Aldundiak negozio turismoa indartzearen alde egingo du, sektorearen lehiakortasuna indartuz
Aldundiak negozio turismoa indartzearen alde egingo du, sektorearen lehiakortasuna indartuz
Aldundiak Turismoa eta Kultura Suspertzeko Planaren ildo nagusiak azaldu ditu
- Aldundiak Turismoa eta Kultura Suspertzeko Planaren ildo nagusiak azaldu ditu
- Orobat aztertuko ditu turismoa sektore baztertuak gizarteratzeko tresna bihurtzeko formulak
Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak Ekonomia Suspertzeko Planaren berri eman dute Kulturari eta Turismoari dagokienez. Alor horietara hamar milioi euro bideratuko dira ekitaldi honetan, plan horretan urterako biltzen diren 50 milioi euroen barruan.
Turismoa sektore estrategikoa bihurtu da Gipuzkoarentzat; BPGari egiten zaizkion ekarpenetan bigarrena da (% 7,2), eraikuntzaren aurretik, eta metalurgiaren ekarpenaren pare. Datu hauek bi puntu gora daude Euskadiko gainerako lurraldeekiko. Izan ere, Komunitatean BPGaren % 5 da (Gipuzkoan, BPGren pisu erlatiboa % 40 handiagoa da). Enpleguari dagokionez, sektore garrantzitsua da orobat, kontuan hartzen badugu ostalaritzak lanaldi osoko 17.600 lanpostu dituela, Gipuzkoako enplegu guztiaren % 5,5.
Jarduera hazten ari da. 2015ean turista kopurua 950.000 izan zen (922.000, 2013an), eta 2016an milioira iristen ari gara. Gainera, gero eta nazioartekoagoa da, atzerriko turismoak gero eta pisu handiagoa baitu. 1992an atzerriko turismoa % 22,5 zen; 2014an, berriz, % 42 izan zen. Azken aldiko eboluzioak ere hori baieztatu egiten du; 2009tik aurrera, atzerriko turisten kopurua % 53,8 igo da. Zentzu horretan, Aldundiaren ustez, turismoa da Gipuzkoak duen erakusleiho onena, ziurrenik, lurraldea eta herri irudia saltzeko.
Markel Olano diputatu nagusiak gogorarazi duen bezala, foru gobernuaren helburu estrategikoetako bat "indarberritze ekonomikoa sendotzea" da. "Turismoa eta kultura ezin dira geratu ehun ekonomikoa sustatzeko eta laguntzeko egiten ari garen ahaleginaz kanpo. Aitzitik, enplegua eta aberastasuna sortzeko eremu garrantzitsuak dira lurraldean. Hori dela eta, jarduera hauek helburu dute alorreko enpresei laguntzea bikaintasunean eta lehiakortasunean aurrera egin dezaten, betiere iraunkortasuna eta gizarte eta lurralde kohesioan bermatuz", azaldu du.
Zentzu honetan, Ekonomia Suspertzeko Planak zazpi jarduera ardatz biltzen ditu Turismoari eta Kulturari begira, guztira 10 milioiko kontuarekin. Lehen jarduera ardatzak –Alor Turistikoko Enpresen Lehiakortasunaren Sustapena– helburu du ekintzailetasuna eta praktika berritzaileak laguntzea turismoaren sektorean. Diputatu nagusiak iragarri duenez, beste neurri batzuen artean aurten, lehen aldiz, ostalaritzako enpresek ere parte hartu ahal izango dute turismoa erakartzeko proiektu berritzaileekin Txekin laguntza deialdian, Sustapen Ekonomikoko Departamentuak sustatzen duena eta 500.000 euroko zuzkidura duena. Orobat, Singular Dendak merkataritzan bikaintasuna laguntzeko programak laguntza ildo bat izango du langileen hizkuntza prestakuntzarako, hartara arreta egokia emateko kanpokoei.
Jarduera ildo horren barruan ere, nekazaritza turismoaren kalitatea xede duten azpiegiturei laguntzea dator, Landa Garapeneko Agentzien bidez: aterpetxe, seinalizazio, nekazaritza ostalaritza eta feriak, besteak beste.
Interes handia du GFAk negozio turismoa edo MICE negozioa indartzeko, hurrengo urteetarako helburu estrategikoetako bat den aldetik. Hau da eskaintza turistikoa indartzeko eta dibertsifikatzeko ardatzaren xede nagusia. MICE bisitarien erosahalmen handiagoaz gain, Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak adierazi duenez. "turismo mota honek turismoa urte osora zabaltzeko aukera ematen du. Azpimarratu du, gainera, tresna garrantzitsua dela eta aurkezpen gutun bat nazioartekotu nahi duten enpresentzat. Izan ere, Gipuzkoara kongresu batera datorren turista gure lurraldearen balizko enbaxadore bat da eta Gipuzkoa helmuga gisa gomendatuko duen bat, maiz itzultzen baitira bidaia pribatuetan".
GFA hainbat jarduera ildo ditu eremu horretan Ekonomia Suspertzeko Planean, 400.000 eurorekin (Kursaalari eta Miramar Jauregiari diru laguntzak, kongresuak ospatzeko diru laguntzak Donostiako Udalarekin partekatzen duen funtsetik, diru laguntza Gastronomika Kongresuari eta GFAk finantzatzen dituen beste kongresu batzuk), eta asmoa da hori handitzen joatea legealdian aurrera. Gobernantzako modelo berritik, GFAk lankidetza mekanismoak abian jarriko ditu eta alor pribatuarekin batera jardungo du, "ekitaldi gehiago eta negozio turista izateko eskaintza lehiakorragoetatik abiatuta", Itxaso diputatuak azaldu duen bezala.
Azkenik, GFAk iragarri du formulak aztertzen ari dela turismoa baztertuta dauden sektore sozialak gizarteratzeko tresna izan dadin, hartara kohesio sozialaren alde dagoen turismo bat sustatzeko.
2271