabeteetan Foru Aldundiak, tokiko berdintasun politikak sustatzeko lan-ildoa indartuz. Horrela, mainstreaming estrategia lurralde osoan zabaltzeko aurrera pauso berri bat emango da; programa hau herri guztietako idazkarientzat zuzenduta dago.

Miren Elgarresta foru zuzendariak jardunaldian parte hartu duten udal eta erakunde ordezkari guztien parte hartzea eskertu du, “lurralde honen berdintasunaren aldeko konpromisoaren adierazle baita”, gehitu du. Era berean, eta aurrera begira, konpromiso hori mantentzea eskatu die, eta tokiko berdintasun politikak garatzeko programetan parte hartzera gonbidatu ditu. “Lurralde osorako berdintasun politikak sustatzeko estrategia honen helburua da Gipuzkoa Berdintasun Ekosistema bilakatzea. Gipuzkoa berdinzalegoa izan dadin, berdintasuna behetik gora eta barnetik kanpora hedatzeko estrategia baten bitartez”, gehitu du.

  

1756