Udalerri berria eratzen duten erabakiko dute itsasoarrek irailaren 18an
Udalerri berria eratzen duten erabakiko dute itsasoarrek irailaren 18an
Aldundiak herri kontsulta deitu du egun horretarako, eragile guztiekin hala adostuta
Itsasoren desanexiorako kontsultak badu data finkoa. Aldundiak, Ezkio-Itsasoko Udalarekin, Itsaso Bherria elkartearekin eta Ezkioko Batzordearekin hala adostuta, foru dekretua kaleratuko du kontsulta egiteko irailaren 18an, igandean. Azkenean, foru erakundea izango da kontsultaren antolaketa bere gain hartuko duena, hala eskatu baitiote Ezkio-Itsasoko bizilagunek.
Modu horretan, babesa adieraziko dio hasieratik ezagutu eta erraztu duen prozesuari. “Itsasoko bizilagun guztiei hitza emanez, zirkulua ixten dugu hasieratik adostu genuen moduan. Antolatzailea Aldundia izatearen arrazoia bikoitza da; alde batetik, beharrezko bitarteko eta euskarriak eskaintzea. Eta, bestetik, horrekin irudikatu nahi dugu kontsultak gure babes instituzional osoa duela, eta baita beharrezko berme juridiko eta formalak ere”, nabarmendu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Kontsultan parte hartzera deiturik daude Itsasoko lurralde eremuan erroldatuta dauden bizilagunak, kontsulta egunean 18 urte dituztenak. Bertan, erabaki behar dute Ezkiorengandik bereizi eta Gipuzkoako 89. Udalerria eratzen duten ala ez, honako galderari “BAI” ala “EZ” erantzunez: “Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea? / ¿Estás a favor de que Itsaso vuelva a ser municipio?”.
1491