Breadcrumb

Asset Publisher

Back Tutoretzapean dauden adin txikikoentzako “osaba-izeba” gehiagoren bila ari da Gipuzkoako Foru Aldundia

Tutoretzapean dauden adin txikikoentzako “osaba-izeba” gehiagoren bila ari da Gipuzkoako Foru Aldundia

Baketik Fundazioarekin lankidetzan garatzen den Izeba programak 14 urte bete ditu aurten eta 20 familia berri gehitu nahi ditu harrera-sarera.

IZEBA

Gaur goizean prentsaurrekoan azaldu dute Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Baketik Fundazioko arduraduna den Kristina Soaresek, Izeba programaren baitan antolatu den kanpaina. Datozen asteetan zehar garatuko diren ekintzekin bilatzen dena da 20 familia boluntario berri erakartzea Izeba programaren baitan 2009 urtean sortu zen sarera. 8-17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako osaba-izebak behar dira, “adingabe migratzaileak izan daitezke, batzuek behar bereziak dituzte edo desgaitasunen bat”, azaldu du diputatuak. Peña eta Soaresekin batera izan dira Olatz Aranburu eta Xabier Eskisabel ere, 10 urteko haur baten ‘izeba eta osaba’ direnak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta egoitza-harreran bizi diren adin txikikoei bideratutako programa da, non familia boluntarioek osaba eta izeba figura bezala laguntza eskaintzen dieten, familiako beste kide bat bezala. Gaur egun, tutoretzapeko 415 adin txikiko bizi dira egoitza-harreran Gipuzkoan eta 349 familia-harreran.

14 urte hauetan 300 familiatik gora hartu dute parte Izeba programan eta, aurten, adin txikiko eta boluntarioen arteko 87 harreman sustatu dira, haur eta nerabeen “erreferente, lagun eta babes-figura” direlarik. Bestalde, jada adinez nagusi diren 145 gazterekin ere mantentzen dute boluntarioek oraindik ere harremana. Halaxe azaldu du Maite Peña diputatuak programa honekin Foru Aldundiak bilatzen duena: “Haurtzarotik egoera zail eta konplexuak bizi dituzten haur eta nerabeei osaba eta izeba papera betetzen duten familien laguntza eskaintzen zaie, harreman zintzo, esanguratsu eta gertukoak landuz”. Ikasketekin lagunduz, aisialdi denbora partekatuz, eta egunerokoan erreferente gisa jokatuz, besteak beste.

Nahiz eta 14 urte daramatzan martxan Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Baketik Fundazioaren artean garatzen den mentoretza programa honek, “erabat berritzailea” izan dela azpimarratu du Peñak, “eredu bezala hartu izan dena gure inguruan, emaitza oso onak ematen dituena gainera”. Gizarte Mentoretzako Koordinakundearen (CMS) baitan ere badago Izeba programa, Estatu mailan garatzen diren mentoretzako 70 programetako bat izanik.

Hitzaldiak eta testigantzak

Bere aldetik, Kristina Soaresek azaldu du pixkana hazten ari den programa dela Izeba, baina gaur aktibatzen den kanpainaren bidez, familia gehiago erakarri nahi direla. Horretarako hainbat ekintza antolatu dira datozen hilabeteetarako.

- Webgunea eta testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa: baketik.org

- Hitzaldiak:

o Azaroak 14an Segurako Kultur-etxean

o Azaroak 20an, Donostiako Gaztegunean

o Azaroak 29, Arrasateko KulturAten

Soaresek gaineratu du edonor izan daitekeela boluntario, euren denbora librea modu boluntarioan partekatu nahi duen edonor, seme-alabak izan ala ez, eta atzetik Baketik Fundazioak boluntario guztiei sostengu jarraitua eskaintzen diela, zalantzak argitzeko edota adingabekoarekiko harremanaren inguruan aholkatzeko.

  

1958