Txirrindulariek eta oinezkoek Azitain-Maltzaga Bidegorriaren ibilbide osoa izango dute erabilgarri urtea amaitu baino lehen
Txirrindulariek eta oinezkoek Azitain-Maltzaga Bidegorriaren ibilbide osoa izango dute erabilgarri urtea amaitu baino lehen
Txirrindulariek eta oinezkoek Azitain-Maltzaga Bidegorriaren ibilbide osoa izango dute erabilgarri urtea amaitu baino lehen
Ezarritako epeen arabera, Debabarrenean eskaera historikoa izan den bidegorri horren lehenengo zatia irailean amaituko da, eta Eibar eta Elgoibar arteko bizikleten eta oinezkoen loturaren trazatu osoa abendurako egongo da prest.
Gaur eguerdian, Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak, Miguel de los Toyos Eibarko alkatearekin batera, Azitain-Maltzaga bidegorriaren obrak bisitatu ditu, bertatik bertara obraren garapena egiaztatzeko; lan horiek aurreikusitako epeetan egiten ari dira eta 2020. urtea amaitu baino lehen bidegorria prest egongo da.
Lehenengo zatia bukatuta eta erabiltzeko moduan egongo da datorren irailean, eta bidegorri osoa, 2,1 kilometro luze izango dena, datorren abenduan amaituko da. Bidegorri horrek Eibar eta Elgoibar lotuko ditu txirrindularientzat eta oinezkoentzat.
Irailean irekiko den bidegorriak Maltzagarekin lotzen du, Eibar eta Elgoibar arteko muga ezartzen du, eta Elgoibarren jada eraikita dagoen bidegorriarekin bat egiten du; guztira, hiru pasabide izango ditu. Dagoeneko jarri dituzte bi zailenak, 80 metrotik gorako luzera dutenak, eta Ego ibaia, Deba ibaia eta GI-627 errepidea zeharkatzen dituzte, hurrenez hurren.
Eibarko Azitain auzoraino iristen den zatia, berriz, abenduan amaituko da, eta zati horretan beste bi pasabide jarri behar dituzte. Bidegorri osoak, beraz, lau pasabide izango ditu, zailtasun geografikoa gainditzeko eta bizikleten eta oinezkoen joan-etorriak ahalbidetzeko.
Ego ibaiaren gaineko pasabidea bisitatu ondoren, Rafaela Romero diputatuak ibilbide berriaren garrantzia azpimarratu du, baita lanak garaiz amaitzearen garrantzia ere: "oso pozgarria da guretzat erantzuna ematea Eibar eta Elgoibar bidegorri batekin lotzeko Debabarreneko herritarren eskaera historikoari. Gainera, nahiz eta testuingurua eta proiektua erronka handia izan diren, kontuan hartuta ibilbidearen orografia eta dagoeneko dauden azpiegiturak, bete egingo ditugu aurreikusitako epeak, aintzakotzat hartu beharreko egokitzapen eta eraginkortasun ariketa bat eginez, eta horrek poz handia ematen dit».
Bidegorri berri honek 5,1 milioi euroko aurrekontua du, eta 2,1 kilometroko luzera eta 3 metro inguruko zabalera izango ditu ibilbidearen zati handi batean; beraz, bizikleten eta oinezkoen joan-etorri arina eta segurua bermatuko du, behin betiko lotuko du Eibar-Maltzaga-Elgoibar ardatza eta, halaber, bizikleten eta oinezkoen arteko lotura osatuko du Debabarreneko bi herri jendetsuenen artean.
«Badakigu bidegorri berri hau beste pieza bat dela Gipuzkoa konektatu eta jasangarria eraikitzeko gure ahaleginean, eta mugarri garrantzitsu bat izango dela Debabarrenean garraio jasangarria sustatzeko ahaleginean; izan ere, laguntza paregabea izango da eskualdeko eguneroko joan-etorriak modu seguru, eroso eta osasungarrian egiteko", gaineratu du Rafaela Romero diputatuak.
Azitain-Maltzaga bidea Gipuzkoako bidegorrien sareari eransten zaio; sare horrek 353 kilometroko ibilbidea du eta gure lurraldeko eskualde guztiak lotzen ditu.
Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatzen du jarduketa hori , Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Operatiboaren esparruan.
2274