Breadcrumb

Asset Publisher

Back Diputazioak txoke Plana aktibatu da Covid-19 gaitzaren hedapenari aurre hartzeko

Diputazioak txoke Plana aktibatu da Covid-19 gaitzaren hedapenari aurre hartzeko

Erakundeak “beharrezko diren baliabide guztiak” jarriko ditu birusa gelditzek, foru bozeramaileak esan duenez.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du Covid-19ak sortutako osasun krisiari aurre egiteko erakundearen Gizarte Politika departamentuaren ardurapean daude baliabide eta zerbitzuetan aplikatzeko Txoke Plana. “Plan honekin, mundu mailan aurrekaririk ez duen egoera honi modu estrategiko eta koordinatuan erantzutea bilatzen dugu, baino arlo guztietan eragiten ari dena: osasun arloan, sozialean eta ekonomikoan”, esan du Eider Mendoza foru bozeramaileak. “Foru erakundeak beharrezko diren baliabide guztiak jarriko ditu birusari ahalik eta azkarren aurre hartzeko”, gaineratu du.  

            Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur streaming bidez, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartutako erabakien berri emateko. Bilera honetan, diputatuen erdiak bideo dei bidez hartu du parte. Gizarte Politiketako Txoko Planaren inguruan, adierazi du departamentu honen barruan Covid-19ak eragin duen osasun krisiari erantzuteko kabinetea osatu dela, eta organo honek lau helburu estrategiko zehaztu dituela, aipatutako Txoke Plana zutabeak direnak. Hauek gauzatzeko, ezohizko 56 neurri planteatu dira, 240 zentrori eragiten diotenak eta, hauetan, 7.000 pertsonari ematen zaie arreta.

Lehen helburua da birusaren hedapenari aurre hartzea, horretarako “beharrezkoak diren baliabide guztiak erabiliz”. Horregatik, duela bi astetatik, eguneko arreta zenbait zerbitzu bertan behera geratu dira, behin behinean.       Bestalde, Osasun Publikoarekin elkarlanean, zentro guztietara gomendioak eta protokoloak igorri dira aurre hartzeko eta, behar den kasuetan, Covid-19gatik positibo eman duten kasuetan edo susmoa dagoenetan esku hartzeko. Gainera, adinekoentzako edo desgaitasuna duten pertsonentzako zentroetan dauden erabiltzaileak eta beraien etxeetara tokialdatzea eskatzen dutenen kasuan, beraien egoerak posible egiten badu, beraien etxeak egokitzeko beharrezkoak diren laguntza teknikoa eskainiko zaio. Gainera, dirulaguntza emango zaio familian jasoko duen zaintzagatik. Hau guztia, egoitzan duen plaza galdu gabe.

Planak jasotzen duen bigarren helburuak, bozeramailearen hitzetan, “ahal den neurrian birusaren hedapenari eustea du helburu, jada positiboak dituzten zentro eta zerbitzuetan”. Horretarako, suhiltzaileen foru zerbitzuaren laguntzarekin, egoitza batzuk desinfektatzen hasi da Aldundia, garbiketa zerbitzu “integral eta berezi” baten bitartez. Zerbitzu hau Gipuzkoako egoitza guztietara hedatuko da, eta gutxienez astean behin egingo da. Bestalde, euste ariketa horren testuinguruan, Mendozak gogoratu du “jada martxan dagoela Donostian Gurutze Gorriak duen zentro soziosanitarioa, 120 lagunentzako tokia duena. Bertan Gipuzkoako egoitzetan koronabirusagatik positibo eman duten pertsonak ari gara artatzen”. Atzo iritsi ziren lehenengo bi pertsonak baliabide horretara.

Gainera, jarraipen indibiduala eta egunerokoa egiten ari zaie egoitza guztiei, kasu positibo, susmagarri edo frogak egiteko zain dauden guztiak ezagutzeko. “Jarraipen hau erabiltzaileei zein langileei egiten zaie, Gipuzkoako egoitza sarearen egoerari buruzko argazki osoa lortzeko. Eta, aldi berean, zentro bakoitzak dituen ekipo eta material beharrak jasotzen ditugu, eta ahalik eta azkarren ari gara erantzuten.”, adierazu du Mendozak.

Hirugarren helburuak “larrienak diren egoerak” indartu nahi ditu, zerbitzu, baliabide eta erreminta berriekin. Horretarako, egoitzetako erabiltzaileetako familientzat arreta eta babeserako zerbitzu berria jarri da martxan. Bestalde, arretarako azpiegitura berriak ireki dira, Hondarribiako egoitza esaterako. Helburua da Covid-19 birusa izan dezaketen eta etxebizitza esklusioa duten pertsonei arreta ematea. Gainera, eta eguneko zentroen behin behineko itxiera dela eta, adostu da zentro hauetako langileak eskualdez eskualde dauden egoitzetako plantilak indartzera pasatzea. Erreserba dispositibo bat ere aktibatu da Gipuzkoan, egoitza guztietako sukalde eta garbitegi hornidurak bermatzeko, behar izanez gero. 

“Azkenik, baina garrantzi handiko puntua baita ere, Gipuzkoako Foru Aldundia ahalik eta modu gardenean ari da krisi honen kudeaketa ematen. Horregatik, Txoke Plan honek, bere laugarren helburuan, erabiltzaileak eta familiak informatu nahi ditu, baina baita Gipuzkoako gizartea ere”, azaldu du Eider Mendozak. Alde batetik, bihartik aurrera zerbitzu sozialetako erabiltzaileen eskura jarriko da TeleZAINTZA (900 43 43 43) telefono zerbitzua. Honek “zerbitzu kartera berezia eskaintzen du gizarte zaurgarritasun momentu hauetarako, eta Covid-19 birusak eragin duen osasun krisia dela eta”. Zerbitzu hauen artean, babes psikosoziala edota laguntza ekonomikoen ofiziozko eskaerak egitea daude.

Bestalde, komunikazio sistema ezarri, egoitza denetan bermatzen duena erabiltzaileen eta beraien familien artean sare segurua izatea. “Zentro batzuetan jada martxan dago, eta lanean ari gara falta direnetara hedatzeko”, adierazi du bozeramaileak. Gainera, kasu positiboak dauden zentroetan, egoitzetako arduradunak familia guztiak egunero informatu behar ditu, beraien senitartekoen bilakaerari buruz eta egoitzaren egoerari buruz.

“Eta garrantzia dauka, baita ere, aldiro Gipuzkoako gizarte osoari eskaintzen diogun informazioa. Alde batetik, gaur aurkezten ari garen neurriak onartzeari buruzko informazioa eta, bestetik, lurraldeko egoitzetan ematen diren kasu positiboen eta etorkizunera duten bilakaeraren jarraipena”, itxi du foru bozeramaileak. Amaitzeko, erakundearen esker ona adierazi die Mendozak egoitzetako langileei, familiei, erabiltzaileei, osasun arloko langileei eta gizarteari bere osotasunean erakusten ari diren ardura eta lankidetzarako borondateagatik. “Aurrekaririk ez duen osasun krisi honi aurre egiteko modu bakarra guztion artean aurrera egiten jarraitzea da, egoerak eskatzen duen ardura eta seriotasunarekin”, gaineratu du.

 

Neurri fiskalak

Kontseiluak hartu duen bigarren erabakia Foru Dekretu-Arauaren onarpena da, Covid-19aren hedapenak sortu duen egoerari aurre egiteko zerga neurriak jasotzen dituena. Mendozak gogoratu duenez, Aldundiak azken egunetan gerorapenen inguruan hartutako erabakiekin autonomoei eta enpresei likidezia eman nahi izan da, dauzkaten zerga betebeharrak behar bezala bete ditzaten. “Eta hauxe da gaurko Kontseiluan onartu duguna: epeak atzeratu eta malgutzea, batez ere jarduera ekonomikoak egiten dituzten eragileei margena eskaintzeko”, adierazi du.

            Onartu diren neurrien artean, gerorapenak indartzeko neurri ezaguna dago: foru Ogasunak modu automatikoan emango ditu gerorapenak 300.000 euroko muga bateraino, bermerik gabe, eta 24 hilabeteko itzulketa epearekin. “Puntu honetan, azkartasunean jarri nahi nuke azpimarra: gerorapena eskatu, eta eman egiten zaio; beraz, autonomoek, enpresa txiki eta ertainek… Momentuan dute erabilgarri likidezia hori”, esan du foru bozeramaileak. Aurreiikuspenen arabera, neurri honekin eta egungo egoera dela eta urtean zehar gerorapenak 120 milioi eurotan haztea espero da. Martxan dauden gerorapenen kasuan, martxoko ordainketa hilabete atzeratzen da eta, hurrengo hilabeteetako ordainketen kasuan, bakoitza hilabete atzeratzen joango da.

            Bestalde, otsaileko borondatezko aitorpen eta autolikidazioak ordaintzeko epea apirilaren 27 arte luzatzen da, eta administrazioak egindako likidazioetatik datozen zerga zorrak eta epealdi exekutiboan dauden zerga zorrak ekainaren 1era arte luzatzen dira. Autonomoek, bere aldetik, ez dituzte urteko lehen bi hiruhilekotan PFEZaren ordainketa zatikatuak egin beharko eta, ondorioz, 32 milioi euro liberatzen dira kolektibo honen alde. Azkenik, itzulketen arloan, langileria indartu da batez ere BEZan, itzulketa epeak murriztu eta lehengo helburu berdinarekin: gure enpresa eta autonomoei ahalik eta azkarren likidezia itzultzea.

“Neurri hauek guztiak denbora epe labur honetan egitea posible zen azterketa eta hausnarketa prozesurik sakonenaren ondorioa dira, eta denak ere Eusko Jaurlaritza, gainerako Aldundiak eta Eudelekin kontrastatu ditugu”, esan du Mendozak. “Ohi bezala”, Gipuzkoako foru Ogasunak ardura eta zuhurtziaren irizpideei jarraiki hartu ditu erabaki hauek. “Enpresei eta autonomoei helarazi nahi diegun mezua zera da: krisi honetan, Ogasuna laguntzeko dago, bidelagun izan nahi du, eta ondorioz, betiere legearen barruan, malgutasunez jokatuko dugu hauez gaindiko beste edozein erabakietan ere. Ekonomia da zerga bilketaren iturria eta, honenbestez, Ogasuna eragile aktiboa izango da iturri horren osasuna zaintzerako orduan”, gaineratu du.

Azkenik, Mendozak gogoratu du zerbitzu publikoak Ogasunak biltzen duenaren bitartez finantzatzen direla, hauen artean osasuna bezalako sektore kritikoak. Hala ere, adierazi du zerga bilketaren oinarrian jarduera ekonomikoa dagoela, “eta ikusteko dago zein izango den ezohizko egoera honen bilakaera”. Hori dela eta, gaur gaurkoz, eta egoera honek zenbat iraungo duen jakin gabe, “ia ezinezkoa” da Covid-19ak eragindako osasun krisiak eragingo dituen kalteak kuantifikatzea. “Badakigu gaur onartuko ditugun neurrien efektua 300 milioi ingurukoa izango dela. Ondorioz, argi geratzen da inpaktu nabarmena izango duela, eta urte hasieran jarri genituen zerga bilketa helburuetara ez garela iritsiko”, ohartarazi du, gogoratuz honek maila administratibo ezberdinen baliabide erabilgarrien murrizketa ekarriko duela.

  

2745