Udalek laster jasoko dute 2014ko denboraleak eragindako kalteengatiko diru laguntza
Udalek laster jasoko dute 2014ko denboraleak eragindako kalteengatiko diru laguntza
Foru Aldundiak oraindik ordaintzeke zeuden diru laguntzen ordainketa osoa jaso du Gobernu Zentraletik.
2014. urte hasieran izandako itsas eta haize denboraleak Kantauri kostaldean eragin zituen kalteengatiko diru laguntzaren zenbateko osoa jaso du Aldundiak Gobernu Zentraletik. Izan ere, Gipuzkoa bereziki kaltetua izan zen denborale hartan. Imanol Lasa bozeramaileak jakinarazi du foru erakundeak «lehenbailehen» ordainduko dizkiela zenbateko horiek lurraldeko udalei: Donostiakoak 1.125.604,79 euro jasoko ditu, Zarauzkoak 267.601,5 euro, eta Debakoak 3.127,32 euro. Gainera, azkeneko ordainketa honetan, Aldundiak 389.722 euro jaso ditu Estatutik, bide azpiegiturek jasandako kalteen ondoriozko gastuaren zati bat ordaintzeko. Zenbateko horiei 2017ko maiatzean jasotakoak gehitu behar zaizkie: 133.895,19 euro Donostiako Udalari eta 223,18 euro Debakoari.
Jasotako diru laguntzekin honako lan hauen kostuaren erdia ordainduko da: Donostiako Udalak 31 jarduketa egin zituen, horien artean, aipatzekoak, Zurriolako zubiko zerbitzu galeria, Kontxako pasealekuko baranda eta ostikoak, eta Pasealeku Berriko hiri altzariak, argiteria eta baranda. Foru Aldundiak bederatzi jarduketa egin zituen, besteak beste, GI-634 errepideko Zarautz eta Getaria bitarteko eustorma egonkortzea, eta Irun, Hondarribia eta Azkoitiko luiziak konpontzea. Zarauzko Udalak Iñurritzako oinezkoen pasabidea konpondu behar izan zuen, eta Debako Udalak hainbat konponketa txiki egin zituen herrian zehar.
Lan horiek guztiak kasuan kasuko erakundeek ordaindu zituzten. «Bere egunean, bai Eusko Jaurlaritzak, bai Gipuzkoako erakundeek, azkar eta eraginkortasunez erantzun genuen, azken hamalau urteetako denborale gogorrenaren ondoren lehenbailehen normaltasuna berreskuratu ahal izateko. Erronka bat izan zen kudeaketari dagokionez, baina baita erronka ekonomikoa ere, lurraldeko erakundeek ordaindu behar izan baikenituen jarduketa guztiak, krisiaren unerik gogorrenetako batean. Horregatik, eta atzerapenarekin bada ere, sekulako albistea da Gipuzkoako herritarrei zor zitzaien diru hau jaso izana, arnasa emango baitie bere garaian kopuru handiak ordaindu zituzten udaletako diruzaintzei» azaldu du bozeramaileak.
Deialdia 2015eko maiatzean egin zen, denboralea izan eta urtebete eta hiru hilabete igaro ondoren, eta esleipena urte horretako azaroan egin zen. Aldundiak, bitartekari gisa, Gipuzkoan egin behar izan ziren konponketa lanen justifikazio agiriak eta esleipen ziurtagiriak aurkeztu zituen. Foru gobernuak behin baino gehiagotan gogorarazi dio Madrili ordainketa egiteke zegoela, hasieran barruko bideetatik, eta gero baita publikoki ere: «Orain, azkenean, bete da agindutakoa».
Lasak azpimarratu du inplikatutako erakunde guztiek gertatutakoa «gogoan hartu» behar dutela, eta «elkarrekin eta eraginkortasunez» lan egin, muturreko fenomeno meteorologikoei erantzuteko, «antza denez gero eta ohikoagoak izango baitira, eta gure kostaldea bereziki kaltetua izango baita». Gogorarazi du Aldundia Klima Aldaketaren inguruko institutua diseinatzen ari dela, eta Zubietako Ingurumen Gunean kokatuko dela. «Klima aldaketari aurre egitea da mende honetako erronketako bat, bai ingurumenari dagokionez, bai politikari dagokionez, eta ekonomia jasangarriko eredurantz aldatu eta igarotzeko motorra ere izango da. Ezinbestekoa da gizarte osoa inplikaraztea, eta sare bat artikulatzea, enpresekin eta ikerketa zentroekin, errealitate honi aurre egiteko ezagutza aurreratua eta jardunbide egokiak eskuratu ahal izateko», esan du azkenik bozeramaileak.
1522