Breadcrumb

Asset Publisher

Back Turismo Plastic Free

Turismo Plastic Free

Jose Ignacio Asensio: “Turismoa gero eta garrantzitsuagoa den sektore bat da eta ekonomia zirkularrean eta garapen iraunkorrean sartzeko aukerak aztertu behar ditu”

2019/11/28

Zarauzko ostatu sektorean erabilera bakarreko plastikoak murrizteko proiektua bultzatzen du Gipuzkoako Aldundiko Ingurumena departamentuak, Zarauzko Udalarekin eta Emausekin batera.

Jose Ignacio Asensio: “Turismoa gero eta garrantzitsuagoa den sektore bat da  eta ekonomia zirkularrean eta garapen iraunkorrean sartzeko aukerak aztertu behar ditu” «Eredu ekonomiko zirkular baterako trantsizioa aukera bat da lurraldeen hazkunde ekonomikorako eta tokian toki enplegua sortzeko».

 
Ingurumeneko foru diputatu José Ignacio Asensiok, Zarauzko alkate Xabier Txurrukak, Berdintasun, Ingurumen eta Agenda 21-eko zinegotzi Gloria Vazquezek eta Emaus taldeko arduradun Begoña Cabaleirok Turismo Plastic FreE proiektua aurkeztu dute Zarauzko udaletxean. Proiektuaren helburua da erabilera bakarreko plastiko gutxiago erabil dadin bultzatzea eta plastikoen berrerabilera eta birziklatzea sustatzea turismoaren sektorean.
 

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia zirkularra Gipuzkoan sustatzeko urtero egiten duen dirulaguntza deialdiaren baitan sortu da proiektu hau, eta Emaus erakundeak diseinatu du, ingurumen balioen aldetik jasangarria izango den turismo joera bat bultzatzearren, Gipuzkoa Klima 2050 Estrategiarekin bat etorrita. Proiektuaren muina zera da: hotel eta ostatuen kudeaketan zirkulartasun printzipioa jartzea plastikozko hondakinei dagokienez eta, halaber, berrerabili ezin den plastikoak baztertzeko sentsibilitatea handitzea.

Zarautzen abian jarri den lehenbiziko esperientzia honetan, herriko 36 hotel hasi dira lanean, hotel bakoitzari buruzko diagnostiko pertsonalizatu bat eginez eta aztertuz erabilera bakarreko plastikoak zenbateraino erabiltzen dituen eta gaika bereizten al dituen.

Ingurumeneko foru diputatuak azpimarratu du Gipuzkoan ekonomia zirkularraren oinarriak sendotzen jarraitu beharra dagoela eta arreta berezia jarri behar dela plastikoaren birziklatzean, hondakin plastikoen parte handi bat itsasoraino iristen baita gero.  Kopuru ofizialen arabera, mundu osoan plastikozko milioi bat botila saltzen dira minutuko, plastikozko 500.000 milioi poltsa berrerabilezin erabiltzen dira urtean eta itsasora 13 milioi tona plastiko isurtzen dira, hau da, egunean 1.780 kamioi karga-karga eginda hustuko balira bezala.«Lehentasunezkoa da erakundeak eta herritarrak -kolektiboak nahiz norbanakoak- arazo honetan jabetzea eta gure eguneroko bizitzan bestelako materialak erabili beharraz jabetzea, izadiari horrenbesteko kaltea ez egiteko eta, aldi berean, horrenbeste energia eta baliabide alperrik ez galtzeko eta ekonomia zirkularra sustatzeko», adierazi du José Ignacio Asensiok.

«Klima aldaketaren aurka munduan daramagun borroka honetan, leku garrantzitsua du hondakinak era egokian kudeatzea», berretsi du Jose Ignacio Asensiok, «Gipuzkoa dagoeneko Europako herrialderik aurreratuenen parean jarri da hondakinen kudeaketan, berrerabileran eta birziklatzean, herritarren jokabideari esker eta hondakinen gaikako bilketarako eta trataerarako azpiegituren garapenari esker». Asensiok azpimarratu du birziklatzearen industriak aukera asko ematen dituela ekonomia garatzeko eta enplegua sortzeko, batez ere gazteentzat.  «Eredu ekonomiko zirkular baterako trantsizioa aukera bat da lurraldeen hazkunde ekonomikorako eta tokian toki enplegua sortzeko».

Horregatik, eta turismoa gure lurraldean hartzen ari den indarragatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu egiten ditu honelako ekimenak, lurraldeko sektore nagusietan ekonomia zirkulararen aldeko kontzientzia pizteko eta zabaltzeko.  Sektore turistikoak Gipuzkoan 250 ostatu eta hotel daude, eta 15.000 ohetik gora eskaintzen ditu. BPGaren % 7,4tik gora izatera iritsi da jada eta urtez urte hazten ari da sektorea. Lurraldearentzako hazkunde ekonomiko onuragarria  eta enplegua sortzeko gune garrantzitsua izan arren,  gero eta pisu handiagoa hartzen ari da, baita ere, ingurumen eraginetan, besteak beste hondakinen arloan. Beraz, proiektu honen xedea da turismo sektorean kudeaketa jasangarria bultatzea, hazkunde honek ekar ditzakeen ingurumen eraginak minimizatze aldera.

Ekimen honen bitartez, Emaus Fundazioa ostatu eta hotelekin lanean hasiko da, ZERO PLASTIKOKO HOTELAK bihur daitezen. Bide batez, hoteletan sortzen diren hondakinen prebentzio eta birziklatzera ere zabalduko da ekimena, era guztietako hondakinen arloan ere ahalik eta gehien minimizatzera jotzeko. Ekimen hau Zarautzen jarri da abian, modu pilotuan, baina praktika eredugarriak sortzea espero da eta, hartara, beste leku batzuetako establezimenduak erakartzeko balio izatea, denon artean etorkizun jasangarriagoa eraikitzen joateko.

Proiektuaren bitartez, turismoaren alorreko establezimenduei urrats hauetan lagunduko zaie:

  • Bisita personalizatu bat egingo da, hotelaren beraren errealitatea ezagutzeko.
  • Erabilera bakarreko plastikoaren erabilerari buruzko diagnostikoa egingo zaie.
  • Ekintza plan pertsonalizatu bat idatziko da.
  • Elkarrizketa bat eingo zaie, sare sozialetan argitaratzeko.
  • Kuina bat eta eranskailu bat emango zaizkie, hotelak kanpainarekin bat egiten duela adierazteko.

Interesaturik daudenei, beren geletako konketetan jartzeko xaboi-ontzi pertsonalizatuak oparituko zaizkie, betegarriak izango direnak, noski, ameniti gutxiago erabili behar izateko. Xaboi-ontzia gipuzkoar artisau batek egingo du, eta hark establezimendu bakoitzeko arduradunarekin hitz egingo du, hotelaren estetikara egokitua egiteko.

  

1776