Breadcrumb

Asset Publisher

Back Urdanetak Asia eta Amerika artean deskubritutako itsasbidearen 450. urteurrena ospatu dute

Urdanetak Asia eta Amerika artean deskubritutako itsasbidearen 450. urteurrena ospatu dute

Legazpi-Urdaneta espedizioa oroitzeko jardunaldia antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Filipinetako kontsulatuarekin batera

Markel Olano diputatu nagusiak, Carlos Salinas Filipinetako enbaxadoreak, eta Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak Legazpi-Urdaneta espedizioaren 450. Urteurrena ospatu dute gaur goizean. Bidaia honi esker, munduko merkataritza bide inportanteenetako bat deskubritu zen: Pazifiko mendebaldea eta Asia, eta Amerikaren arteko lotura, hain zuzen. Aldundiko Tronu aretoan egindako jardunaldian, Andres Urdanetaren figuraren garrantzia gogoratu, eta Euskadi eta Filipinen arteko loturak goraipatu dituzte.

Legazpi-Urdaneta espedizioa euskal oinarriko enpresa izan zen nagusiki, euskal buruzagiak, tripulazioa eta neurri handi batean euskal kapitala eduki zuena. Euskal Herriaren nortasunaren, abentura irriken, eta ikasteko eta errealitate berriak deskubritzeko beharraren isla izan zen.  

Mexikoko Navidad portutik atera zen espedizioa, 1564ko azaroaren 21ean, eta 1565eko otsailaren 15ean lehorreratu Filipinak Uharteetan, bi herrien arteko harreman egonkorrak finkatuz. Misio honen ondorioz, Andres de Urdaneta ordiziarrak Amerikara itzultzeko itsasbide berria deskubritu zuen Ipar Pazifikotik, harrez gero “Urdaneta itsasbidea” edo “Tornavieja” gisa ezagutu dena. Nabigazioan mugarri izan zen deskubrimendu hau, hura baitzen Asiatik Amerikara nabigatzeko modu bakarra.

Urdanetaren txosten teknikoak erabakigarriak izan ziren Ozeano Pazifikoan garai hartan egindako deskubrimenduetan, Filipinetako asentamendua sortzeko batez ere. Urdanetak Legazpi eraman zuen bertara, eta honek Manila sortu zuen gero, Filipinetako hiruburua.

Jardunaldiaren barruan, Mikel Urretabizkaia kazetariak zuzendutako “Urdanetaren sekretua” dokumentalaren laburpen bat ikusi ahal izan da. Gainera, “Euskaldunak Filipinetan” liburua aurkeztu da. Marc de Borja filipinar diplomatikoak idatzi du, Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bildumaren barruan.

Gipuzkoako diputatu nagusiak eman dio amaiera jardunaldiari, Filipinetako enbaxadoreari harrera ofiziala eskaini ondoren. Foru jauregitik egindako bisitan lagundu du, eta Filipinan egindako XVIII. mendeko marfilezko gurutzea erakutsi dio, pasa den legealdian zaharberritu zena. Olanok azpimarratu duenez, Elkanok, Urdanetak eta Legazpik bide eman zioten euskaldunek Filipinetan mendeetan zehar eduki duten “presentzia aktibo eta jarraituari”. Halaber, deia egin die bertaratutakoei, bi herrien artean “historikoki izan diren lotura estuak” sendotzeko, “elkarlanerako eta garapenerako bide berriak irekiaz”. 

 

  

2161