Udalekin koordinazioa indartu da krisiaren ondorioak aztertzeko
Udalekin koordinazioa indartu da krisiaren ondorioak aztertzeko
Pandemiak izango dituen efektuei aurre egiteko neurriak partekatu eta kontrastatu dituzte foru arduradunek Gipuzkoako alkateekin.
Lurralde osoko herri eta hirietako ordezkariekin bilera antolatu du gaur goizean Aldundiak, udalerriekin indarrean dagoen komunikazioa indartzea eta Covid-19a gizartean eta ekonomian eragiten ari den inpaktuagatik hartzen ari diren neurriak kontrastatzea helburu. Lan topaketa, bi txandatan banatuta, modu telematikoan gauzatu da eta, bertan, pandemiaren efektuak geldiarazi eta prebenitzeko foru erakundea hartzen ari den neurri eta zerbitzuen berri jaso dute gipuzkoar alkateek.
Markel Olano diputatu nagusiak gidatu du bilera; berekin izan ditu, baita ere, Imanol Lasa, Jose Inazio Asensio, Maite Peña eta Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapena, Ingurumena, Gizarte Politika eta Ogasuneko diputatuak, hurrenez hurren. Bideokonferentzia bidezko lehen bilera 10:30ean egin dute, Urola Garaia, Goierri eta Tolosaldeako alkateekin. Bigarrenean, berriz, 12:30ean jarri dute hitzordua gainontzeko eskualdeetako ordezkariekin –Debagoiena, Debabarrena, Urola Erdia, Urola Kosta, Buruntzaldea, Oarsoaldea eta Bidasoa–. Datozen egunetan diputatu nagusiak bilera egingo du baita ere Eneko Goia Donostiako alkatearekin.
Konfinamendu egoerari eta pandemia beraren eraginari aurre egiteko Gipuzkoako udalak egiten ari diren lana “aitortu eta eskertu” nahi izan du Olanok, “batez ere” krisialdi honetan egoera zaurgarrienean dauden kolektiboak “babestu eta laguntzeko” egiten ari diren ahaleginagatik. “Lurraldean indarrean dugun gizarte politiketako eredua erakundeen eta elkarteen arteko elkarlanean oinarritzen da. Eredu hori modu sendo batean erantzuten ari da egoera larri horretan. Oraindik geratzen zaizkigun konfinamendu egunak eta, modu berezian, koronabirusaren zabalkundeak berekin dakarren krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean, koordinazio hori indartzera dei egin nahi dugu”, azaldu du.
Alkateek bilerara ekarri dituzten ideiak eta proposamenak entzuteaz gain, diputatu nagusiak berretsi nahi izan du udalerriekin “komunikazioa indartzeko” borondatea, kontuan izanda datozen hilabeteetan Gipuzkoak “ezohiko” egoera bati aurre egin beharko diola. “Elkartasuna eta kolaborazioa, horiek dira egoera honen aurrean gure norabideari eutsiko dioten bi zutabeak. Horiek izango ditugu lehentasun, epe laburrera eta epe ertainera, kontuan izanda dagoeneko gure inguruan sentitzen hasiak garela egoera honek ekarriko dituen hainbat ondorio sozial eta ekonomiko. Modu koordinatuan eragitea eta lan egitea, horixe da krisi honen aurrean gizartea eta enpresak babesteko modu eraginkorrena”, osatu du.
Olanok, aldi berean, finantza alorrean “zuhurtziaz” jokatzeko gonbitea luzatu die udalei. Izan ere, aurreikuspenen arabera datozen hilabeteetan diru-bilketaren jaitsiera etorri daiteke eta horrek erakunde maila guztietan baliabideak murriztea ekar lezake, Jaurlaritzatik hasi eta udalerrietaraino.
“Larrialdizko” neurriak
Landutako gaien artean, alkateek beren ikuspuntuak eman ahal izan dituzte gizarte politiken alorrean Aldundiak abiarazitako Txoke Planaren inguruan. Egitasmo honek 56 neurri proposatzen ditu, zeinek eragiten dieten lurralde osoan barreiatutako 240 zentrori eta horietan bizi diren 7.000 pertsonei. Lau helburu ditu plangintza honek: gune horietan guztietan birusaren zabalkundea saihestea, dagoeneko kutxatzeak eman diren zentro horietan gaitzari eustea, baliabideak indartzea eta transparentziaz kudeatzea.
Gainera, enpresa txiki eta ertainetan zein autonomoetan azpimarra jarrita, foru erakundea ekonomiaren alorrean abian jartzen ari den “larrialdizko” neurri sorta azaldu dute foru erakundeko arduradunenek.
Aldundiak eta administrazioek dagoeneko hartutako neurrien artean, honako hauek daude: neurri fiskalak, 300 milioiko eragina izango dutenak; urteko lehen hiruhilekoari dagozkion autolikidazio eta aitorpenak aurkezteko epea ekainaren 1era atzeratzea autonomo, mikroenpresa, enpresa txiki eta irabazi asmorik gabeko elkarteei; enpresa txikietan telelana ezartzera bideratutako gastuak laguntzeko laguntza lerroa, 450.000 eurorekin; jarduera ekonomikoa bultzatzearekin lotutako dirulaguntzen programetan bete beharreko baldintzak malgutzea; Elkargik berariazko mailegu lerro bat abian jartzea; garapen agentziekin batera online plataforma bat sortzea, dirulaguntzak eskuratzea errazteko; 100.000 euroko zuzkidura duen dirulaguntza lerro berria, zerbitzu turistikoen sektoreko autonomo eta enpresa txikiei zuzenduta; eta Aldundiak krisiaren ondorioz bertan behera geratzen diren ekitaldi, azoka edo jarduerak finantzatzeko hartutako konpromisoak betetzea.
1804