Breadcrumb

Asset Publisher

Back Udaleku teknologikoa kultura digitalean trebatu nahi duten gazteentzat

Udaleku teknologikoa kultura digitalean trebatu nahi duten gazteentzat

Udabizi informazio baliabide berri bat jarri da martxan

2017/05/09

Goizane Álvarez Gazteriako zuzendariak aurkeztu ditu Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustatu dituen campus teknologikoa eta udalekua, programazioan eta kultura digitalean trebatu nahi duten gazteei zuzendutakoak. Gainera, Udabizi informazio baliabide berri bat martxan jarri dela iragarri du Alvarezek. Orain arte erabili den Udatxokoren lekua hartzera dator, garaiko joerei jarraituz.

Bertan biltzen da Gipuzkoako haurrek, nerabeek eta gazteek udan zehar aisiaren alorrean egin ditzaketen ekintza interesgarriei buruzko informazioa, atal hauetan banatuta:

  • Udaleku irekiak
  • Udaleku itxiak eta kanpamentuak
  • Auzolandegiak
  • Lankidetza eta bidaia solidarioak
  • Begiraleen lan-eskaintzak

Tresna berri hau oso baliagarria izango da familientzat, udako ekintzak topatzeko, eta, erakundeentzat, antolatzen dituzten ekintzak zabaldu ahal izateko.

Udabizi martxan dago gure web-gunean: www.gipuzkoangazte.eus/udabizi

Campus teknologikoa

Kultura Departamentuak, bestalde, zenbait ikastaro diseinatu ditu: irudien programazioa, Scratch programazioa, Lego robotika, bideojokoen programazioa, argazki edizioa, bideo edizioa, 3D animazioa eta web programazioa.

Ikastaroak Oronan (Hernani) izango dira, ikasleen jatorriari dagokionez berdintasuna bermatzearren, eta horretarako autobus zerbitzu bat jarri da martxan udalerri diferentetatik: Arrasate, Eibar, Irun, Beasain, beste udalerri batzuetan geldialdiak eginez.

Ikastaroak bi asteko iraupena izango du, uztailaren 3tik 14ra; hala ere, astebete bakarrik joateko aukera ere izango da.

Campus teknologiko horiek Oronan (Hernani) egin ziren aste santuan, eta orain errepikatu egingo da esperientzia udan.

Hezkuntzako iraultza digitalak ikasteko aukera berriak zabaltzen ditu. Programatzen jakin behar da. Inguratzen gaituzten makinek nola funtzionatzen duten, gailuen atzean zer teknologia dagoen jakin behar da. Programazioaren gakoa da, idazketaren kasuan bezala, behin ikasten denean, laguntzen duela taldean lan egiten eta ideiak komunikatzen, eta sustatzen dituela pentsamendu logikoa eta autozuzenketako prozesuak. Horri gehitu behar zaio gaztetan programatzen ikasten duten ikasleek genero estereotipo gutxiago izaten dituztela zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako ikasketen inguruan; eta eragozpen gutxiago izaten dituztela arlo horretako ikasketak egiteko.

Bi prezio daude ordutegiaren arabera: 210 euro goiz eta arratsaldeko txandetarako (09:30-16:30), eta 180 euro goizeko txandarako (09:30-13:30).

Bekak eskatu ahal izango dituzte guraso bakarreko familiek, familia ugariek, diru sarrerak bermatzeko errenta nahiz gizarte larrialdiko laguntza jasotzen duten familiek eta langabezia egoeran daudenek. Familia ugarientzat eta/edo guraso bakarreko familientzat % 50eko deskontuak ezarri dira. Diru sarrerak bermatzeko errenta nahiz gizarte larrialdiko laguntza jasotzen duten familia unitateei, eta kide guztiak langabezia egoeran dituzten familiei % 75eko deskontua egingo zaie. Halaber, % 10eko deskontua egingo da matrikulatutako bigarren seme-alabarengatik, eta hirugarrenetik aurrera doan izango da.

Beka horiek Gipuzkoako haurrentzat bakarrik izango dira.  Izena emateko epea maiatzaren 5ean ireki zen.

Udaleku teknologikoa

Udaleku teknologikoak ere antolatu dira, eta Hondarribiko aterpetxean egingo dira uztailean eta abuztuan, 8-16 urteko gaztetxoek euskaraz eta ingelesez programatzen ikasteko. Teknologiaz gozatzeko aukera izateaz gain, kirol jarduerak ere aurreikusi dira.

Bi txanda izango dira, eduki diferenteekin eta adin talde desberdinei zuzenduta. Uztailaren 16tik 22ra, 8 urtetik 12ra bitarteko ikasleei zuzendutako taldea. Scratch eta bideojoko programazioko, minecrafteko eta robotikako tailerrekin. Abuztuaren 20tik 26ra egingo den bigarren txandan (13-16 urte), jokoen programazioko, minecrafteko eta robotikako tailerrak eskainiko dira.

Txanda bakoitzean 40 plaza eskainiko dira. Izen-emateak maiatzaren 10etik aurrera egin ahal izango dira, plazak agortu arte.

Ikataroaren prezioa 250 euro da, eta zenbait laguntza aurreikusi dira: familia ugariek edo guraso bakarreko familiek % 30eko deskontua izango dute, eta kategoria bereziko familia ugariek % 50ekoa. Diru sarrerak bermatzeko errenta nahiz gizarte larrialdiko laguntza jasotzen duten familiek edo kide guztiak langabezia egoeran dituzten familiek % 85eko deskontua izango dute. Matrikulatutako bigarren seme-alabarengatik % 10eko deskontua egingo da, eta hirugarrenetik aurrera matrikula doan izango da. Beka horiek Gipuzkoako haurrentzat bakarrik izango dira.

Ikasgela ibiltaria

Udako hirugarren prestakuntza proposamena autobus bat da. Irizarren laguntzarekin ikasgela ibiltari bat prestatu da. Ikasgela ibiltari hori Gipuzkoako hainbat udalerritatik igaroko da uztailean. Programazio tailerrak eskainiko ditu “programatzen” lelopean.

Helburu nagusia da kodeko prestakuntzara iristeko dagoen etena desagerraraztea, lehenik eta behin lurralde etena ezabatuz, generoaren etenaz eta eten sozio-ekonomikoaz gain.

20 udalek baino gehiagok eskatu digute autobus ibiltaria beren herrietatik pasatzeko, beraz, orain, ikasgela ibiltariak uztailean egingo duen ibilbidea prestatzen ari gara. Ibilbidea zehaztutakoan, udal bakoitzari jakinaraziko diogu autobusaren egutegia.

 

  

2172