Breadcrumb

Asset Publisher

Back Urola Garaiko ZaintzaLab esperientzia pilotuan artatu diren pertsonen %75ak hobera jo du eskainitako soluzioei esker

Urola Garaiko ZaintzaLab esperientzia pilotuan artatu diren pertsonen %75ak hobera jo du eskainitako soluzioei esker

Etxeko arreta pertsonalizatu eta berritzaileak proposatu zaizkio hauskortasun, mendekotasun edo mugikortasun murriztuko egoeran dauden eskualdeko pertsona talde bati, eredu berri bat lantzeko proba gisa

Gipuzkoako Foru Aldundia

Urola garaiko erakunde eta eragileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zainketa eta Gizarte Politiketako departamenduaren Zaintza HerriLab estrategiaren baitan garatu duten esperientzia pilotuaren ondorioen berri eman dute gaur Urretxun. Hala, arreta-eredu berri bat lantzeko helburuarekin, eskualdean hauskortasun, mendekotasun edo mugikortasun murriztuko egoeran dauden pertsonentzako etxeko zainketa zerbitzu eta baliabide berritzaileak aztertu, probatu eta eskaini dira urte bete iraun duen esperientzia pilotuan. Eskualde mailako esperientzia honetan 51 pertsonak bukatu dute proposatutako arreta-ibilbidea eta, horri esker, hobekuntzak eman dira kasuen ia %75ean, gaur ezagutzera eman duten txostenean jaso denez. Emaitzak eskuan eta balorazioak eginda, UG ZaintzaLab esperientzian sakontzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute erakunde eta eragile inplikatuek (Urola Garaiko Mankomunitatea, Gipuzkoako Foru Aldundia, UGLE eskola, UGGASA Garapenerako Agentzia eta Gogoa bioteknologia enpresa).

Zaintza HerriLab ekimen aitzindaria da Gipuzkoako udalerrietan tokiko zainketa-ekosistema berritzaileak sustatzeko eta, hain zuzen, lurralde mailan estrategia hau eskualde oso batera zabaldu den lehen esperientzia izan da Urola Garaian gauzatutakoa. Horretarako, eskualdeak urteetan landutako gaitasunak eta zerbitzu sozio-sanitarioak hartu dira oinarri moduan, hala nola ortoprotesika baliabideak, laguntza teknikoak eta neuro-errehabilitazioko sistema aurreratuak. Horretaz baliatuta, erakunde eta zerbitzu inplikatuek lankidetzan arreta-ibilbide pertsonalizatuak eskaini dizkiete Urola Garaiko paziente aukeratuei.

Jon Luqui, UGGASA-ko presidente eta Urretxuko Udaleko alkateak azaldu bezala, “proiektuaren jatorria 2022ko udaberrian kokatzen da, pandemiaren garairik gogorrenean, Gipuzkoan zainketen ereduaren trantsizioan etapa berri bat ekiteko beharra sumatu zenean, alegia.” Estrategia adimentsu berri horrek, alde batetik, Onbideratu eskualde-estrategia soziosanitarioa biltzen zuen, ekintzailetzan eta prestakuntzan oinarritua. Eta, bestalde, mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretaren jarduera eta enplegua sortzeko potentziala aprobetxatu nahi zuen.

Ekimen honek, Eskualdeko Lehiakortasun Estrategiaren lan-ildo garrantzitsu bat eragile publiko eta pribatuek bat eginda praktikara eramatea eragin du. Luquiren hitzetan “zehazki, garatzen ari diren sektoreetan espezializazio adimendunaren estrategia hedatzeko eta horretan aurrera egiteko balio du. Gure kasuan, bi ekintzatan gauzatzen da: lehenengoa, Onbideratu lankidetza soziosanitarioko eskualde-estrategia dibertsifikatuz, eta abian jarritako ekimenak ekintzailetza eta prestakuntza bereziki azpimarratuz. Bigarrena, berriz, mendekotasuna eta desgaitasuna arreta jarduera eta enplegua sortzeko potentziala aprobetxatuz.”

“Azpimarratzekoa da, halaber, azken bi urte hauetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuaren laguntza tekniko eta ekonomikoarekin oso lan handia eta koordinatua egin dela Urola Garaiak duen potentziala aprobetxatuz, oso modu pertsonalizatuan artatu den kolektibo zehatz batera zuzendu dena”, gehitu du Uggasako Presidenteak.

Amaitzeko zera adierazi du “espero dut proiektuaren emaitzek aukera emango dutela eskaintzen ari diren zerbitzuen hobekuntzan eta berrikuntzan are gehiago sakontzeko, eta Gipuzkoako beste leku batzuetara eskalatzeko.”

Itziar Salaberria, UGGASAko Zuzendari-Gerenteak proiektuak eskualdean izan duen bilakaera azaldu du. “UG ZaintzaLab proiektua 2023an hasi zen eta guztira 13 hilabete iraun ditu. Lankidetzan aritu garen erakunde guztiek partekatutako helburua genuen: eskualdean mendekotasuna edo desgaitasuna zuten pertsonen autonomia eta bizi kalitatea hobetzea.” Salaberriak datu esanguratsuak eman ditu ezagutzera, gainera, “pazienteen autonomia mailari dagokionez, proiektuaren hasieran eta bukaeran neurtutako eskalen emaitzak konparatu direnean, prozesua amaitu duten pertsonen %74,5ek izan dutelako hobekuntza bat. Eta horietako %21ak hobekuntza oso nabaria izan dela azaleratu da.

Zaintza HerriLab Estrategia

Maite Peña, Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak azaldu du Zaintza HerriLab, Gipuzkoako Foru Aldundia lurralde osoan zehar zabaltzen ari den estrategia dela, 13 udalerritan eta eskualde batean. Hala, udalerri ala eskualde bakoitzak zaintza ekosistema propioa garatu, sendotu eta hobetzeko esperientziak abiarazten ditu. “Egoera, erronka eta behar konkretuei erantzun eta arreta berezitua ematea da gure helburua”, azpimarratu du Peñak. “Urola Garaiko kasuaren esperientzia eta emaitza positiboekin, onuragarria da eskualdearentzat eta arreta jaso duten pertsonentzat;  hala nola, ikaspen azpimarragarriak utzi dizkigu lurralde osorako ere”, gehitu du.

Esperientzia hauen bidez bilatzen dena da adinekoei eta mendeko pertsonei beren etxeetan ahalik eta denbora gehien egoten uztea, betiere kalitatezko arreta eta zaintza bermatzen bazaie. Estrategiaren helburua da pertsona horien bizi-kalitatea hobetzea eta haien independentzia sustatzea, udalerri bakoitzean gauzatzen diren zenbait proiekturen bidez.

Xabier Arratibel, UGLEko zuzendariak ere bere ikuspuntua eskaini du prentsaurrekoan: “Ez da proiektu soil bat izan, parte hartu duten herritarrengana iritsi eta beraien bizi kalitatea hobetzea lortu da. Diagnostiko integral zehatza egitea garrantzitsua izan da, identifikatutako arazoei ahalik eta konponbide egokiena emateko. Horretarako, ezinbestekoak izan dira UGLEko fisioterapia eta ortoprotesika teknikarien ekarpenak.” Honetarako, parte hartzaileen laguntza teknikoen azterketa egin da eta produktu berrien esleipena, erabilera egokiaren azalpenak eman eta parte hartzaileen eta zaintzaileen segurtasun pertzepzioa hobetu da.

Carlos Fernández, Gogoa enpresako ordezkariak amaitu du prentsaurrekoa. Bere hitzetan “Gogoak Zaintza Lab proiektuaren esparruan garatu duen neuro-errehabilitazio intentsiboari esker, artaturiko pertsonen bizi-kalitatea nabarmen hobetu ahal izan da. Azpimarratzekoa da pertsona guztiek lortu dutela beren errehabilitazio-helburuetan aurrera egitea, mendekotasun-mailak murriztuz eta beheko gorputz-adarren (ibilaldiak) zein goiko gorputz-adarren (esku eta besoen funtzionaltasuna) mugikortasuna handituz.”

  

12339