Udalak eta Aldundiak Argixao Atletismo pista berrituko dute
Udalak eta Aldundiak Argixao Atletismo pista berrituko dute
Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die.
Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".
Itxaso: “Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”.
Mikel Serrano Zumarrago alkateak eta Denis Itxaso Kultura eta Kiroletako Departamentuko diputatuak hitzarmena sinatu dute Argixao Atletismo pista berritzeko. Proiektuak 274.526 euroko aurrekontua du eta Aldundiak 136.263 euro jarriko ditu.
Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.
Argixao udal estadioa 1971n eraiki zen, eta atletismo pista 1994an egin zitzaion. Hori dela eta, ez ditu betetzen gaur egun kirol instalazioek bete behar dituzten baldintza tekniko eta funtzionalak, eta, beraz, osorik eraberritu behar da.
Atletismo pistak sei kale eta 400 metroko buelta du. Atletismo pistaren eraztunaren barruan belar artifizialeko zelai bat dago. Azken urteotan, Argixao kirolgunean belar artifizialeko beste futbol zelai bat eraiki da, herrian dagoen eskari handiari erantzuteko. Horren osagarri, tenis eta padel pista bana dago.
Egin nahi diren jarduketen artean, gaur egun dagoen tartana kendu, asfaltozko oinarria berreskuratu, geruza sintetiko berria eman, eta kaleak eta saltoak egiteko guneak markatu nahi dira. Era berean, barruko eraztuna eraberritu nahi da, proba bakoitzeko distantziak adierazita.
Kirol instalazio hau klubek (Goierri Garaia Atletismo taldea eta Atletas Populares kluba) eta herriko ikastetxeek erabiltzen dute gehienbat.
Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".
“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok.
Bai Zumarragako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.
1525